
Siemens Gamesak 243 milioi euroko galerak izan ditu urte fiskaleko lehen hiruhilekoan (2024ko urritik abendura bitartean). Zifra azpimarragarria den arren, aurreko urteko epe beraren aldean baino %1,2 txikiagoa izan da aurtengo galera, iaz 248 milioi eurokoa izan baitzen.
Siemens Energy enpresa alemaniarrak azaldu duenez, Onshore (lurreko energia eolikoa) negozioa txikitu den arren, Gamesak Offshore (itsasoko energia eolikoa) negozioari esker lortu du galerak txikitzea; hain zuzen, Offshore eskariak %52 handitu dira. Konpainiak uste du 2026. urtean hasiko dela Gamesa irabaziak lortzen.
Haatik, taldeak kaleratzeak egiteko asmoa du. Aste honetan bertan enplegua erregulatzeko espedientea itxi dute 129 kaleratzerekin, hasiera batean 430 izango zirela esan bazuten ere. Hala adostu zuen konpainiak CCOO eta UGT sindikatuekin.
Siemens Energy alemaniarrak, ordea, 198 milioi euroko irabaziak izan ditu urte fiskaleko lehen hiruhilekoan. Iaz zifra 1.550 milioi eurokoa izan zen, eta, hortaz, irabaziak %87,2an txikitu ditu konpainiak, "inpaktu atipikoak" izan direla eta.