BBVAk Sabadellen gainean aurkeztutako erosketa publikoko eskaintza "eskuliburuetarako modukoa" dela esan du Onur Genç-ek KPMGk eta Expansiónek antolaturiko XV Topaketa Finantzarioan. Aitzitik, topaketa berean erantzun nahi izan dio César González-Bueno Sabadelleko kontseilari delegatuak Gençi: "Oso operazio konplikatua da. Ez du zentzurik". Sabadellekoak uste du erosketa ez dela gertatuko, hura arrakastatsua izan dadin ezinbesteko hiru arrazoiak ez baititu betetzen: prezio erakargarria, erosketa akordio lagunkoia, eta gizarte babesa eta babes politikoa.
Akziodunei eskainitako prima "soilik %3koa dela" nabarmendu du González-Buenok. "EEPa abiarazi zenean esaten zen azken hiru hilabeteetako kotizazioko %30 eskaintzen zela. Baina kontua da orduan Sabadellek oso merke kotizatzen zuela". Halaber, "faltsutzat" jo du kotizazio horren igoeran EEPak zerikusirik eduki izana. "Sabadellek %60 igoera zuen urtarriletik, operazioa ezagutzera eman aurretik", plazaratu du.
EBZren eta CNMVren oniritzia lortu ostean, lehiaren batzordeko oniritziaren zain dago BBVA Sabadellen erosketa aurrera eramateko.