Thyssenkruppek lantaldearen %40 murriztu nahi du 2030erako

5.000 postu kendu eta beste 6.000 kanpo hornitzaileengana bideratu nahi ditu konpainia alemaniarrak. 1.400 milioi euroko galerak izan ditu azken ekitaldian

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Thyssenkrupp Steel Europe konpainiak bere industria estrategiaren nondik norakoak jakinarazi zituen atzo, etorkizunera begira, gehiegizko ahalmenarekin eta inportazio merkeen lehiakortasunaren gaineko presioari aurre egiteko. Datozen urteetan bere langile kopurua %40 murriztea erabaki du, 2030era arte 5.000 enplegu inguru kenduz eta beste 6.000 lanpostu kanpoko hornitzaileetara bideratuz. Gaur-gaurkoz, 27.000 langile ditu.

Alemaniako enpresak jakitera eman duenez, "lanpostuen murrizketa nabarmena" eta langileekin lotutako kostuak murrizteko beste neurri batzuk hartuko dituzte. Egindako planifikazioarekin, arrazoi operatiboengatik kaleratzeak saihestu nahi dituzte, eta langileen kostuak batez beste %10 murriztu, “kostu lehiakorren mailara” egokitzeko.

"Merkatuko baldintza berrietara egokituko gara, gaitasuna doituz eta kostu espezifikoak murriztuz", adierazi du Dennis Grimm Thyssenkruppeko kontseilari delegatuak. Gaur egun, 11,5 milioi tona altzairu ekoizten dituzte urtero, eta, eskarira egokitzeko asmoz, ekoizpena 8,7 eta 9 milioi tona artekoa izatea nahi dute.

Kontseilari delegatuak onartu du hartu duten bidea zaila izango dela. "Datozen urteetan lanpostu asko kendu beharko ditugu lehiakorragoak izateko". Joan den astean, Thyssenkruppek iragarri zuen 1.400 milioi euroko galerak izan zituela urte amaieran. Iazko emaitzak hobetu baditu ere, galerak izaten jarraitzen du konpainiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK