Txile eta Perura talentu bila

Espainiak hitzarmen jakin bat du sinatuta Txilerekin eta Perurekin, langileak jatorrian kontratatuz gero izapidetzeak errazten dituena. Hori abiapuntu, talentu faltaren erronkari aurre egiteko proiektua abiarazi du Goierri Valleyk, elkartetik kanpoko enpresa industrialentzat ere zabalik dagoena

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Talentua falta dela enpresa ororen diskurtsoetan dago. Sektore guztietan. Lurralde guztietan. Denek partekatzen dute kezka eta erronka. "2022ko Goierri Valleyren hausnarketa estrategikoan atera zen elkarteak zer edo zer egin behar zuela talentuarekin, hemen dauden behar guztiak ez direlako bertako talentuarekin betetzen. Kanpotik ekartzeko beharra ikusi zen", kontatu du Xabier Perez Goierri Valleyko Negozio arduradunak.

Horri aurre egiteko asmoz, Goierri Valleytik proiektu bat jarri berri dute martxan, enpresei ahalbidetu diezaiekeena Txile eta Perutik langileak ekartzea. "2016tik Espainiak hitzarmena sinatua du bi herrialde horiekin migrazio fluxuak erregulatzeko. Hitzarmen horrek erraztu egiten du langile baten kontratazioa, lan egiteko bisaren eta kontratazioaren izapidetzeak jatorrizko herrialdean egiten badira", azaldu du. Bestela esanda, hasiera-hasieratik kontratuarekin batera bizileku-baimena eta lan egiteko baimena lortzen dute, baina horretarako kontratazioa langilearen jatorrizko herrialdean bertan gauzatu behar da.

Goierri Valleyren kasuan, gainera, Txilerekin duen harremana bereziki luzetik dator. "Guretzat herrialde estrategikoa da", dio Perezek. Zenbait misio egin dituzte hara, eta INACAP lanbide heziketako (LH) formakuntzako zentroarekin ere harremana dute luzetik. "Haiek ere helburua zuten atzerrian praktikak sustatu eta hemengo enpresak bilatzeko. Hori nola egin ikusten ari ginela ohartu ginen [arestian aipaturiko] hitzarmena existitzen zela", gaineratu du Negozio arduradunak. Horrela, proiektuari forma ematen hasi ziren.

Hautaketa prozesutik izapidetze administratibora

Egitasmoa ez da soilik INACAPeko ikasleak praktiketan ekarri ahal izateko. Alegia, langileen ohiko kontratazioa ere egiteko aukera eskainiko du. Goierri Valleytik prozesuaren koordinazioa eramango dute, eta hura abiarazteko lehen pausoa galdetegi bat betetzea da, dagoeneko elkarteko bazkideei bidali zaiena. "Galdetegi horretan, honakoa zehaztu behar dute enpresek: zenbat pertsona nahi dituzten, zein profil mota ekarri nahi duten, eta praktikak diren edo kontratazio bat den. Galdetegi hori bidalita, Gertuko, Biok eta gu elkartuko gara prozedura martxan jartzeko", argitu du Perezek.

Gertuko eta Biok Zerbitzuak, hain zuzen, bi enpresa dira, Goierri Valleyko bi bazkide. Gertukok aholkularitza eskaintzen die enpresei euren nazioartekotze prozesuan. "Guk herrialde horietan lan egiten dugu dagoeneko —Txilen egoitza dute, adibidez—, eta hasiera-hasieratik nahiko prozesu naturala da gu bertan egotea", azaldu du Eñaut Gereñu Gertukoko sortzaile eta zuzendariak.

Lehen pausoa galdetegi bat betetzea da. [...] "Galdetegi horretan, honakoa zehaztu behar dute enpresek: zenbat pertsona nahi dituzten, zein profil mota ekarri nahi duten, eta praktikak diren edo kontratazio bat den"

Euren esku izango da hautaketa prozesua. "Prozesu normala, esan liteke, baina bi modutan egingo duguna. Praktiketako norbait baldin bada, Goierri Valley eta INACAPen arteko hitzarmena abiapuntu, eskolako ikasleekin izango da. Eta ohiko kontratazioa bada, prozesu zabala, irekia egingo dugu", adierazi du Gereñuk. Gertukok dagoeneko 1.500 cvtik gorako lan poltsa du Txilen, eta horrez gain LinkedInera, webguneetara eta hautaketa plataforma jakinetara joko dute lan-eskaintzak argitaratzeko.

Joan den astean egitasmoa aurkeztu zieten Goierri Valleyko zenbait bazkideri | Argazkia: Goierri Valley
Joan den astean egitasmoa aurkeztu zieten Goierri Valleyko zenbait bazkideri | Argazkia: Goierri Valley

Hautaketa prozesua bukatzeko, baina, kontratazioa egin nahi duen enpresak izango du azken hitza. "Bi kasuetan gure asmoa da guk hiru pertsona aukeratzea bukaerako faserako, eta enpresa sartzea azkeneko fase horretan online bidezko elkarrizketekin eurak erabaki dezaten", gaineratu du.

Behin hautaketa prozesua eginda Bioken lana hasiko da [izapidetze lanek] sei eta zortzi hilabete bitarteko iraupena izan dezake guztira, langilea hona iritsi arte

Behin hautaketa prozesua eginda Bioken lana hasiko da. "Lan esparruko aholkularitza eskaintzen adituak gara, eta aukeraketa egin ostean, administrazioarekin izapidetze guztiak-eta geuk egingo ditugu langilea hona legalki ekartzeko", kontatu du Ibon Calvillo enpresako zuzendariak. Prozesuaren parte horrek, langilea hona iritsi bitartean, sei eta zortzi hilabete bitarteko iraupena izan dezake guztira. "Administrazioarekin izapideak luzeak dira, eta orain nahiko atzeratuta doaz lan asko dutelako. Era berean, kontuan hartu behar da bi administrazio direla tarteko, bertakoa eta jatorrizko herrialdekoa, eta oporrak ere ez direla garai berdinetan egiten", gehitu du.

Calvillok Espainiaren, eta Txile eta Peruren arteko hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du prozedura guztia egingo den bezala egiteko. "Hitzarmenik ez badago herrialdearekin, izapidetzea beste era batera egin behar da, lehenik galdetu behar delako ea INEM enplegu sistema nazionalean norbait ote dagoen lan egiteko. Aldiz, herrialdeekin hitzarmena izateak bide guztia erraztu eta prozedura modu honetan egiten dadin ahalbidetzen du", azaldu du.

Eskulan kualifikatua eta hitzarmenen araberako soldatak

Enpresek galdetegiak oraindik betetzeke badituzte ere, "orokorrean lan teknikoa egingo duten pertsonak dira bereziki bilatzen ari direnak. Horregatik ari gara lanbide heziketako eskola batekin akordioa sinatzen", mahaigaineratu du Perezek. Hala ere, "edozein profiletako jendea" bilatzeko prozesua da. Aitzitik, sektore industrialean aritzen diren enpresei  —enpresa industrialak eta industriari zerbitzuak ematen dizkienak— eskainiko zaien zerbitzua izango da soilik, Goierri Valleyko bazkide izan edo ez izan. "Aipatutako lan-poltsan denetarik dago —ingeniariak, esaterako— hona etortzeko prest daudenak", nabarmendu du Gereñuk. "Eta hemen ere beharra profil guztietan dago", gehitu du Perezek.

Kontratazioa egin ahal izateko, enpresek betebehar bat edo beste dute, galdetegia betetzeaz harago. Izan ere, legeak jasotzen du langileak Hego Euskal Herrian bizitzeko minimo batzuk kobratu behar dituela. Hala ezarri dute proiektu honetan ere. "Praktiketara badatoz, gutxienez, lanbide arteko gutxieneko soldata ordaindu behar zaio, eta urtebeteko kontratua aurreikusten da. Eta kontratua bada, lan-hitzarmenak ezartzen duen gutxieneko soldata. Metalaren Hitzarmena badu, esaterako, bertan ezartzen den gutxienekoa", dio Perezek. Hortik kanpoko gehigarriak eskaini edo ez, enpresaren esku geratzen da.

"Edozein profiletako jendea" bilatzeko prozesua da. Aitzitik, sektore industrialean aritzen diren enpresei  —enpresa industrialak eta industriari zerbitzuak ematen dizkienak— eskainiko zaien zerbitzua izango da soilik

Aukera "garrantzitsuak" daude, halaber, praktiketan etorritako ikasleari ondoren kontratua egin eta langile bilakatzeko, edo behin-behineko kontratuarekin etorri denari kontratua behin betiko egiteko. "Kontua da honekin ez dela soilik sustatu nahi praktiketan edo aldi baterako etortzea, eta euren herrialdeetara itzultzea, baizik eta jarraipen bat izatea bertako enpresetan", azpimarratu du Gereñuk. Hala ere, gerta liteke kontratua amaitu eta enpresak erabakitzea ez berritzea: "kasu horretan bizileku-baimena izan bitarteko denbora izan dezake beste lan bat topatzeko", dio Calvillok.

1.500 eta 2.500 euro bitarteko kostua

Egitasmoa joan den astean aurkeztu zieten Goierri Valleyko bazkideei, eta harrera ona izan du, baina bazkide ez diren enpresentzat ere zabalik izango da. Aldea, baina, kostuan izango da: praktiketako ikasle bakar bat ekartzeko prozedura guztiak 1.500 euroko kostua izango du Goierri Valleyko enpresa bazkideentzat, eta 2.000 eurokoa ohiko kontratazioa izanez gero; bazkide ez direnek 2.000 euro eta 2.500 euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren. "Prezio horretan sartzen da Goierri Valleyko koordinazio hori, baita Bioken eta Gertukoren zerbitzu hori guztia ere". Alegia, langileari edo praktiketako ikasleari ordainduko zaionari gehitu behar zaio aipaturikoa.

Non bukatzen da, baina, bitartekaritza lana? Hilabete horien guztien ostean, pertsona baimen guztiekin iristen denean. Orduan, enpresak langile bat gehiago izango du bere ardurapean. "Gure zerbitzua berez hor bukatuko da, pertsona hemen dagoenean, nahiz eta enpresak edozein behar badu hemen gauden laguntzeko", argitu du Perezek. Hala ere, lehenengo fase honetan, langileei etxebizitza bilatzen laguntzen ere arituko dira Goierri Valleytik, ondoren hori enpresek berek euren gain hartuko badute ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK