Ulma Gela sortu dute Ulmak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak

Arlo teknologikoetan ezagutza eta proiektu berritzaileak garatzeko gunea irailean jarriko da martxan

Ulmako eta MGEPko ordezkariak akordioa sinatu berritan | Argazkia: Ulma Ulmako eta MGEPko ordezkariak akordioa sinatu berritan | Argazkia: Ulma

Ulmak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEP) bidea batera egiten jarraituko dute. Gaurkoan lankidetza akordio bikoitza sinatu dute talentu gazte espezializatua sustatzeko baliagarriak izango diren ekimen berriak bultzatzeko. Konpromiso horren baitan, Ulma Gela sortu dute, arlo teknologikoetan ezagutza eta proiektu berritzaileak garatzeko gunea.

Gune berria MGEPeko instalazioetan egongo da eta bi katedra izango ditu: bat Adimen Artifizialaren ingurukoa eta bestea fabrikazio industrialeko prozesuen eraginkortasunarekin lotutakoa. Hainbat helburu ditu, besteak beste, epe luzeko lankidetza zientifiko eta teknologikoa sustatzea, I+G proiektuak garatzea, gradu eta masterreko ikasleen talentua erakartzea ikasketa amaierako proiektuak eta lanak egiteko, Ulmako profesionalen prestakuntzan parte hartzea, eta gai jakin batzuk unibertsitateko ikasketa planetan eta prestakuntza programetan txertatzea. 

Ikasturtea hasteaz bat, irailean, jarriko da martxan Ulma Gela. Akordioa sinatu berritan, Ulma taldeko zuzendari nagusiak, Iñaki Gabilondok adierazi du "etorkizuneko industria" eraikitzen ari direla, ikuspegi sozioenpresarial batetik ingurunean eragin positiboa izaten jarraitzeko. Bestalde, MGEPeko kordinatzaile orokorrak, Carlos Garciak, azpimarratu du euren eginkizun nagusiena Ulma taldeko kooperatiben posizio lehiakorra hobetzen lagunduko duen ezagutza teknologikoa transferitzea dela. 

Ohar bidez azaldu dutenez, bi erakundeek "lankidetza estua" izan dute beti ingurune industrial jasangarria bultzatzeko erronkarekin bat egin dezaketen profesionalak prestatzeko. Elkarlan horri esker, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko 400 ikaslek baino gehiagok garapen profesionalerako espazio bat aurkitu dute Ulma taldeko kooperatibetan. Taldeak gogorarazi du bere negozioek 400.000 eurotik gorako inbertsioak egin dituztela urtean, ikerketa, transferentzia teknologiko eta etengabeko prestakuntza proiektuak finantzatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK