Siemens Gamesa ezin burua altxa

2022ko lehenengo seihilekoan 780 milioi euroko galerak izan dituela iragarri du. Konpainiak atzo izendatu zuen Eragiketen zuzendari berria: Tim Dawidowsky

Argazkia: Siemens Gamesa Argazkia: Siemens Gamesa

Siemens Gamesa burua ezin altxa dabil. Bi urte eta erdian ia 2.000 milioi galdu eta gero, aurkeztu berri ditu 2021eko bigarren seihilekoko emaitzak, baita 2022ko orain artekoak ere: 780 milioi euroko galerak ditu. Galera horiek 54 milioi eurokoak ziren duela urtebete. Salmentak, berriz, 4.006 milioi eurokoak izan dira, iazkoak baino % 13 gutxiago. Aerosorgailuen salmentak egin du bereziki behera, % 19,  3.062 milioi eurokoak izateraino. Zerbitzuak, berriz, % 14 igo dira, 944 milioi euroraino.

Konpainiak azaldu bezala, Siemens Gamesa 5.X plataforma berriaren jaulkipena espero baino konplikatuagoa izan da. Horrekin batera, energia, lehengai eta logistika kostuen gaineko presioak enpresaren ekoizpena eta errentagarritasuna kaltetu duela dio. Haize-sorgailuen ekoizpenerako gako diren osagaien eskasiak, portuetan emandako kolapso egoerek eta bezeroen inbertsio erabakien atzerapenek eskari kopuru baxua izatea eragin die.

Urtarrilean aurreikuspenen berrikusketa edo profit warninga komunikatu zuen, hirugarren aldiz urtebetean. 2022rako aurreikuspenak okertu zituen enpresak, fakturazioa % 9 jaitsita, hornidura kateen arazoengatik. Apirilaren 19an bigarren hiruhilekoko esperotako emaitzen berri eman zuen, aurreikuspenak berriro ere okertuz. Konpainiaren portaerak bere akzioen balioa hondoratu du burtsa-merkatuetan. Siemens Gamesaren akzioek % 27,30 egin dute behera 2022an zehar.

Enpresak apirilaren 19an esan zuenez, Europako hegoaldean zituen hainbat aktibo salduko ditu. Aktiboak 2022a bukatu baino lehenago saltzea espero du 580 milioi euroko sarrerak lortuz.

Aldaketak Siemens Gamesan

Haize-sorgailuen konpainiak atzo jakinarazi zuen Tim Dawidowsky eragiketen zuzendari izendatu dutela. 2020tik geroztik, Dawidowsky Siemens Gamesako Administrazio Kontseiluko kide da. Bere jarduna Madriletik burutuko du.

Enpresaren zuzendaritzan urte berean dagoen bigarren aldaketa da. Otsailean Andreas Nauenek kontseilari delegatua izateari utzi zion, eta Jochen Eickholt konpainiaren presidenteordeak hartu zuen bere kargua, konpainiaren presidenteordea.  

Siemens taldearen berregituraketa ere mahai gainean egon liteke hainbat analisten arabera, Siemensek Siemens Gamesaren kontrol osoa hartuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK