Donostia Sustapenak antolatu duen WeekInn astearen baitan Enpresa Berritzaileen DSS INN Sariak banatu dira gaur, urriaren 31n. Ekitaldia Maria Cristina Hoteleko Ibaia Aretoan egin da, eta helburu nagusia Donostiako hiriko negozio berritzaileei aitortza egitea izan da. Start-upak ere saritzen dira, antolatzaileek adierazi dutenez “mota horretako enpresak etorkizuneko enpresa-ereduaren erakusgarri direlako”. Saria hauek duela bederatzi urte sortu ziren.
Eneko Goia hiriko alkateak ezagutarazi ditu aurtengo sarien irabazleak: Wavegarden (Enpresa Finkatuaren kategorian), Multiverse Computing (Enpresa Gaztearen kategorian) eta Tecnalia (aintzatespen berezia). “Gauza kondo egiten” dituzten enpresak direla adierazi du, eta haien esfortzua aitortu du, “ikerketan eta berrikuntzan ardura handiz lan egiten baitute”. Ane Oyarbide Ekonomia eta Enplegu zinegotziak gaineratu du, donostiar gazte askori enplegua emateaz gain, hiru enpresek ekarpen handia egiten diela hiriko sustapen ekonomikoari.
Irabazlea izan den Multiverse Computing enpresa software kuantikoan espezializatutako taldea da; Wavegardenek surfa egiteko olatuak sortzeko sistemetan egiten du lan; aintzatespen bereziaren saria Tecnaliak irabazi du, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak.