Bere garaian proiektu hagitz handia, berria eta aurrerakoia izan zela dio Lourdes Indaburu kooperatibako lankide eta bazkideak. 1990ko hamarkadaz ari da, hainbat nekazari eta abeltzain nafar elkartu baitziren orduan elkartea sortu eta produktu ekologikoak —ardoa, haragia, barazkiak, etab.— komertzializatzeko. Hasieran osatutako proiektuak, ordea, ez zuen nahi bezain besteko jarraipena izan, eta abeltzain zein nekazari gehienak euren bide propioari ekin zioten, haragi ekoizleak izan ezik, Trigo Limpio izena mantenduz kooperatiba gisa jarraitu baitzuten jarduna.
Juan Martin Elizondo (Aribe), Patxi Antxorena (Garralda), Maitina Gutierrez (Zaragueta), Gabriel Errandonea (Bera) eta Manuel Andueza (Orontze) abeltzainak dira egun kooperatibako bazkideak Lourdes Indaburu eta Arantxa Isastirekin batera, eta zazpiak dihardute azienda zaintzetik haragia saltzerainoko jardunean buru-belarri. “Lantoki, landa eremu edota herrira hurbildu eta bertan gure esplotazioak mantendu eta garatzea da gure helburua. Eremu naturalarekin lotuta egonik, kalitatezko produktu ekologikoa kontsumitzaileei zuzen-zuzenean saltzen diegu”, azaldu du Indaburuk.
Bizi proiektu bat
Trigo Limpioren jarduera indartzen joan den heinean, bizi proiektu bat bilakatu da bazkideentzat, eta beharrak areagotzearekin batera azpiegituran inbertitzea ere egokitu zaie. Hala, 2013an egin zuen elkarteak oso inbertsio handia. Ariben egoitza eraiki eta haragia zatikatzeko gela bat egin zuten. Indabururen hitzetan, jada lehenagotik jorratutako jarduera egonkortzeko modua izan zen nolabait.
Jorratutako jarduera hori azienda ustiategitik ateratzen den unetik bezerora iritsi arte burutzen dute oso-osorik. Zazpiak jarduten dute elkarlanean, eta prozesu guztia kontrolatzen dute denen artean eginkizunak banatuz. “Komertzial lana egiten dugu, baina aldi berean, gelan ere lan asko dago, haragi piezak puskatzea, eskariak prestatzea eta trazabilitatea eramatea, besteak beste”, azpimarratu du bazkideak. Halaber, eguneroko dinamikan gauzatu beharreko kudeaketa horiek egiteko elkartu ohi dira zazpi bezeroak larunbatero. Produktua prestatuta, banaketa egitea egokitzen da eta gerora datoz fakturak eta kontabilitatea. “Nik larunbatean badakit bi aratxe ditudala zatikatzeko, eta hiltzera eraman aurretik jada jarri naiz kontaktuan bezeroarekin eta lortu ditut hainbat eskari”.
Lourdes Indaburu: “Kontsumitzaileak ez du guk egiten dugun guztia ordaintzen. Laguntzak beharrezkoak ditugu. Dena prezioan sartzen badugu ezinezkoa da aurrera egitea"
Saltzerako unean partikularrak zein kontsumo taldeak izanik bezero ohikoenak, banaketan zailtasun gutxi izan ohi dituzte. Aitzitik, Iruñea, Donostia edo leku urrunagoetara joan behar dutenean, arazo gehiago dituztela onartu du Indaburuk: “beste tresna batzuetaz baliatzen gara kasu horietan. Ekoalde Nafarroako elikagai ekologikoen ekoizleen elkartea sortu genuen, esaterako, eta leku horietara gure gisako beste nekazari eta abeltzainekin joaten gara”. Gainera, kontsumo taldeen artean hainbat eskolekin ere lan egin izan du kooperatiba nafarrak. Ezkutuko lana egiten dute horiekin Indaburuk esan duenez: “umeak kontsumitzen hasten diren momentuan elikaduraren inguruan hezi eta haurrak heziketa mundu horretan elikatzen ditugu”.
Finean, nahiko bezero talde fidela dutela esan daiteke, urte asko baitira kontsumo talde eta partikular jakin batzuekin lanean ari direla. Bezero berriak egitea zaila dela onartuta ere, pozik dira bazkideak. Izan ere, dituztenak oso leialak dira. “Gurekin hasten diren bezeroak finkatzen ditugu, gurekin jarraitzen dute”.
Nork hartuko erreleboa?
Proiektuaren erronka nagusia egiten dutenari benetako balioa ematean jarri du azpimarra Indaburuk. “Txikia gara, baina zazpi lanpostu mantentzen ditugu, eta gure jarduerak baldintza jakin batzuetan lan egitea dakarrenez, inbertsio zein azpiegitura handiak behar ditugu”. Azken hamar urteotan eskuratutako etekinak euren soldatak ordaindu eta ustiategiko azpiegituretan berrinbertitzeko balio izan diete. Haatik, prezioen babesa bilatzen dabiltza, eta lortu ez dutela dio Indaburuk. “Kontsumitzaileak ez du guk egiten dugun guztia ordaintzen, laguntzak beharrezkoak ditugu. Dena prezioan sartzen badugu ezinezkoa da aurrera egitea; ezin da dena gure gain utzi”, gaineratu du.
Lourdes Indaburu: “Hemen denak bultzatzen zaitu Iruñea aldera joatea, baina guk lan egin, bizi eta gure seme alabak hemen haztea nahi dugu”
Unean-uneko laguntzak ez dira nahiko, eta produktu ekologikoen alde eta landa eremuan bizi ahal izateko apustu garbi baten falta dagoela iritzi dio Indaburuk. Egoera horrek beste hainbat ondorio dakartza, besteak beste, herritarrak hirietara migratzea. “Hemen denak bultzatzen zaitu Iruñea aldera joatea, baina guk lan egin, bizi eta gure seme alabak hemen haztea nahi dugu”, adierazi du. Hortaz, Aezkoa, Artzibar eta Zaraitzuko eskualdeetan geroz eta biztanle gutxiago izaki, errelebo falta ere arazo bilakatu da. "Nor geldituko da hemen hau mantentzeko apustu garbirik egiten ez bada?"
Are gehiago, urte garrantzitsuak ditu aurretik kooperatibak, eta orain arte egindakoari —proiektuari forma eman— eutsiz, bidea egiten jarraitzeko momentua da. “Sagarrondoan bezala, sagarra onduta dago eta jada bilzeko unean gara. Orain dela 30 urte hasi ginenean, oso aurrerakoiak izan ginen, eta denborak arrazoia eman digula ikusi dugu. Egindakoa probestu behar dugu nolabait”, gehitu du Indaburuk