Petrolio krisi baten atarian sortu zen Ingeteam Taldea, duela 50 urte. Energia krisiaz ari gara gaur egun ere, ekonomiaren muinean jarrita. Trantsizio energetikoa eraldaketa ekonomiaren ardatz bihurtu den testuinguru honetan hartu gaitu Teresa Madariagak, Ingeteam Taldeko presidenteak.
Atzera begira jarrita Javier Madariaga, zure aita, Ingeteameko sortzaileetako bat izan zen. Gaur egun ekintzailetza berba bolo-bolo dabilen honetan, zure aita ekintzailetzat hartuko zenuke?
Egia esan, kasualitatez bukatu zuten ekintzaile izaten. Unibertsitatean ingeniaritza elkarrekin ikasitako lagunak ziren, eta garai horretan Alemania zen industrian eta teknologian herrialderik puntakoena. Uda partean Alemaniara joaten ziren alemana ikastera, eta baita lan ereduak ezagutzera ere. Hara joan eta uda ostean, Bilboko ingeniaritza eskolara bueltatzen ziren, ikasketekin jarraitzeko. Alemaniarekin zuen harreman estu hori zela eta, Asturiasen ezarri nahi zuten proiektu batean laguntzeko eskaera jaso zuten. Siderurgia proiektu bat abian jarri nahi zuten, eta teknologia egokiena aukeratzen ari ziren. Nire aitak zubi lana egin zuen Asturiasen eta Alemaniaren artean. Proiektua lortu zuten, eta hain siderurgia handia zenez, Alemaniako enpresak filiala sortu zuen Espainian. Nire aitari proiektua eramatea proposatu zioten, eta bazkide egin zuten. Aitak garai horretan sosik ere ez zuen, baina enpresaren zati bat eman zioten proiektua abian jartzeko. Gaur egungo stock option moduko figura izan zen. Gaur egun oso zabalduta dagoen eredua da; ez, baina, garai horretan. Zentzu horretan, aita aitzindaria izan zen.
Berarekin batera, bere gelakide izandako beste lagunak ziren. Apurka-apurka taldea handitzen joan zen, eta enpresa erostea erabaki zuten. Horrela sortu ziren TEAM (Técnica Electrónica de Automatismo y Medida) eta Ingelectric enpresak. Akziodun berak zituzten, eta gerora bat egin zuten, Ingeteam sortuz.
Alemana aipatu duzu bere garaiko erreferentea zelako. Gaur egun ardatza Txina aldera mugitzen ari da?
Gaur-gaurkoz, momentuz, teknologikoki Europak eusten dio, baina Txinako gobernua diru mordoa jarri eta inbertsio handia egiten ari da. Baliteke munduko ardatz teknologikoa apurka-apurka mugitzea. Adi izan beharko gara zer gertatzen den ikusteko.
"Gaur egun topiko bihurtu dela dirudi, baina nire aitari betidanik entzun izan diot krisi guztietatik sortzen direla aukerak"
Enpresa krisi sakon baten atarian sortu zen: 1973ko petrolioarena. Euskal Herriko krisi eta birmoldaketa industrial gogorra ere bizi zuen. Alegia, 50 urte hauetan hainbat krisi bizi izan ditu Ingeteamek. Nola eragin diote?
Aitak beti esan izan du krisiak eta eraldaketa uneak aukera ere badirela. Gaur egun topiko bihurtu dela dirudi, baina nire aitari betidanik entzun izan diot krisi guztietatik sortzen direla aukerak. Krisiak behartzen zaitu baliabide gutxiagorekin aurrera egitera, irudimena erabiltzera eraginkorra izateko. Krisiek gauzak oso ondo egitera behartzen zaituzte, akatsik gabe. Ingeteamen historiak hala erakutsi du: gure nortasuneko jarrera inkonformistak lagundu digu erronkei aurre egiten. Egoera samurretan asko moldatzen dira erraz, baina gure jarrerak arazo zailei aurre egiten eroso sentitzen lagundu digu. Beti saiatzen gara bi urrats aurretik egoten egiten dugun guztian. Eta mundu aldakor baten aurrean, oso adi egon behar duzu, eta bizkorra izan behar duzu beti hor izateko, batez ere gure bezeroen erronketatik gertu.
Azken krisia pandemiak eragindakoa izan da, osasun krisia, baina baita hornidura-kateen krisia ere. Nola eragin dizue?
Materialen eskariaren arazoari aurre egiteko ahalegin handia egin behar izan dugu gure hornidura-katean, eta, horrez gain, aparteko lana egin behar izan dugu ordezko osagaiak garaiz txertatzeko, gure bezeroentzako entrega epeetan ahalik eta inpakturik txikiena izateko. Ez da erraza izaten ari eta oraingoz, zailtasunak zailtasun, ez dugu eragin garrantzitsurik izan. Argi dugu lanean jarraitu behar dugula horrela jarraitzeko.
Pandemiak lan egiteko modua ere aldatu egin du. Nola eragin zion Ingeteami?
Kudeatzeko konplikatua izan bat-batean etorri zelako. Sistemak moldatu behar izan genituen. Gutxi batzuentzako bazegoen prestatua, baina ez masiboki egiteko. Hala ere, konpondu genuen. Langileen jarrera oso ona izan zen, erantzun ezin hobea izan zuten. Ingeteami ere aldatzeko balio izan dio. Uste dut telelana oso garrantzitsua dela berdintasunerako, kontziliazioa errazten duelako. Azken batean telelanak malgutasuna ematen dizu.
"Pandemiaren zehar I+Gan inbertitzeko erritmoari eutsi diogu, eta ez dugu plantilla murriztu, kontrakoa baizik. Harro gaude horretaz"
Krisi egoeran egonda, aurreikusitako 2019-2021 plan estrategikoa bete ahal izan duzue?
Egia esan, zorionez, arazoak konpontzen trebeak gara, bestela ezingo genuke gure 2019-2021 plan estrategikoa bete. Badakigu egoerak ebaluatzen, alternatibak bilatzen, eta ezarritako planak gauzatzen. Plan estrategikoaren balantzea benetan positiboa dela uste dugu. Gure bezeroek konfiantza izan dute Ingeteamengan, eta konfiantza izaten jarraitzen dute. COVID-19aren krisia pasa dugu, inolako lan erregulaziorako espedienterik edo antzekorik egiteko beharrik gabe. Zailtasunei aurre egiteko gai izan gara, baita gure bezeroen eskaerak ahalik eta eragin txikienarekin zerbitzatzeko ere. Eraginik handiena zerbitzuen alorrean pairatu dugu, eta horrek ez digu utzi gure hazkunde eta errentagarritasun helburuak erabat lortzen. Hala ere, testuinguru konplikatu honetan, uste dugu pozik sentitzeko modukoa dela gure salmenta-helburua ia osorik lortzea, gure marjinetan kalte moderatua izatea, eta emaitza positibo apal eta iraunkor bati eutsi izana. Ez dugu plan estrategikoa erabat bete, baina oso hurbil gelditu gara eta pozik gaude. Eta badira azpimarratzeko bi gako nagusi: pandemiaren zehar I+Gan inbertitzeko erritmoari eutsi diogu, eta ez dugu plantilla murriztu, kontrakoa baizik. Harro gaude horretaz.
50 urte bete dituzue aurten, eta plan estrategiko berria jarri duzue abian. Krisi energetikoak eta inflazio altuak baldintzatutako testuinguru batean oso helburu argiak ezarri dituzue: fakturazioaren % 44ko hazkundea, 1.000 milioira iritsita, eta plantilla 1.000 pertsonatan handitzea. Zein da hazteko gakoa?
Plan estrategikoa egin genuenean gure aurreikuspenek ez zuten gaur egungoa bezalako ingurune geopolitiko konplexurik jasotzen, ezta horrelako inflazio alturik ere. Ingeteamen etengabe ari gara inguruneari so, adi egoten, sortzen diren arazoen aurrean norabidea zuzendu ahal izateko, baina betiere norabidea zein den ahaztu gabe. Baikorrak gara, gizartean trantsizio energetikoaren aldeko hautu argia ikusten dugulako, eta mundu jasangarriago baterantz joateko premia eta beharra mahai gainean daudelako. Energiaren balio-kate osoan izango gara, elektrizitatea sortzeko, garraiatzeko, biltegiratzeko eta kontsumitzeko modu berri horri eusten. Gakoa zein den? Bada, 50 urteren ondoren hona ekarri gaituen gako bera: Ingeteam osatzen duten pertsonak. Beste sekreturik ez dago.
210 milioi euro inbertitzea aurreikusi duzue. Euskal Herrian, zenbat?
210 milioi horietatik 140 milioi Ikerkuntza eta Garapenera bideratuko dira, eta gainerakoa instalazio berrietan inbertitzera eta daudenak hobetzera. Adibidez, Beasaingo (Gipuzkoa) eta Sesmako (Nafarroa) gure lantegietan autokontsumorako bi planta fotovoltaikotan inbertituko dugu. Era berean, Sarrigurenen (Nafarroa) beste eraikin bat egingo dugu entsegu-laborategi berria izango duena. Euskal Herritik kanpo ere inbertsioak burutuko ditugu. Milwaukeeko (AEB) lantegiaren gaitasunak hobetzeko asmoa dugu, Ipar Amerikan espero ditugun sektore eta bezeroen hazkundea onartzeko.
Plan estrategiko berriak trantsizio energetikoa du ardatz. Zer eman dezake Ingeteamek trantsizio energetikoaren arloan?
Ziur gaude energia sortzeko, garraiatzeko, biltegiratzeko eta kontsumitzeko beste modu bat dagoela. Eta balio energetikoaren kate osoan gure teknologia, produktuak, soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen ditugu. Gizartea elektrifikatu egiten da, eta geroz eta modu jasangarriagoan egingo du. Aukera bikaina da Ingeteamentzat, eta hori garrantzisua da. Baina gizarte osoarentzat da garrantzitsua batez ere. Planetak oihuka eskatzen digu.
"Energia trukea dagoen lekuetan Ingeteam dago, eta truke eta kontsumo hori eraginkorrena izatea erronka teknologikoa da"
Kontsumo eraginkorraren eremuan, apustuetako bat ibilgailu adimendunen kargagailuak dira. Ingeteamek Red Dot saria jaso du aste honetan Alemaniako Desing Zentrum Nordhein Westfallen erakundearen eskutik, Rapid 120/18 kargagailuagatik. Kargagailuena al da zuen apustu nagusia kontsumo eraginkorraren alorrean?
Zalantzarik gabe, ibilbide luzeko apustua da Ingeteamek ibilgailu elektrikoen kargagailuetan duen posizionamendua. Aipatu duzun sari horretaz gain, berriki Elxen inauguratu den Europa hegoaldeko elektroline indartsuena, eta hura hornitzen duten kargagailuak gureak izateaz ere harro gaude. Energia trukea dagoen lekuetan dago Ingeteam, eta truke eta kontsumo hori eraginkorrena izatea erronka teknologikoa da. Horri posizio onean ari gara aurre egiten.
Euskal Herria ibilgailu elektrikorako prestatuta dago?
Jakina baietz. Gero eta auto ekoizle gehiago ari dira geroz eta modelo elektriko gehiago garatzen eta merkaturatzen; administrazioak eta enpresak kargatzeko azpiegituren hedapena bultzatzen ari dira eta, jakina, gizartea serio hasi da pentsatzen bere ohiko ibilgailua elektrikoagatik aldatzeko aukeran. Horrez gain, bada kostuak jaisteko logika bat. Gero eta kuadrilla gehiagotan entzuten dira auto elektrikoari buruzko elkarrizketak.
Beste erronketako bat bateria elektrikoena da. Duela gutxi Ingeteamek Cacereseko lantegia jarri zuen martxan, Iberdrolako bazkide teknologiko bezala. Euskal Herrian tren hori galdu dugu?
Egia da eskala handiko biltegiratze proiektuetan bateria-ekoizle nagusiak Asian daudela nagusiki. Baina aipatu duzun biltegiratze-proiektu horiek, Caceresekoa bezalakoek, ez dute soilik bateria behar. Sorkuntza-sistemaren integrazio osorako, biltegiratzearekin eta sarearekin batera, know-how edo ezagutza behar da, eta hori da, hain zuzen ere, Ingeteametik eskaintzen duguna. 10 urte baino gehiago daramatzagu antzeko eskala handiko instalazioetan biltegiratze-sistemen 1.6 GWh metatzen mundu osoan zehar. Tren horretan igota gaude, eta espero dugu ez jaistea.
Duela aste batzuk, enpresako zuzendari exekutiboak, Adolfo Rebollok, Ingeteamek berriztagarrien alde egindako apustua aldarrikatu zuen, baina esan zuen erakundeen laguntza irmoago baten falta sumatzen zuela. Zentzu horretan, Europa motel al doa?
Klimaren premia dago, eta horretan Europako erakunde eta administrazio guztiak bat datoz. Eta gainera, horri gehitzen badiogu ingurune geopolitikoak deskarbonizazio-planak eta mendekotasun energetikoa murrizteko planak bizkortu dituela, zalantzarik gabe, mahai gainean zeuden helburuak areagotu eta bizkortu egingo dira. Enpresek erronkei aurre egiteko prest gaude, eta gizartea hori eskatzen ari da. Administrazioek proiektuak aurrera ateratzeko beharrezkoak diren izapideak, baimenak eta arau-esparruak arintzea besterik ez dugu eskatzen.
Integeam Euskal Herrian sortu, baina mundu osoan aritzen den enpresa taldea da. Zer presentzia du Ingeteamek munduan? Zein pisu du nazioarteko negozioak?
Ingeteam nazioarteratutako enpresa da. Hasieratik argi genuen gure lehiakideak eta bezeroak kanpoan izanda, hor izan behar ginela. Hasieratik emandako prozesua izan zen, gutxika-gutxika joan zena. Baditugu filialak mundu osoko 24 herrialdetan, 4.100 langileko plantillarekin. Hemen ez ezik, AEBetan, Brasilen eta Indian ere ditugu lantegi produktiboak. Gure jokalekua mundua da eta, beraz, esan genezake nazioartekotzea ez dela guretzat prozesu bat, egunero elkarrekin bizi dugun errealitatea baizik. Eta horrek zer esan nahi duen? Ekoizten dugunaren % 81 baino gehiago nazioarteko merkatura bideratuta dagoela.
Nazioartean aritzea lehiakideei aurre egiteko ezinbesteko jauzia da, eta garrantzitsua da horretan sinestea. Badago horren inguruko anekdota oso interesgarri bat. Ingeteamen lehen urteetan enpresak argi ikusten hazi egin behar zela. Euskal Herriko inbertsore batengana joan ginen babes bila. Inbertsore horrek lehiakideak zeintzuk ziren galdetu zuen, eta Siemens zela jakin zuenean finantziazioa ukatu zigun. Ez zuen sinesten gure txikitasunetik nazioartean lehiatzeko gai izango ginenik. Azkenean beste inbertsore bat topatu genuen, enpresan sinetsi zuena, eta horri esker Ingeteamek jauzi nabarmena eman zuen. Zure proiektuan zintzoki sinetsi behar duzu aurrera egiteko.
Berrikuntza da beste zutabeetako bat. Fakturazioaren % 5,5 inbertitzen duzue eremu horretan. Euskal Herrian gutxi inbertitzen dugu? Europatik urrun gaude?
Munduko eragile teknologikoei aurrez aurre begiratu nahi badiezu, pentsa liteke Ingeteamen inbertsioa apala dela balio absolutuan, baina portzentualki ahalegin handia da eta etekina ateratzen diogu merkatuetara lehiatzera goazenean. Euskadin BPGren % 1,85 inguruko I+Gko inbertsioa egiten badugu ere, Espainia osoko batez bestekoaren gainetik (% 1,24), Europan inbertitzen denetik urrun gaude oraindik (% 2,18). Beraz, lehiatu nahi badugu, ahalegin handiagoa egin behar dugu. Independentzia teknologikoa izatea eta know-how propioa sortzea da enpresen egitura eta gizartea bera sendotzeko oinarria. Ezinbestekoa da ikerketan inbertitzea, gakoa da. Bi pauso aurrerago joan behar gara.