'Start-upei' elkarlanean aritzeko aukera zabaldu die Ormazabalek

Sare elektrikoen puntako teknologian aritzen den enpresak jarri du martxan Ormazabal Startup Switch programa

16 instalazio industrial ditu enpresak | Argazkia: Ormazabal 16 instalazio industrial ditu enpresak | Argazkia: Ormazabal

Ormazabal enpresak martxan jarri du Ormazabal Startup Switch plataforma berria. Programa honen bitartez, start-upak ezagutu nahi ditu konpainiak, teknologia berriak erabilita lehiakortasuna sustatzeko. Gainera, programa honekin prozesuen eraginkortasuna hobetu nahi da, bai industria 4.0 konponbideak ezarri baita trantsizio energetiko eta digitala sustatu ere.

Plataforma irekia da start-upentzat, eta Ormazabalekoek adierazi dute “negozio horiek hazkunderako aukera edukiko dutela, eta haien lana ingurune erreal batean probatuko dutela konpainia barnean”. Aldi berean, programak kanpo eragileekin elkarlanean aritzeko bideak irekiko dizkio enpresari. Horrez gain, hainbat arlorekin lotutako erronkak abiaraziko dira: industria-sistemekin, produktuen diseinuarekin, digitalizazioarekin, adimen artifizialarekin baita administrazio prozesuen optimizazioarekin ere.

Ormazabal konpainiak 55 urteko esperientzia du sare elektrikoen puntako teknologian eta irtenbide pertsonalizatuetan. 748 milioi euroko fakturazioa du, 16 instalazio industrial, eta 50 herrialdeetako bezeroak ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK