Tecnaliako lehendakari izaten jarraituko du Alex Belausteguik

Orain arteko lau urteak konplexuak izan diren arren, teknologia eta berrikuntza inoiz baino estrategikoagoak direla adierazi du Belausteguik

Alex Belaustegui Tecnaliako presidentea | Argazkia: Tecnalia Alex Belaustegui Tecnaliako presidentea | Argazkia: Tecnalia

Alex Belaustegui izendatu dute, berriro ere, Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroko lehendakari. Belaustegui, Ingeteameko Garapen Korporatiboko zuzendari eta kontseilaria, 2016an izendatu zuten zentroko lehendakariorde, eta 2020an, presidente. Beste lau urte emango ditu lehendakaritzan, hala erabaki baitute gaur Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan egindako patronatuan.

Tecnaliako lehendakaria industria ingeniari elektrikoa da eta nazioarteko MBA bat dauka. EEEn eta Senerren lan egin eta gero, 2019. urtean izendatu zuten Ingeateameko Garapen Korporatiboko zuzendari. Belausteguik adierazi du orain arteko lau urteak konplexuak izan direla, pandemia, krisi humanitarioak eta gatazka belikoak izan direla medio. “Teknologia eta berrikuntza inoiz baino estrategikoagoak direla” azaldu du, eta, horrexegatik, “Tecnalia bezalako garapenerako eta transferentziarako eragile eraginkorrak funtsezkoak” direla.

Bestalde, Tecnaliaren lehendakariordetza María Jose Armendarizek hartuko du, Gestamp Automocionen izenean, eta idazkaritza, Fernando Irigoyenek, Kutxabanken izenean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK