Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak Talgoren industria bazkidea bilakatzeko asmoa du. Magyar Wagon talde hungariarraren eskutik Talgoren erosketa bertan behera geratu ostean, Eusko Jaurlaritza enpresarentzat bazkide berri baten bila zebilen. Jainagak Talgoren zati bat erosteko interesa duela helarazi die dagoeneko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.
Trilantic inbertsio funtsa da Talgoren akzionista nagusia. Duela aste batzuk hasi zen Jainaga funtsarekin negoziaketan. Trilanticen akzioen %29,9 erosteko prest azaldu da Sidenorreko presidentea, eta erosketa Mirai Investments izeneko enpresaren bitartez egingo luke.
Modu honetara, Trilanticen lekukoa hartuko luke Jainagak Talgon, izan ere, inbertsio funtsa aspalditik dabil enpresaren kapitaletik atera nahian.
Mugimenduak bermatuko luke Talgo euskal eta espainiar kapitalaren esku geratzea, eta egoitza nagusia Espainian izatea. Ribabellosan (Araba) duen lantegiak lan kargari eutsi ahalko lioke. Konpainiaren akziodunek salmenta onartzeko ezarritako baldintzak dira, Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio ministroak berretsitakoak.
Badirudi, beraz, Sidenorren jabearen esku geratzeko aukera asko dituela Talgok, Skodak eginiko fusio eskaintzak ere ez baitu aurrera egin. Jaurlaritza operazioan laguntzeko prest da. Horretarako, pasa den astean, Talgoren %10 erosteko aukera zabaldu zuen, Finkatuz funtsarez bidez.