Talgo: Trenen talka Budapest eta Madril artean

Hungariako Magyar Vagon enpresak Talgo konpainia erosteko egindako proposamenak hautsak harrotu ditu. Sanchezen gobernuaren ustez eragiketaren atzean Errusiaren eragina egon liteke

Argazkia :iStock Argazkia :iStock

Euskal jatorria duen trenen ekoizlea informazio ekonomikoaren protagonista bilakatu zaigu azken egunotan. Enpresa baten erosketa beti albiste bada ere Talgorenak soka luzea ekartzeko osagai guztiak ditu. Pedro Sanchezen gobernuak eragiketari trabak jartzeko asmoa erakutsi du, eta litekeena da Talgo enpresa estrategiko izendatzea, modu horretan, akzioak erosteko eskaintza publikoa galarazi ahal izateko. Eroslearen atzean Europako Batasuneko beste estatu bat egoteak zaildu dezake Sanchezen jarrera. Hori gutxi balitz, eragiketan Errusiarekiko isilpeko loturak egon daitezkeela iradoki egin dute hainbat ministrok. 

Magyar Vagon taldeak martxoaren 7an bere eskaintzaren berri eman bazuen ere, Talgo erosteko asmoa aspaldi zen jakina. Otsailaren 9an Ganz-MaVag talde hungariarrak estatuko Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CMNV-BMBN) Talgoren akzioak erosteko eskaintza publikoa egiteko asmoa azaldu zuen. Horrelako kasuetan ohi den bezala, BMBNk Talgoren akzioen kotizazioa eten egin zuen. Hungariarren estrategia, baina, lehenago abiatu zen. Hala, 2022ko abenduan ekin zioten negoziatzeari AEBko Trilantic Capital inbertsio funtsarekin, Talgoren akziodun nagusienetakoa dena. Erosketaren parte hartzaile nagusiak, baina, orain hasi gara ezagutzen eta horrek mesfidantza handia piztu du Espainiako gobernuan.

Errusiaren ustezko itzala

619 milioi euro eskainiko ditu Talgo erosi nahi duen sozietateak, akzio bakoitzeko 5 euro ordainduta. Eskaintza erakargarria da BMBNk kotizazioa eten zueneko prezioa baino dezente altuagoa delako. Erosketa burutzeko Hungariako Corvinus International Investement sozietate publikoa eta Ganz-MaVag taldea daude. Hainbat iturriren arabera, Ganz-MaVag enpresaren atzean Magyar Vagon egon liteke, Viktor Orban Hungariako presidentearen gertuko enpresarioek zuzendutako holdinga. Agerikoa da, hortaz, Viktor Orbanen itzal luzea eragiketa honen atzean. Eta agerikoa da, baita ere, Pedro Sanchez eta Viktor Orbanen arteko harreman txarra. Vladimir Putinekin lotura estua izatea leporatzen diote askok Orbani, baina hori ez da Errusiaren eraginaz ohartarazteko motibo bakarra. MOLGroup petrolio enpresa eragiketaren parte omen da, eta horrek azaldu lezake Errusiarekiko balizko lotura. Zsolt Hernadi MOL enpresaren burua da, eta iragan oso iluna du. Interpolen zerrendetan agertu zen eta Kroazian eroskeriagatik zigortu zuten. MOLGroup, horrez gain, Baytex Energy enpresa kanadarraren jabe da, egunero Errusian 3.900 petrolio kupela ekoizten duena. Magyar Vagon taldeari ere iraganean Errusiarekin negozioak izatea leporatzen diote. 

Eragiketaren aurka agertu da Espainiako Gobernua, Talgo enpresa estrategikotzat hartuta

Eragiketaren aurka agertu da, zeharka bada ere, Espainiako Gobernua. Jordi Hereu industria ministroek Talgo proiektu estrategiko gisa definitu du azken egunotan, ”trenbidezko mugikortasunean duen garrantziagatik”, eta gobernuak “proiektu industriala” defendatuko zuela gaineratu zuen. Talgo estrategikotzat jotzea giltzarria izan daiteke. Izan ere pandemia garaian, 2020ko martxoan, gobernuak 19/2003 legea moldatu zuen, Erosketa Eskaintza Publikoen (EEP, OPA gaztelaniaz) aurrean enpresak babesteko. Pandemiak eragindako likidezia eta negozio faltak eraginda, enpresa asko zaurgarri bihurtu ziren, eta kanpo inbertitzaileen esku gelditzea ekiditeko gobernuak moldatu zuen. Hala, gobernuak enpresa bat estrategikotzat jotzean oniritzia eman behar dio eragiketari, akzioen % 10 baino gehiago salerosten denean. Espainiarena ez da kasu bakarra. Europan badira antzeko legeak dituzten estatu gehiago. Estatu bakoitzak legedi propioa izanda ere, Talgoren aferak Europako Batzordearen erantzuna ekar lezake, Batasuneko beste estatu bateko enpresa, eta estatua bera ere, erosketa eskaintzaren atzean dagoelako. Ikusteko dago, hortaz, Bruselak talka honen aurrean zer jarrera hartu dezakeen.

Talgoren akziodunak, alde

Talgoren akzioak erosteko eskaintza publikoak % 50eko muga ezartzen du EEP aurrera egin ahal izateko. Hau da, talde hungariarrak akziodunen erdiaren babesa lortuz gero, baino ez ditu akzioak prezio horretan erosiko. Pentsatzekoa da helburua erraz lortuko dutela dagoeneko akzioen % 40 dutenak alde agertu direlako. Tren ekoizlearen akziodun nagusia Estatu Batuetako Trilantic Capital arrisku-kapitaleko inbertsio funtsa da. Duela ia 18 urte sartu zen enpresaren kapital sozialean eta egun akzioen % 40,06aren jabe da. Trilantic funts ezaguna dugu Euskal Herrian, 2012an Euskaltelen % 48 erosi zuelarik. 2004 eta 2010 bitartean, Eusko Jaurlaritzarekin batera, ITP enpresaren akziodun ere izan zen. Torrblas family office (familia baten esku dagoen inbertsio funtsa) bigarren akziodun nagusia da (% 5,03). Gainerako akziodunen artean izen ezagunak topa daitezke (Norges Bank, USS, Morgan Stanley...), baina oso sakabanatuta daude. Enpresa sortu zuten Oriol eta Goikoetxea ingeniari bizkaitarren oinordekoek ere akzioen zati txiki bat mantentzen dute (% 2 inguru). Izan ere, Carlos de Palacio eta Jose Maria Oriol, sortzaileen oinordekoak, enpresaren presidenteak dira. Biak, administrazio kontseiluko gehiengoa bezala, erosketaren alde agertu da. 

Akziodunen eta administrazio kontseiluaren gehiengoa alde agertzeak bidea erraztuko zuela ematen bazuen ere, Espainiako Gobernuaren jarrerak prozesua zaildu dezake

Ikusteko dago adeitsua behar zuen erosketa eskaintza nola bukatuko den. Akziodunen eta administrazio kontseiluaren gehiengoa alde agertzeak bidea erraztuko zuela ematen bazuen ere, Espainiako Gobernuaren jarrerak prozesua zaildu dezake. Pedro Sanchez ez da fio Viktor Orbanen itzala duen eragiketaz, eta gerra hotsak entzuten hasi dira. Hungariarrek Lazard eta Garrigues aholkularitza enpresak kontratatu dituzte babes juridikoa emateko, baina Espainiak legedia bere alde dauka. 

Konpainiaren finantza ahulezia, kontra

Pedro Sanchezen gobernuak behin eta berriro adierazi du lehentasuna proiektu industriala babestea dela baina Talgoren finantza-egoerak ez dio laguntzen. Esperientzia handiko enpresa bada ere, txiki gelditu da egungo lehiakideen aurrean. Nazioarte mailan Alstom, Hitachi, Stadler edo Thales dira trenbidearen negozioaren erraldoiak. Hala, Alstomek 2022an 16.000 milioi euro fakturatu zuen bitartean, Talgok 470 milioi euro baino ez. Euskal Herriko beste ekoizle nagusiak, Beasaingo CAF enpresak, 3.165 milioi euro fakturatu zuen. Deskarbonizaziorako trantsizioa trenbidea hegazkinen alternatiba bihurtzen ari dira geroz eta estatu gehiago, eta horretarako finantza indarra izatea ezinbestekoa da. Egun Talgok eskari zorro garrantzitsua du: Renfe enpresarentzat Avril modeloko 30 tren eta Deutsche Bahnerako 79 Intercity Express. Madrilen eta Araban ditu Talgok lantegian eta lanez lepo daude. Arazoa, baina, finantzarioa da. Azken urteetan ekoizpena atzeratu egin da, eta Renfek isuna ezarri dio entrega-epea ez betetzeagatik. Erosle hungariarraren sosen eskaintza bere ahulezia arintzeko konponbide gisa ikusten dute Talgoren administrazio kontseiluko kideek. Espainiako gobernuak nekez defendatu ahalko du Europako beste estatu batetik datorren eskaintza baztertzea alternatibarik ematen ez badu. Estatu mailan CAF izan liteke Talgorentzat bidaide aproposa, euskal erraldoia sortuz. Badirudi aukera hori inoiz aztertu egin dela, baina fruiturik eman gabe.

Informazio gehiago
Hungariako Magyar Vagon konpainiak Talgo erosteko prozesuan dihardu
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK