Gaur iraungitzen da Talgoren bazkide diren Trilantic, Abelló eta Oriol familiaren arteko bazkide hitzarmena. Bihartik aurrera norberak erabaki ahalko du nori saldu nahi dizkion bere akzioak.
Orain arte, Pegaso Transportation International sozietate instrumentala izan da Talgoren jabe nagusia. Horren baitan, hitzarmen parasoziala zuten Trilanticek, Juan Abelló enpresariak eta Oriol familiak. Hiruen artean, akzioen %40,06 zuten, %30 inguru Trilanticena, %7,5 Juan Abelló enpresariarena —Torrealen bitartez— eta %3 Oriol familiarena. Portzentaje horiek izanik ere, azken biek gaitasuna zuten erabakietan eragiteko. Hitzarmen parasozial hori amaituta, Trilanticek bide libreagoa izan dezake bere parte hartzea nori saldu erabakitzeko.
Bazkideek ez dute lortu adostea nori saldu Talgo. Lehen eskaintza Hungariako Ganz-Mavag —Magyar Vagon— holding enpresarialak egin zuen, Andras Tombor enpresaburuarena. Akzio bakoitzeko 5 euroko eskaintza egin zuten hungariarrek, alegia, 185 milioi euro akzioen %29,9agatik eta 620 milioi %100agatik. Aldiz, Espainiako Gobernuak atzera bota zuen operazioa, enpresaria Viktor Orban Hungariako presidentearen gertukoa izateagatik, besteak beste.
Skodak txekiarrak ere agertu zuen erosteko asmoa, eskaintzarik egitera iritsi ez bazen ere. Dena den, azken hilabeteetan Sidenor enpresa siderurgiko bizkaitarraren eskainitzak hartu du protagonismoa. Sidenorrek akzio bakoitzeko 4 euroko eskaintza aurkeztu zuen, alegia, 150 milioi euro %30eko parte hartzearen truke eta 500 milioi euro konpainiaren osotaunagatik. Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jasota ere, Trilanticek ez du begi onez jo bizkaitarraren eskaintza, Ganz-Mavagek eginikoaren azpitik egoteagatik, besteak beste. Aipatzekoa da Talgoren mekatuko prezioa 3,3 euroan kokatzen zela atzo, duela urtebete baino %24 gutxiago.
Azken asteetan, beste erosle posible bat agertu da. Business Insiderren edizio polakoak aurreratu zuenez, Poloniako estatuaren menpeko den PFR funtsak eskaintza egin dio Trilantici Talgo erosteko. Hautagai horrek, ordea, SEA Arabako patronalaren eta Arabako Merkataritza Ganberaren kezka piztu du, jardueraren "deslokalizaziora" eraman dezakeelakoan.
Azken orduko akordiorik izan ezean, beraz, bazkideetako bakoitzak erabaki ahalko du nori saldu nahi dion Talgon duen partaidetza.