“Urte paregabea da guretzat, bizitzan behin pasatzen den horietakoa. Cinco Lobitosekin egiten ari garen bidaia oso polita izaten ari da”, dio Nahikari Ipiña Sayaka produccioneseko bazkide eta film ekoizleak Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrak zuzendutako pelikulak jasotako izendapenei buruz galdetuta. Proiektuak aurrera ateratzea zaila den sektore batean, halako harrera positiboa izan duen batek sekulako poza eragin die Sayakako bazkideei, ez da gutxiago ere. Izendapen zein sariak baino, ikusleen partetik jasotako feedbacka izan da bereziki baloratu dutena. Halaber, Cinco Lobitos filmeaz gain, Borja Cobeagak zuzendutako ekoiztetxearen No me gusta conducir telesailak hiru sari lortu ditu urtarrilak 29an Zaragozan ospatutako Feroz sarietan.
Ipiña eta Cobeagak, Koldo Serra, Nacho Vigalondo eta Borja Cresporekin batera sortu zuten 2005ean Sayaka producciones ekoiztetxea, eta laburmetraia propioak ekoiztetik, izendapen eta sariak jasotzen dituzten filmak egitera igaro dira ia 20 urteko ibilbidean. “Hasieran film laburrak eta bideoklipak bezalako proiektuak jorratzen genituen, eta gerora beste zenbait ekoiztetxerekin batera film luzeak koproduzitzen hasi ginen, Pagafantas, esaterako”, azaldu du Ipiñak. 2010 urtean egin zuten euren lehen pelikula ekoizle nagusi gisa, Nacho Vigalondoren Extraterrestre, hain zuzen.
Zer da ikus entzunezko proiektu bat produzitzea?
Zinema munduan zuzendari zein aktore bezain figura aski ezaguna da ekoizlearena. Aitzitik, gehiengoak ez daki zehazki jorratzen duen jarduera zertan datza. Horri buruz galdetuta, Ipiñak aitortu du bere senitarteko batzuk ere ez dakitela oraindik zer egiten duen. “Hainbat kargu daude. Laburbilduz ekoizleak pelikula errodatzeko finantzazioa bilatzen du, baina, aldi berean, sormen alderdi bat ere eduki behar du, zuzendariaren eskutik doan figura baita, filmaren jabea nolabait esateko”, azaldu du. “Nahasketa organiko” bezala definitzen du jarduera: alde batetik, finantzazioa eta, bestetik, zuzendaritza, gidoia eta gainontzeko departamentuekin sorkuntza kolaborazioa.
Sayaka Produccionesen egitura estandar edo oinarrizko bost eta hamar pertsonako lan taldea izan ohi da. Haatik, proiektu kopuru edota film baten fasearen arabera, langile gehiago edo gutxiago behar izaten dituzte
Film bat burutzeko proiektuak hainbat diru-iturri behar ditu. Erakunde publikoen babesa lortzeaz gain, aurre salmenta pribatu bidez eskuratu ohi da finantzazioa. “Diru-iturri publikoak ez dira filmaren %40-50% baino gehiago izaten”, ekoizleak dioenez. Aurre salmenta pribatuak, telebistak, zinemak eta banatzaileei pelikula grabatu aurretik saldutako eskubideak izan ohi dira. Torloju fabrika batekin egiten du konparaketa bazkideak: “Ni torlojuak fabrikatu aurretik burdindegira joango naiz, jabearekin negoziatu eta diru kopuru baten truke torlojuak egingo dizkiot”. Burdindegia ikus-entzunezko munduan telebista edo zinea izango litzake. “Demagun, telebistak emisio eskubideak erosten dizkizula. Pelikula egingo duzunaren konpromisoa hartu eta urtebetera filma entregatzen duzu”.
Baina, ikus entzunezko bat produzitzea prozesu luzea eta nekeza da gero, “iraupeneko lasterketa” bezala, dio Ipiñak. “Urteak behar izaten dira proiektu bat altxatzeko”. Ekoizle eta zuzendariekin etengabeko harremanean aritzen dira, ideiak elkarbanatuz, gerora baten aldeko apustua egin eta hura garatzeko. Beste zenbait ekoiztetxe eta zinemagilerekin ere ari dira elkarlanean. “Pixkanaka”, esan du Ipiñak. “Ez gara oso handiak, eta etxeko bazkideen proiektuekin lan egitea gustatzen zaigu”, gehitu du.
Eskusoinu baten gisako jarduera
Sayaka Produccionesen egitura estandar edo oinarrizko bost eta hamar pertsonako lan taldea izan ohi da. Haatik, proiektu kopuru edota film baten fasearen arabera, langile gehiago edo gutxiago behar izaten dituzte. “Eskusoinu baten gisa funtzionatzen dugu. Sektore honetan lan taldearen tamaina asko aldatzen da. Langile askoz gehiago gara aurreprodukzio fasean sartzen garenean, adibidez, hau da, filmatzen hasi aurreko hilabeteetan. Hamar langiletik berrogeita hamarrera pasa gaitezke erraz”.
Horrez gain, ekoiztetxeko bazkideak uste du nomada kutsua ere baduela euren lanak. “Hemen inguruan errodatzen saiatzen gara ahal dugun guztietan, baina beste batzuetan basamortura joan behar dugu. Sektoreak ezaugarri aldakor batzuk ditu, eta egokitu beharra dago”.
Nahikari Ipiña: “Sektore honetan lan taldearen tamaina asko aldatzen da. Langile askoz gehiago gara aurreprodukzio fasean sartzen garenean, adibidez, hau da, filmatzen hasi aurreko hilabeteetan"
Euskal Herrian errodatzea da beti euren lehen nahia, tartean goi mailako ekipo teknikoak aurki daitezkeelako bai Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Are gehiago, zerga-pizgarriak igo dituzte Bizkaian, eta hori aprobetxatu nahian dabil produkzio-etxea. “Produkzioa handitzen ari diren ekipo tekniko bikainak ditugu hemen inguruan. Gainera, plataformak iritsi zirenetik, lan-ekoizpen gorakada handia izan da sektorean”, nabarmendu du bazkideak.