
Plan estrategikoa aurkeztu berri du Hegan aeronautika eta espazio klusterrak, 2025-2028 tarterako. Lau urteko epean, %9,5eko hazkundea aurreikusi dute fakturazioan, %38koa salmentetan, eta 18.720 langile izatea, 2023an baino 3.320 langile gehiago, alegia, ezegonkortasun ekonomiko eta geopolitikoa kezka izanik ere. Hazkundea, baina, jasangarritasuna atzean utzi gabe egin nahi dute, baita negozio azpisegmentu berriak esploratuta. Plana aurkeztu berritan, Ana Villate klusterreko zuzendari nagusiarekin bildu da EnpresaBIDEA, sektorea nondik joango den ezagutzeko.
Hegan klusterraren parte diren enpresek EAEko BPGaren %6,1 ordezkatzen dute. Bere une onenenan al daude?
Une ona bizi dugu eskaera zorroari, ekoizpenari, salmentari... dagokionez. Zifra errekorretan gaude fakturazioan eta enpleguan. 2019an izan genituen azkenekoz zifra errekorrak, pandemiarekin joan egin zirenak, batez ere hegaldi komertzialei dagokienez. Baina orain pandemia aurrekoen gainetik gaude. 2023ko zifrak dira momentuz ditugunak, eta 2024an hazkundea izan da bai fakturazioan, bai enpleguan.
Kontua da egoera ekonomikoak eta geopolitikoak ez dutela hobera egin. Eta ezegonkortasuna kontuan izanda, ez daude unerik onenean. Horrek ez du laguntzen, lehengaien prezioen edota kostu energetikoen gorakada ekartzen baitu. Eta aeronautika eta espazio sektoreko erabakiak maila globalean hartzen dira gainera.
2025-2028 plan estrategikoa aurkeztu berri duzue. Horretan, 2028ra bitarteko aurreikuspenak eman dituzue: hazkundea fakturazioan %9,5eraino eta salmentetan %38raino. Zeren arabera egin duzue estimazioa?
Heganen parte diren enpresen bilakaera eta mundu mailako aurreikuspenak abiapuntu hartuta egin dugu estimazioa. Hori esanda, mundu mailako sektore aeroespaziala baino gehiago haziko gara, eta sektore industrialaren urteko hazkundetik gora ere bagaude. Zer dela eta? Batetik, gure hazkunde historialagatik. Eta bestetik, EAEko enpresen kasuan gora egin dezakegulako ez soilik aeronautika zibileko esparruan, egun indartsuena dena, baizik eta beste sektore batzuetan.
"Badira bazkideek ustiatu gabeko nitxoak, non hazi gaitezkeen: RPAak (droneak), ordezkoak, barrualdeak, itsasoaren eta lurraren defentsa, eta abionika"
Hazkundeko zein nitxo edo segmentu berri identifikatu dituzue?
Badira bazkideek ustiatu gabeko nitxoak, non hazi gaitezkeen: RPAak (droneak), ordezkoak, barrualdeak, itsasoaren eta lurraren defentsa, eta abionika.
Zuen ustez, zer rol joka dezake Heganek kluster gisa alor berri horietan bidea irekitzerakoan?
Guk, kluster elkarte gisa, hainbat helburu eta lan-ildo ditugu. Eta lan egiten dugun lerroetako bat hornidura-katea edo balio-katea indartzea da. Horrek esan nahi du dauden enpresen lehiakortasuna hobetu behar dela, baina, era berean, azpisailetan enpresak sortzeko aukera eman behar dela esan nahi du.
Jakina, rol horretan ez gara bakarrak. Eusko Jaurlaritzaren, Basque Trade and Investment-en eta enpresen laguntza dugu. Guztion artean lanean ari ez garen sektoreetan hazi gaitezkeela uste dugu. Ekosistema nahiko indartsua dugu, hau esan ahal izateko: teknologia berri honen bila goaz.
Euskal Autonomia Erkidegoko gaur egungo industria aeronautikoaren zenbat dago abiazio komertzialera bideratuta, zenbat espaziora eta zenbat defentsara?
Fakturazioari, enpleguari eta gainerakoei buruzko datuak kontuan hartuta, 2023ko datuen arabera, % 14 defentsara — aeronautika eta espazioa barne —, % 4 espaziora eta gainerakoa aeronautika zibilera.
Zeintzuk dira aurreikuspenak sektore horietan?
Sektore nagusia aeronautiko zibila da. Espazio eta defentsa sektoreak txikiak dira, baina esponentzialki hazten ari dira. Eta uste dugu hazkundearen zati bat sektore horietatik etorriko dela, espazioa eta defentsa, eta, jakina, abiazio zibileko bidaiarien garraio-eskari guztia.
Defentsaren aldeko apustuak argia dirudi, eta Guillermo Dorronsorok ere sektore hori indartzeko deia egin zuen Zedarriak ekimenaren aurkezpenean. Zenbateko hazkundeaz ari gara?
Ez dakigu Defentsaren hazkundea zein ehunekotan mugituko den. Kalkulua sektore aeroespazialaren gain egiten dugu batez ere. Egia da defentsa-sektorea Europako aurrekontuen eta Estatuaren eta haiek inbertituko dutenaren mende. Ez dago EAEren mende soilik. Teknologia aeroespazialak garatzen ari garen, punta-puntakoak garen eta inbertitzeko gaitasuna dugun eta, batez ere, industrian inbertitzea jomuga duten enpresarien sarearen ikuspegitik, uste dugu halako teknologien garapenean posizionatutako eskualde bat izateko baldintza guztiak betetzen direla, fabrikazioari dagokionez, adibidez. Jakina, aeronautikaz eta defentsa-eremuko espazioaz ari naiz, ez naiz ez lurrekoaz ez itsasokoaz ari.
Sektorera bere osotasunera itzulita. EnpresaBIDEAk 2022an elkarrizketatu zintuenean, bereizketa bat egin zenuen sektoreko core industriaren eta lagungarriago baten artean, eta esan zenuen bigarren taldeko enpresa batzuk industria aeroespazialeko taldera joaten ari zirela. Joera hori sendotu al da?
Garai hartan, gora egin zuen Heganera etorri eta bazkide egin ziren enpresa kopuruak. Batzuek zeharka sektore aeroespazialean lan egiten zuten, industria laguntzaile gisa, eta beste batzuk hasiak ziren. Enpresa horiek sendotu egin dira eta sektore aeroespazialean lan egiten dute. Dena den, egia da klusterraren parte izanik, sektore anitzeko enpresak izaten jarraitzen dutela.
"[2022 inguruan] gora egin zuen Heganera etorri eta bazkide egin ziren enpresa kopuruak. Batzuek zeharka sektore aeroespazialean lan egiten zuten. Enpresa horiek sendotu egin dira. Eta hazteko behar ditugu"
Zer neurritan da funtsezkoa joera hori finkatzea?
Beharrezkoa dela uste dugu. Hazi egin nahi dugu, eta hori egiteko modua dela uste dut. Azken finean, produktu propioa edo produktu edo zerbitzu zuzena egiten duten enpresek hazten jarraituko dute eta aukera asko daude. Bestalde, industria aeroespazialerako ezinbestekoak diren zerbitzu aurreratuak behar ditugu inguruan, eta uste dugu Heganengana etorri behar dutela eta bazkide izan behar dutela hurbilagotik lan egiteko adimen artifizialean, zibersegurtasunean...
Oro har, zer rol jokatzen du Heganek kluster gisa sektoreari bultzada emateko?
Gure helburua da klusterra osatzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea, I+G+b eta balio-katea indartzea, eta talentuaren erronkan ere bidelagun izatea. Sektorea ordezkatzen laguntzen dugu eta haren ahotsa gara bai euskal administrazioetan, bai Espainia mailan, bai Europan — azken horretan lurraldeetako klusterrek ere baitugu ordezkaritza —. Eta, gainera, asko laguntzen diegu produktuak eta merkatuak nazioartekotzen eta dibertsifikatzen. Noraino iritsi gara? Ba oso zaila da neurtzea. Gainera, ez da Hegan bakarrik. Eragile askoren arteko elkarlana da.
Azken asteotan, Europak Clean Industrial Deal edo Industria Garbiaren Ituna aurkeztu du, eta horrek Itun Berdea malgutzea dakar. Zer balorazio egiten du Heganek?
Osorik irakurri gabe badut ere, benetan uste dut alde batetik pena dela. Espero dut ezarritako jasangarritasun helburu guztiak bertan behera ez uztea. Horrek ez du esan nahi lehiakortasuna jasangarritasunean soilik oinarritu behar dugunik. Oreka lortu behar dugu, eta ulertzen dut itun berria horrelakoa izatea, gure lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko, jasangarriak izanik. Ezin dugu bestela egin. Baina hala eta guztiz ere, espero dut 20250era bitarteko 0 emisioen helburuari heltzea oraindik ere eta aireontzi neutroen gure apustuak garatu eta ezarri ahal izatea. Egia da inork ez duela esan egin behar ez dugunik.
"Ulertzen dut [Industria Garbiaren Ituna] halakoa izatea, gure lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko, jasangarriak izanik. [Baina] espero dut ezarritako jasangarritasun helburu guztiak bertan behera ez uztea"
Plan estrategikoaren barruan, zer ekintza zehatz aurreikusten dituzue Heganen datozen urteetarako, ingurumen-inpaktua murriztearekin lotuta?
Erronka-lerro osoa duguhegazkingintza neutroa garatzeko I+Garen garapenaren bitartez. Hori epe luzera. Epe laburrean industria-zerbitzuak deskarbonizatzeko ekintza zehatzak ditugu. Izan ere, produktu garbi bat ere egin behar dugu, baina gure prozesuek ere garbiak izan behar dute.
Proiektu zehatzik?
Automobilgintzako, teknologiako, siderurgiako eta paperezko klusterrekin proiektu bat egin berri dugu. Proiektu horretan, enpresekin batera lan egingo dugu deskarbonizazioan laguntzeko.
Industria gisa aurrera egiten jarraitzeko, inbertsioak funtsezkoak dira. Plan estrategikoa aurkeztu zen egunean, Mikel Jauregi sailburuak inbertsio mekanismo publiko-pribatuen beharraz hitz egin zuen. Aeronautika bezalako sektore batean, non enpresek nazioartera begira egiten duten lan, funtsezkoa izan al daiteke enpresen errotzea bermatzeko?
Funtsezkoa da, eta, gainera, hainbat arrazoirengatik. Funtsezkoa da euskal enpresek beren erabakiguneak EAEn izatearen aldeko apustua egiten jarraitzea, nahiz eta gero bezeroak gertu izateko beste herrialde batzuetan ere kokatu. Uste dut dena bateragarria dela. Baina horretarako laguntza publikoa funtsezkoa da. Bestalde, nire iritziz zuzeneko laguntzak edo erraztasunak egon behar dira sektore aeroespazialeko enpresak EAEn ezartzeko. Enpresa batek Europan ezarri nahi badu, erkidegoak lurralde erakargarria behar du zentzu guztietan, eta nolabait ezartzea ere erraztu dezala. Azkenik, uste dut laguntzek lagundu behar dutela enpresek beste herrialde batzuetako enpresak eskuratu edo haiekin aliantzak izan ditzaten. Laburbilduz: erabakigunea eta funtsezko fabrikazioa EAEn geratzen diren bitartean, garrantzitsua da enpresek beste batzuk erosi ahal izatea, instalazioak munduan zabalduago edukitzeko edo horiek osatzeko.
Egungo egoera eta neurriak ikusita, zein puntura arte sustatzen da bertako enpresek kanpoko beste enpresa batzuk eros ditzaten?
Gure enpresek enpresak erosteko ez dute laguntzarik. Euren muskuluarekin egiten da, edo modu pribatuan, inbertsio-funtsekin. Zeharka bai sustatzen eta laguntzen dela.
"Erabakigunea eta funtsezko fabrikazioa EAEn geratzen diren bitartean, garrantzitsua da enpresek beste batzuk erosi ahal izatea, instalazioak munduan zabalduago edukitzeko edo horiek osatzeko"
Eta egun EAE toki erakargarria al da kanpoko enpresa aeronautikoak erakartzeko?
Arazo bat dugu. Eusko Jaurlaritzak tresna asko ditu kanpoko enpresak erakartzeko. Baina garestiak gara Europako eta, zehazki, Espainiako beste eskualde batzuekin alderatuta. Ez gara erakargarriak lursailekin, zuzeneko laguntzekin edo bestelako erraztasunekin laguntzen den beste eskualde batzuekin erkatzen bagara. Hortik ihes egiten digute aukera askok. Ez ditut tresna posibleak ezagutzen, baina hobetu daitezkeela uste dut.
2023an, Heganeko enpresek 15.400 pertsonari ematen zieten lana. 2028 amaierarako 18.720 pertsona espero dira. Badago nahikoa jende aipatutako lanpostuetarako?
Ez dago jende nahikorik, ez, jaiotza-tasak eta erronka demografikoak ez baitute laguntzen. Baina aukerak egon daitezkeela uste dugu. Lehenik eta behin, sektorean lan egiten ez duten pertsona asko ditugu. Horien artean, emakumeak. Biztanleriaren %50 izanik, Heganeko enpresetako langile guztien %22,5 baino ez dira emakumeak. Eta, bestalde, hemen formakuntza jaso dezaketen edo besterik gabe etor daitezkeen migratzaile guztiak daude. Gainera, aukera dago 50 urtetik gorako pertsonak hartzeko, iraupen luzeko langabezian daudenak, beste industria-sektore batzuetatik datozenak. Lanean hasteko aukera emango dien prestakuntza behar dute. Beraz, aukerak egon, badaude.