Tecnaliak 137 milioi euroko fakturazioa izan du 2023an

Iazko balantzea egin du zentro teknologikoak eta ikerketa-funtsetatik eskuratzen duen euro bakoitza hamahiru aldiz handitzea lortu du

Gaur goizean Tecnaliako lehendakaria, Alex Belaustegi eta zentroko zuzendari nagusia Jesus Valero | Argazkia: Tecnalia Gaur goizean Tecnaliako lehendakaria, Alex Belaustegi eta zentroko zuzendari nagusia Jesus Valero | Argazkia: Tecnalia

Tecnaliak 137 milioi euroko fakturazioa izan du 2023an, enpresetara bideratutako transferentzia teknologikoari esker. Zentro teknologikoak adierazi duenez, "ikerketa-funtsetatik eskuratzen duen euro bakoitza hamahiruz biderkatzea lortu du, eta enpresa sektorearentzat diru-sarrera bihurtzea". Hala, hobetu egin du inguruneari teknologia transferitzeko prozesuaren eraginkortasuna. Zehazki, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, %7,4 hazi da alor hau.

Zentroko zuzendariak, Jesus Valerok nabarmendu duenez, “datu horiek enpresei I+G+Ba transferitzeko estrategiaren emaitza dira”. Esan duenez, “estrategia horren helburua da bi alderditan eragitea: alderdi ekonomikoan eta alderdi sozialean. Tecnalia erreferentzia bihurtu da I+Gko eragile gisa. Ezagutza gure ingurunean zabaltzea eta enpresentzako emaitza bihurtzea lortu dugu, ekimen teknologiko, startup eta patenteen bidez".

Transferentziaren eraginkortasunaren ondorioz, Tecnaliak, 2023an, finantzaketa publikotik eskuratutako 46 milioi euro baino gehiago bideratu zituen programa lehiakorretara eta ondorioz, gauzatutako proiektu berriekin, industriarekiko lankidetza %4 handitu du azken urtean.

20 milioi euroko inbertsioa

Tecnaliak aurtengo ekitaldian 20 milioi euro bideratuko ditu inbertsio, ekipamendu eta azpiegituretara. Hala, inbertsioa %54,2 handiagoa izango dela azaldu du zentro teknologikoak. Valeroren esanetan, “gure helburuak betetzeko funtsezkoa da ekipamendu zientifiko-teknologikoan inbertitzeko ahalmena". 

Lantaldeari dagokionez, gaur-gaurkoz 1.520 aditu daude; 2023an %1,3 hazi da lantaldea, aurreko urtearekin alderatuta. Kopuru horri Tecnaliak parte hartzen duen enpresetan lan egiten duten 104 pertsonako taldea gehitu behar zaio. Nabarmentzekoa da, halaber, zentroko lanpostu bakoitzeko EAEko beste 7,3 lanpostu mantentzen direla, hau da, batez beste 10.710 lanpostu mantentzen dira.

Jabetza Intelektualaren salmentaren atalean 7,2 milioi euroko diru-sarrera izan zuen eta 741 patente ditu zorroan. 

Valero eta Belaustegi Tecnaliako zentro teknologikoan| Argazkia: Tecnalia
Valero eta Belaustegi Tecnaliako zentro teknologikoan | Argazkia: Tecnalia
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK