WhatsApp marketin-tresna gisa

WhatsApp bezeroengana modu errazean iristeko aplikazioa bihurtzen ari da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Whatsapp gaur egun gehien erabiltzen dugun sare soziala bihurtu da. Komunikatzeko erraztasunari esker, berehalako mezularitzako edo smartphonearekin bideo-deiak egiteko bide eztabaidaezina bihurtu da. Apurka-apurka, funtzio berriak gehitu ditu, eta bat-bateko komunikaziotik haratago joan da. PCtik Whatsappera konektatzeko aukerak edo duela gutxiko hedapen-kanalek, Whatsapp bezero gehiagorengana iristeko marketin-tresna bihurtzen ari da.

Burutü-ko zuzendari eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle Josu Bergarak azaldutakoaren arabera, "interesgarria izan daiteke Whatsapp aplikazioa erabiltzea komunikazio digitalean edozein enpresa edo erakundearentzat, askotariko helburuak lortzeko". Bestela esanda, Whatsapp aplikazioa komunikazio estrategiaren parte izan ahal da, modu ugaritan erabiliz. "Whatsappek hainbat abantailak ditu: kontsumitzailearekin erlazio pertsonalizatua izateko aukera, inbertsio txikiarekin komunikazio zuzena izatea, multimedia euskarriak kudeatzeko aukera eta berehalako erantzunak jasotzekoa". Hain zuzen, Whatsapp marketin-tresna gisa nola erabili azaltzeko tailerra eskainiko du Bergarak, Miramon Enpresa Digitalak antolaturikoa, uztailaren 10ean. Erabat euskaraz izango da.

Estrategiak, helburuen arraberakoak

Helburuen arabera, zenbait jarrai daitezke: "bezeroak erakartzea, fidelizatzea, produktu edo zerbitzu bat ezagutzera ematea, besteak beste". Horretarako, Whatsapp aplikazioak aukera bereziak ditu, hala nola Whatsapp kanalak, taldeak, Whatsapp Business kontuen erabilpena eta beste batzuk. "Burutü agentziaren kasuan, marka askoren estrategia digitaleko plangintzetan Whatsapp apliazioaren erabilera antolatu eta protokolizatzen dugu", kontatu du Bergarak.

Josu Bergara: "[Whatsapp kanalak] Publiko handi batengana heltzeko pentsatuta daude, administratzaileak mezuak kontrolatu ahal ditu eta harpidedunen pribatutasuna ere kudeatu daiteke

Whatsapp kanalek, adibidez, askotariko abantailak eskaintzen dituzte. "Publiko handi batengana heltzeko pentsatuta daude, administratzaileak mezuak kontrolatu ahal ditu eta harpidedunen pribatutasuna ere kudeatu daiteke. Ondorioz, kanalak aukera onak eskaintzen ditu informazioa zabaltzeko", azaldu du Burutükoak. Zenbait kasutan, baina, ez dira "horren eraginkorrak" eta "askotan publikoak ez ditu edukiak horrenbeste jarraitzen".

Whatsapp Business vs aplikazio arrunta

"Orokorrean, Whatsapp Business eta Whatsapp aplikazio arrunta, funtzionalitate ezberdinetarako pentsatuta daudela esango nuke", esan du Bergarak. Aplikazio arrunta erabilera pertsonalerako egokia den bitartean, Whatsapp Businessek erabilera korporatiboa edo profesionala ahalbidetzen du. "Era honetan, Whatsapp Business aplikazioan enpresa edo erakundearen profil profesionala izan dezakezu, eta kustomizatu zure ordutegiak, harremanetarako telefonoa, webgunea, sare sozialen estekak eta beste aukera batzuk izateko". Gainera, beste aukera asko ematen ditu: mezu automatizatuak edo programatuak izatea, etiketen bitartez txatak antolatzeko abagunea, salerosketarako katalogo komertzialak izatea, besteak beste.

Baina Whatsapp erabil daiteke bezeroarekin harremanetan jartzeko plataforma gisa? Bergarak argi du erantzuna: "Bai. Harreman zuzena eta azkarra izateko aproposa da. Agian eduki sendoak eta konplexuak badira, beste kanal batzuk interesgarriagoak izan daitezke, baina erlazioaren muina zuzena, argia eta zehatza denean, Whatsapp aplikazioa erabilgarria eta eraginkorra da, zalantza barik". Hori bai, oso ondo kudeatzea ezinbestekotzat jo du, "komunitatearekin harremana tentuz eta zuhurtziaz kudeatuz".

Josu Bergara: "Eduki sendoak eta konplexuak badira, beste kanal batzuk interesgarriagoak izan daitezke [bezeroarekin harremanetan jartzeko], baina erlazioaren muina zuzena, argia eta zehatza denean, Whatsapp aplikazioa erabilgarria eta eraginkorra da, zalantza barik"

Hala ere, Bergarak uste du Whatsapp edo beste aplikazio zein plataforma batzuk erabiltzea marka bakoitzaren estrategiaren arabera erabaki beharko litzateke. "Marka horren publiko objektiboa edo targetaren arabera, aplikazio bat edo beste erabiliko da". Dena den, Whatsappek abantaila ugari ditu: "batez ere, gizartean oso hedatuta dagoela eta gure egunerokotasunean asko erabiltzen dela nabarmenduko nuke". Hala ere, badaude beste plataforma batzuk (Telegram, adibidez) kasuan kasu eta estrategiaren arabera aukeratu ahal direnak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK