Siemens Gamesaren aldi baterako lan erregulazioak eragina izango luke Asteasun eta Zamudion

423 langileri eragingo lieke proposamenak, urte eta erdiz

Siemens Gamesa | Argazkia: Europa Press Siemens Gamesa | Argazkia: Europa Press

Siemens Gamesak aldi baterako erregulazio espedientea proposatu die sindikatuei, zeinak 423 langileri eragingo dien, urte eta erdiz. Izan ere, konpainia alemaniarrak galerak izan ditu azken hilabeteetan, hainbat matxuraren ondorioz eskaera batzuk ezeztatu behar izan baititu. Hala justifikatu du enpresak proposatu berri duen aldi baterako erregulazio espedientea.

Azpimarratzekoa da enpresak Asteasun duen plantan izango duen eragina. Izan ere, bertan jarduten duten 200 langileetatik %80k jasango luke erabakia. Zamudioko lantegian ere eragina izango luke, baita Hego Euskal Herritik kanpo dauden Burgoseko beste plantilla batzuetan ere.

Siemens Gamesak egun bederatzi lantegi ditu Espainiako estatuan, eta horietatik lau kokatzen dira Hego Euskal Herrian: Zamudion, Sarrigurenen, Mungian, Asteasun eta Arazurin.

ABB enpresarekin akordioa

Horrez gain, enpresak Madril eta Valentziako beste bi lantegi itxiko dituela adierazi du; Zamudion haientzako lan egiten duten 20 langile daude. Itxiera horiek gertatu dira enpresa alemaniarrak ABBri Gamesa Electric saldu diolako. Gamesa Electricen bihurgailuak, inbertsoreak eta kontrol-armairuak diseinatu eta ekoizten dira, industria eolikorako, eguzki-industriarako zein biltegiratze-industriarako.

Ez Siemens Gamesak ez ABBk ez dute zehaztu erosketaren zenbatekoa, baina 400 langile inguru lekualdatuko direla azaldu dute. Akordioaren arabera, bi konpainiek elkarren arteko lankidetza sustatuko dute, eta ABBk potentzia elektronikoa emango die turbina alemaniarrei.

ABB elektrifikazio eta automatizazio enpresa da, eta Chris Poynter ABBko System Drives dibisioko presidenteak adierazi du erositako negozio berria bat datorrela haien konpromisoekin: “potentzia handiko aplikazio berriztagarriak sustatzea eta produktibitatea babestea karbono isuri txikiak dituen mundua batean”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK