
Sidenorrek baztertu egin du Talgoren gaineko erosketa publikoko eskaintza egitea tren ekoizlearen %100 bere egiteko. Aitzitik, Talgo erosteko eskaintza handitu du. Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak enpresaren %29,8 eskuratzeko eskaintza hobetu du, eta 177 milioi euro jarri ditu mahai gainean. Trilantic inbertsio funtsak du Talgoren ehuneko hori, eta Eusko Jaurlaritzaren, BBKren eta Vital Fundazioaren babesarekin aurkeztu du eskaintza Sidenorrek.
Akzio bakoitzeko 4,80 euroko eskaintza aurkeztu du zehazki. 4,15 euroko kopuru finko bat eta 0,65 zentimoko kopuru gehigarri bat. Trilanticek 5 euro eskatzen zituen akzio bakoitzeko, eta horrela, Sidenorren azken eskaintza inbertsio funtsen nahietara hurbiltzen da. Sidenorrek, Jaurlaritzak eta BBKk 45 milioina euro jarriko lituzkete akzio horiek erosteko, eta Vital Fundazioak hogei.
Sidenorrek, iaz, akzioko lau euroko eskaintza egin zuen, Hungariako Magyar Vagon enpresak eskainitako 5 euroko eskaintzatik urrun. Orain eskaintza hobetuta, konpainiaren burtsako kotizazioaren gainetik da nabarmen.
Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak adierazi du Talgo enpresa estrategikoa dela, eta horregatik sartu dela eragiketan. Tren ekoizleak 700 langileko lantegia du Ribabellosan (Araba), eta euskal erakundeek nahi dute egoitza nagusia Madrildik Arabako lantegira igarotzea.
Talgoren kontrola hartzeko interesa azaldu dute enpresa ugarik, besteak beste Poloniako Pesa konpainiak eta Indiako Jupiter Wagonsek. Lehia hori ikusita, Jaurlaritzak premiazkoa ikusi du Talgoren erosketan esku hartzea. Espainiako Gobernuak ez du esku hartu oraingoz, baina baliteke operazioa sartzeko interesa edukitzea.
Pasa den astean bilera bat egin zuten Talgoko presidente Carlos de Palacio Oriolek eta Imanol Pradales lehendakariak. Akordio bat lortzen espero duela adierazi zion Pradalesek.
Sidenorren erosketa eskaintza ezagututa, Talgoren kotizazioa eten du goizean Balore Merkatuaren Batzordeak, eguerdian berreskuratu dena, %2,3 hazita, Sidenorrek eskainitako akzioko 4,15 euroan kokatuta.
BBK, CAFen eta Talgon
Pasa den abenduan jakin genuen BBK-k CAF konpainiaren %3 bereganatu zuela. Jada akziodun zen Kutxabank bankuaren bidez, zeinak Beasaingo enpresako akzioen %10 duen. Orain, BBK Talgoren jabetzan sartzea aliantza estrategiko baterako urratsa izan liteke etorkizunera begira, izan ere, bi tren konpainietan izango lituzke akzioak.