Errealitate birtuala oinarri hartuta, enpresa, instituzio zein erakundeak jasangarriago egitea du helburu Virtualwarek. Errealitate birtualaren esparrua ezagutu eta gustatuta, 2004ean, hiru ingeniari informatikoren iniziatibaz sortutako proiektua da. Hala, euren pasioa zena profesio bilakatu nahi izan zuten, baita lortu ere. Hiru ingeniari horietako bat da Unai Extremo, enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusia. Bere hitzetan, Euskal Herrian ez zegoen esparru horretan lan egiteko aukerarik; ez zen enpresarik existitzen ere. Beraz, euren enpresa propioa sortzea erabaki zuten. “Errealitate birtualaren teknologia enpresa mundura bideratu nahi genuen, teknologia horren potentziala aprobetxatzeko”, azaldu du.
“Funtsean, errealitate birtualeko teknologia enpresa eta erakundeen prozesuetan barneratzen dugu”, dio Extremok. Horretarako Viroo izeneko plataforma propioa sortu dute. “Gure plataformari esker, industria enpresak edota hezkuntza erakundeek modu erraz batean ezarri dezakete errealitate birtuala formakuntza, produktuen diseinu eta salmentako prozesuetan”, gehitu du.
Unai Extremo: “Errealitate birtualaren teknologia enpresa mundura bideratu nahi genuen, teknologia honen potentziala aprobetxatzeko”
Viroo plataforma edozein fabrikanteren hardware gailuan zabal daiteke urrunetik. Hau da, plataformarekin lan egingo duen enpresak edozein hardware eduki dezake, baita munduko edozein lekutan egon ere. Halaber, Virook hedatzeko duen gaitasuna dela eta, errealitate birtualeko areto handiak sortzeko negozio lerroa ere badu Virtualwarek. “Gure plataforma areto handietan edozein eduki zabaltzeko gai da eta aldi berean, aretorik kanpo, beste herrialde batean dauden erabiltzaileekin ere konektatu dezake”, azpimarratu du enpresako sortzaileak.
Sektore orotarako errealitatea
Askotariko proiektuak landu ditu enpresa bizkaitarrak 18 urte hauetan. Extremok Amerikako Estatu Batuetako General Electric Hitachirekin ondutako proiektua nabarmendu du beste askoren artean. Energia nuklearrarekin lan egiten duen enpresa da Hitachi, eta bertako langileak zentral nuklearrean ematen diren operazio eta prozesuetarako prestatzeko errealitate birtualeko simuladorea sortu du Virtualwarek. “Langile bat simulazio egoeran jartzen dugu, eta benetako zentral nuklearrean izan balitz bezala izango da”.
El Salvadorreko unibertsitatean burutu berri dute azken proiektua. Medikuntza eta osasun arloko beste zenbait gradutako ikasleen formakuntza bultatzeko laborategi birtual bat instalatu dute bertan
Askotariko proiektuen garapena zuen ardatz enpresak orain dela gutxi arte, baina 2019tik erabat zentratuta daude euren plataforman. General Electric Hitachi bezalako industria enpresez gain, hezkuntza arloko erakundeekin ere ari dira lanean. “Unibertsitateak edota Formakuntza Profesionaleko zentroak errealitate birtuala erabiltzen hasi dira euren formazio prozesuetan”. Hego Amerika, Kanada eta Europako unibertsitate askotan zabaldu dute jada euren plataforma, eta El Salvadorreko unibertsitatean burutu berri dute azken proiektua. Medikuntza eta osasun arloko beste zenbait gradutako ikasleen formakuntza bultzatzeko laborategi birtual bat instalatu dute bertan, hain zuzen.
Gizarteari ekarpena egiten dion teknologia
“Errealitate birtualak botere handia izan dezakeen esparru ugari daude, formakuntzan esaterako. Langile batek egoera zail bati aurre egin behar dionean, errealitate birtualaren bidez halako egoeran lehenago egon bada, prestatuago izango da aurre egiteko”, nabarmendu du Extremok. Era berean, teknologiak urrunetik lan egitea errazten duela dio zuzendariak, produktuen diseinuak lantzeko aukera ematen baitu fabrikan bertan egon gabe. “Kostu eta jasangarritasun aldetik, lekualdaketak nabarmen murriztuko dira teknologia horri esker. Gainera, produktuen diseinuei dagokionez, berrikuspen gehiago egiteko aukera emango du. Gero eta enpresa gehiagok, euren bezeroekin elkarlanean, 3D modeloko diseinuak egiten dituzte ezer fabrikatu aurretik”. Modu honetara, fabrikazio prozesuan akats gutxiago egiten dira.
Unai Extremo: “Kostu eta jasangarritasun aldetik, lekualdaketak nabarmen murriztuko dira teknologia honi esker. Gainera, produktuen diseinuei dagokionez, berrikuspen gehiago egiteko aukera emango du"
Hein horretan, sektoreak etorkizunean izango duen hazkundea oso handia izango da. “Gero eta heldutasun maila altuagoa du teknologiak, eta enpresa munduan duen presentzia areagotzen joango da. Hainbat ikerketaren arabera, errealitate birtualaren negozioa %30 inguru haziko da”, azaldu du Extremok.
Virtualwarek produktuan oinarritutako estrategian jarraitu nahi du, hau da, Viroo plataforma hobetzen. “Produktuaren garapenean inbertitzen jarraituko dugu, eta talentua behar dugu horretarako, baita teknologia berriak erantsi ere”. Halaber, euren teknologia enpresa eta multinazionaletan baino, enpresa ertain eta txikietan zabaldu nahi dutela dio proiektuaren fundatzaileak.