Tradizioz zizelkatutako altzari garaikideak

Alki kooperatiba lapurtarrak aulkiak, bankuak, sofak, apalategiak, mahaiak eta beste zenbait produktu ekoiztu eta saltzen ditu

Itsasun du fabrika Alkik, eta tailer berria eraikitzen ari dira Larresoron | Argazkia: Alki Itsasun du fabrika Alkik, eta tailer berria eraikitzen ari dira Larresoron | Argazkia: Alki

Lapurdiko Itsasu herrian sortua, Alki kooperatiba aulkien ekoizpenera eta diseinuan hasi zen lanean 1981ean. Bost lagunen egitasmoa izan zen, eta garai hartako Ipar Euskal Herriko industriari bultzada emateko helburuarekin sortu zuten. “Enpresa eta produkzio gutxi zen hemen”, dio Eñaut Jolimonek, egun kooperatibako zuzendaria denak. “Enplegua sortzeko aktibitate bat sortu beharra zegoen, nekazaritzatik eta, batez ere, turismotik urruntzeko jarduera bat”, gehitu du.

Kooperatiba moduan sortu zuten enpresa, eta hastapenetatik hasi ziren aulkiak saltzen. “Talde proiektu bat zen, eta denen engaiamendua beharrezkoa izan zen aurrera egiteko. Herriari lana eman nahi genion, eskualdearekin lotura lana egin eta hemengo kulturan parte hartu”, nabarmendu du Jolimonek.

2.000 urte hasieran, taldeko zuzendaria zen Peio Uhalde Jean Louis Irazoki diseinatzailearekin harremanetan jarri zen, eta harrezkeroztik elkarlanean aritu dira

Alkik altzari tradizionalak fabrikatzen jardun zuen bere ibilbidearen lehen urteetan. Aitzitik, 2000. urte hasieran, euren produktu sortari beste norabide bat emateko beharra ikusi zuten. Zuzendariaren hitzetan, “jendeak gero eta altzari tradizional gutxiago erosten zituen”. Garai hartan, taldeko zuzendaria zen Peio Uhalde Jean Louis Iratzoki diseinatzailearekin harremanetan jarri zen, eta harrezkeroztik elkarlanean aritu dira. “Modu berean jarraituz gero, hau da, merkatuan jada tokirik ez duen produktu bat ekoizten, enpresaren amaiera izango litzateke”, adierazi du Jolimonek. Elkarlan horren bidez, altzarigintza garaikide baten aldeko apustua egin zuten, betiere “hogei urteko jakintza eta esperientzia erabiliz”.

Hibrido eta transbertsalak

“Mahaiaren inguruko produktu guztiak egiten ditugu”, dio Jolimonek. Aulkiak, bankuak, sofak, apalategiak, mahaiak eta loreontziak, besteak beste. Bulegoetan, ostatuetan, etxeetan eta beste zenbait instalazioetan ipintzeko produktuak dira. “Gehienbat profesionalekin ari gara lanean: ostalariak, bulegoko langileak edota erakundeak. Nahiko hibrido eta transbertsalak gara”. Dena den, partikularrei ere saltzen die Alkik: “badugu partikularrentzako saltzaile sare bat, eta ate irekien jardunaldi batzuk ere egiten ditugu tailerrean partikularrek erosteko aukera izan dezaten”.

Izan ere, fabrika Itsasun badute ere, ez dute denda propiorik. Diseinu eta altzari munduko dendetan saltzen dituzte euren produktuak. “Berriki ireki duguna zera da: erakustoki bat Parisen. Oraingoz profesionalentzat da, baina lan tresna zoragarria da guretzat, bai merkatu frantsesean aritzeko, baita nazioarte mailan elkartze puntu bat sortzen dugulako ere”, azpimarratu du Jolimonek. Alkiren lehen showrooma da, eta Pariseko Marais auzoko Rue des Gravilliers kalean dago kokatuta.

Eñaut Jolimon: “Berriki erakustoki bat ireki dugu Parisen. Oraingoz profesionalei zuzenduta dago eta lan tresna zoragarria da guretzat”

“Altzariak sortzeko nagusiki egur frantsesa erabiltzen dugu”, azaldu du Jolimonek. “Euskal Herrian ez dago haritz oihanik eta guk haritza erabiltzen dugu”, dio. Enpresaren hornitzaile gehienak Euskal Herri inguruko enpresak dira, baina Italian eta Belgikan ere badituzte zenbait. Hala eta guztiz ere, zuzendariak dioenez, “gure partaidetzan zein lan jardueran Hego Euskal Herri aldera begira ere bagaude, gure eskualdea kontsideratzen baitugu”.

Jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua ere kooperatibaren printzipioak dira. Hala, bioplastikozko karkasa du Kuskoa Bi izeneko euren diseinuko aulkiak. “Aulkiaren karkasa egiteko bio plastika erabiltzen lehen enpresa izan gara munduan. Plastikoa ez den beste alternatiba bat garatzen saiatuko gara”, azpimarratu du zuzendariak.

Tailer berriaren eraikuntza

Etorkizunari begira, “garapen fase batean” da kooperatiba, eta “proiektu egituragarri” batekin jarraitzea da asmoa. Larresoron eraikiko duten tailer berriaren eraikuntza da taldeak emango duen hurrengo urrats azpimarragarriena. “10.000 m2 tailer bat eraikiko dugu, enpresaren hurrengo belaunaldietarako prest egongo dena. Eko kontzepzioa ezarri nahi dugu gure produktuetan, eta argindar fotovoltaikoa erabiliko dugu. Hurrengo urtean inauguratuko dugu”, azaldu du Jolimonek.

Eñaut Jolimon: "Eko kontzepzioa ezarri nahi dugu gure produktuetan, eta argindar fotovoltaikoa erabiliko dugu"

Horrez gain, merkatu frantsesean zein nazioartean hazten jarraitu nahi du enpresak. “Krisia bukatu eta gero, berriz hasi dira feriak; Italian dugu bat aste honetan”. Halaber, konpetentziarengandik bereizten jarraitu nahi dute, eta bide horretan, “gure artisau eta fabrikanteek arreta osoa” dutela adierazi du Jolimonek. “Enpresa askok ez dute fabrikatzen. Guk gure tailerra dugu horretarako. Honek nolabaiteko lotura bat ematen digu egur puska, artisautza eta azken produktuaren artean”, gaineratzen du.

Nahiz eta inflazioak euren jardunean kalte egin, azken bi urteak positiboak izan direla uste du Alkiko zuzendariak. “Urteetan zehar izan dira gora beherak. Urte txarrak izan ditugu, baina Alkiren indarra kooperatiba izatea da. Proiektuan sinistea da gure norabidea. Sinisten dugu zerbait egiteko gaitasuna dugula. Aurrera jarraitu nahi dugu nortasuna behin ere galdu gabe, eta nondik gatozen atxikiz”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK