Talgoren administrazio kontseiluak Sidenor talde industrialarekin negoziazioak hastea erabaki du, "balizko transakzio bat" aztertzeko asmoz. Sidenorren jabe den Jose Antonio Jainagak Talgoren kapital sozialaren zati bat erosteko asmoa zuela iragarri zuen pasa den astean, eta negoziazioak aurrera doaz.
Hala jakinarazi du Talgok astelehen honetan CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari bidalitako oharrean. Bertan azaldu duenez, Sidenorrek aurkeztutako proposamena ebaluatu dute, eta negoziazioak hastea erabaki du kontseiluak.
Tren fabrikatzaileak argitu du "une oro” sozietatearen eta bere akziodunen interesak babestuko dituela. Halaber, azaldu dute negoziazio prozesuak aurrera egin ahala, indarrean dagoen araudiaren arabera jakinarazi beharreko edozein gertaera garrantzitsuren berri emango diotela merkatuari.
Talgok Ribabellosan (Araba) duen lantegian, 700 langile inguru dira, eta Espainiako Estatuan denera 2.500 langile ditu.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak baieztatu dute elkarlanean ari direla Talgorentzat bazkide bat bilatzen laguntzeko eta aurreikusitako inbertsioei aurre egiteko aukera emango duen proiektu bat bultzatu ahal izateko.