Sozietateen gaineko Zerga. Bidezko zerga ote?

Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako Foru Ogasunek araudi propioa ezartzeko gaitasuna dute kasu honetan, zuzeneko zerga baita. Aldeak dira, baina, enpresa handietan eta txikietan aplikatzeko moduan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Pertsona fisikoen gaineko zerga garaia pasa ondoren enpresei dagokie orain beraien aitorpena egitea; urtean egindako eragiketekin lorturiko mozkinari zerga ezartzeko unea iritsi da. Sozietateen gaineko Zerga sistema fiskalaren funtsezko pieza da edozein eskualdetan, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Artikulu honetan, Sozietateen gaineko Zerga zer den eta zer helburu duen aztertuko dugu zehatz-mehatz, baliabideak dituzten enpresek egiten dituzten praktikak ere azaleratuko ditugu benetako informazioa aztertzeko gai izateko.

Enpresek eta beste erakunde juridikoek lortutako irabaziak zergapetzen dituen tributua da Sozietateen gaineko Zerga. Hori dela eta, zuzeneko zerga baten aurrean gaude. Horrek esan nahi du enpresen jarduera ekonomikoak sortutako diru-sarreren gainean aplikatzen dela zuzenean, eta ez zaiela azken kontsumitzaileei helarazten.

Enpresen jarduera ekonomikoak sortutako diru-sarreren gainean aplikatzen da zuzenean, eta ez zaie azken kontsumitzaileei helarazten

Zuzeneko zerga da pertsona edo erakundeen errenta, ondare edo etekinen gainean zuzenean ezartzen dena. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, enpresen irabazi garbien gainean aplikatzen da, eta horiek dira guztizko sarrerak ken sarrera horiek lortzeko behar diren gastuak. Hori ez dator bat zeharkako zergekin, BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) kasu, ondasun eta zerbitzuen kontsumoari aplikatzen baitzaizkio eta kontsumitzaileek ordaintzen dute, beraien zuzeneko errenta maila kontutan hartu gabe.

Zerga zuzena denez, gardenagoa da zerga karga nork jasaten duen, agintarien aldetik zerga kontrola eta planifikazioa erraztuz.

Zuzeneko zerga

Zerga guztiek bezala funtzionatzen du sozietateen gaineko zergak. Oinarri zergagarria lortu behar da, eta horri zerga tasa bat aplikatu.

Sozietateen gaineko Zergaren zerga oinarria enpresaren irabazi garbien gainean kalkulatzen da. Hau da, lehenengo diru-sarrera gordinak zehazten dira (salmentak, emandako zerbitzuak, etab.), eta gero gastu operatiboak kentzen dira (soldatak, lehengaiak, alokairuak, etab.) eta legeak onartzen dituen beste kenkari batzuk. Legeak hainbat gastu atzera bota ditzake, eta horiek Zerga aitorpenean doikuntza moduan zergapetu beharko dira. Amortizazioek ere beren tratamendu espezifikoa izaten dute, eta amortizazioa askatasuna erabili daiteke, betiere gero gastu horri buelta eman beharko zaio kontabilitate amortizazioa eta amortizazio fiskalak koadratzeko bidean.

Sozietateen gaineko Zergaren zerga oinarria enpresaren irabazi garbien gainean kalkulatzen da. Hau da, lehenengo diru-sarrera gordinak zehazten dira, eta gero gastu operatiboak kentzen dira

Espainiar estatutan, Sozietateen gaineko Zergaren tasa orokorra %25ekoa da. Hala ere, tasa txikiak eta espezifikoak daude jarduera eta enpresa-tamaina jakin batzuetarako. Adibidez, entitate sortu berriek %15eko tasa murriztua izan dezakete etekinak lortzen dituzten lehen bi urteetan. Gainera, bankuek eta petrolio-enpresek zerga-tasa espezifiko altuagoak dituzte (%30).

Hego Euskal Herrian, Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta Nafarroako Foru Gobernuak Sozietateen gaineko Zerga modu autonomoan arautzeko ahalmena dute, baina estatuarekin modu bateratuan. Horrek zerga-tasetan eta kenkari aplikagarrietan aldaketa batzuk egitea ahalbidetzen du, eskualdearen behar eta ezaugarri ekonomikoetara hobeto egokituz.

Adibidez, tasa orokorra pixka bat doituta egon daiteke eskualdean inbertsioa sustatzeko eta enplegua sortzeko. Gainera, berariazko kenkari fiskalak eskaintzen dira ikerketa eta garapena (I+G+B+i), teknologia aurreratuko inbertsioak eta jasangarritasun-proiektuak sustatzeko.

Kenkariak berrikuntzagatik edo enplegua sortzeagatik

Enpresek hainbat kenkari eta hobari izan ditzakete, eta horiek karga fiskala murrizten diete. Hauek dira kenkari ohikoenetako batzuk:

  • I+G+B+i kenkariak: ikerketa eta garapenean egindako inbertsioak neurri handi batean nolabait deduzitu daitezke, berrikuntza sustatuz.

  • Kenkariak enplegua sortzeagatik: langile berriak kontratatzen dituzten enpresek kenkari fiskal handiak izan ditzakete, bereziki gazteak, desgaitasuna duten pertsonak edo kolektibo behartsuetakoak badira.

  • Ingurumen-inbertsioengatiko kenkariak: proiektu ekologiko eta jasangarrietan egindako inbertsioak ere ken daitezke, eta, horrela, erantzukizun sozial korporatiboa sustatu.

  • Kirol entitateei egindako ekarpenek ere bere dedukzioa daukate.

Beharko luketena baino gutxiago ordaintzen dute multinazionalek?

Sozietateen gaineko zergak beti sortzen du eztabaida ekonomisten artean. Sozietate-zergaren inguruko eztabaida nagusietako bat da enpresa handiek, multinazionalek bereziki, behar baino zerga gutxiago ordaintzen dituztela maiz. Hori hainbat faktorek eragiten dute:

  • Plangintza fiskala: multinazionalek plangintza fiskaleko estrategia aurreratuak erabili ohi dituzte beren zerga karga minimizatzeko. Estrategia horien artean daude transferentzia-prezioak erabiltzea, zerga baxuak dituzten jurisdikzioetan holding-egiturak erabiltzea eta lege-hutsuneak ustiatzea.

  • Kenkariak eta salbuespenak: araudi fiskalek hainbat kenkari eta salbuespen onartzen dituzte, enpresa hauen karga fiskala nabarmen murriztu dezaketenak.

  • Aldeko jurisdikzio fiskalak: multinazionalek zerga baxuagoak dituzten herrialdeetara eraman ditzakete irabaziak, eta, horrela, benetan jarduten duten herrialdeetan ekarpen fiskala murriztu dezakete.

Hona hemen zenbait adibide eta datu, multinazionalek Sozietateen gaineko Zergak Euskal Autonomia Erkidegoan nola kudeatzen dituzten erakusten dutenak. Inditexek egoitza nagusia Galizian duen arren, maila globalean jarduten du, eta plangintza fiskaleko hainbat estrategia erabiltzen ditu bere zerga karga murrizteko. Euskal Herrian, Inditexek dendetan eta logistikan inbertsioak egiteagatik kenkariak izan litzake.

Espainiar estatuko Zerga Agentziaren txosten baten arabera, Espainiako enpresa handiek, Euskal Herrikoak barne, %6 inguruko tasa efektiboa ordaintzen dute beren kontabilitate-mozkinen gainean; %25eko tasa nominalaren oso azpitik dago

Gerturago etorriz Iberdrolaren eredua dugu. Bilbon du egoitza, Europako energia enpresa handienetakoa izanik. Energia berriztagarrietan egindako inbertsioekin eta berrikuntza proiektuekin lotutako kenkari fiskal esanguratsuak erabili ditu Iberdrolak, beren Sozietateen gaineko Zerga gutxitzeko. Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegiak eskualdeko pizgarri fiskalak ditu, teknologia aurreratuan eta eraginkortasun energetikoan inbertsioa sustatzen dutenak.

Espainiar estatuko Zerga Agentziaren txosten baten arabera, Espainiako enpresa handiek, Euskal Herrikoak barne, %6 inguruko tasa efektiboa ordaintzen dute beren kontabilitate-mozkinen gainean; %25eko tasa nominalaren oso azpitik dago hau. Tasa efektibo baxu hori enpresa horiek erabiltzen dituzten kenkarien, hobarien eta plangintza fiskaleko estrategien emaitza da.

Enpresa txikien bestelako egoera

Enpresa txikiek esan ohi dute Sozietateen gaineko zergen kenkariak probestu ahal izateko ez dutela “muskulurik” eta arrazoia badute hein batean. Zerga honen fiskalitateak eskaintzen dituen kenkariez probestu ahal izateko baliabideak eduki behar dira eta multinazionalek normalean baliabide askoz ere handiagoak izaten dituzte besteekin alderatuz.

Zerga honen fiskalitateak eskaintzen dituen kenkariez probestu ahal izateko baliabideak eduki behar dira

Multinazional handiek kontsolidazio bidezko doikuntzak erabili ohi dituzte beren karga fiskala optimizatzeko. Prozesu horri esker, hainbat herrialdetan jarduten duten enpresek irabaziak eta galerak finkatu ditzakete, mozkin garbi globalen arabera zergak ordainduz. Horrek karga fiskal efektibo baxuagoa eragin dezake, zenbait herrialdetako erregimen fiskaletan dauden ezberdintasunak aprobetxatzen baitira.

Joko asko ematen duen zerga da. Garai honetan ikusten da enpresek egindako plangintza fiskalak zer eragin duen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK