Xabier Sagredo: "Pertsonak pasa egiten gara, baina enpresak geratu egiten dira"

Lehiakortasun jasangarria gakotzat jotzen du BBKko presidente exekutiboak. Ekonomistak 2024 saria jasoko du

Epe luzerako begirada estrategikoa ezinbestekotzat jotzen du Sagredok | Argazkia: BBK Epe luzerako begirada estrategikoa ezinbestekotzat jotzen du Sagredok | Argazkia: BBK

Euskal Ekonomisten Elkargoak 2024ko Ekonomistak saria emango dio gaur Xabier Sagredo Ormaza BBK fundazioko presidente exekutiboari. Kutxabanken gizarte ongizateko ikuspegiari eta errotzeari egindako ekarpena, lehiakortasun jasangarriaren ikuspegia, eta hainbat erakundeetan kontseilari gisa egindako lana aitortuko diote ekonomialariek, besteak beste. "Etxean" jasoko duen lehen saria da.

Jaso izan ohi dituzu bestelako aitortzak. Zergatik da garrantzitsua Ekonomistak Euskal Ekonomisten Elkargoko 2024ko saritua izatea?

Egia da sariak jaso izan ditudala Espainia mailan, are AEBn eta Europan, bai. Baina aurrekoak baino sentimentalagoa bada sari hau. Batetik, Euskal Ekonomisten Elkargoak, alegia, zure profesio-kideek ematen dizutelako. Bestetik, ohikoa izaten delako kanpokoa etxekoa baino gehiago aitortzea.

Bere lan ibilbidean hasi zen Xabier horren zer mantentzen du gaur egungoak?

Lan ibilbidea bankuetan hasi zuen Xabier hori oso gutxi aldatu da. Uste dut profesional ona izatea eta pertsona ona izatea ez direla bateraezinak. Betidanik dut gustuko taldean lan egitea eta taldekideak erabaki estrategikoen parte egitea ondoren taktika hobeto egin dadin. Horretan ez naiz aldatu, eta ez dut aldatzeko asmorik. Hasiera-hasieratik izan dut epe luzerako begirada estrategikoa, eta hori mantendu egiten dut. Azken batean pertsonak pasa egiten gara, baina enpresak geratu egiten dira.

"Aurrekoak baino sentimentalagoa bada sari hau. Euskal Ekonomisten Elkargoak, alegia, zure profesio-kideek ematen dizute"

Lehiakortasun jasangarriaren kontzeptutik egindako ekarpena aitortu du elkargoak. Hori errealitate bilakatu dadin, zein aldaketa eskatzen ditu euskal ekonomia eta enpresa ekosistemak?

Nik uste dut ez dugula beste erremediorik. Egia da elkarrizketaren bat eskaini behar izan dudanetan, edo fororen batean izan, beti saiatu naizela lehiakortasun jasangarriari buruzko sentsibilizazioa egiten. Uste dut eskutik doazela. Batetik, ekoizkortasuna dago, faktore garrantzitsuena. Lan egin behar dugu teknologiarekin eta digitalizazioarekin. Bestetik, jasangarritasuna bera.

Hala ere, nik uste dut dagoeneko sentsibilizazio lan hori ez dudala egiten, eta ez da ez zaidalako garrantzitsua iruditzen. Ni izan naizen eta izango naizen enpresetan, jasangarritasunak berezko zerbait izan behar du. Emaitza onak ez dira bateraezinak giza eskubideak, klima aldaketaren kontrako borroka eta hori guztia marraztuko duen gobernantza egokia aintzat izatearekin. Garapen Jasangarriko Helburuez eta 2030 agendaz hitz egiteari utzi behar diogu, eta egiten hasi.

Gure kasuan, gure estatutuetan ere badago. Aldatu egin genituen lehiakortasun jasangarriari loturiko elementuak txertatzeko, etorriko den guztian ezinbestean egoteko. Zure estatutuetan, zure barne-politikan, eta zure egunerokotasuneko zereginetan aipaturikoa txertatzeak bultzatzen du enpresa eta talde guztia gaia naturaltasunez eta harrotasunez eramatera.

"Emaitza onak ez dira bateraezinak giza eskubideak, klima aldaketaren kontrako borroka eta hori guztia marraztuko duen gobernantza egokia aintzat izatearekin"

Gizartearen ikuspegitik ere, enpresak eta ekosistemak jasangarriak izango dira, edo ez dira bideragarri izango.

Ez dut inolako zalantzarik. Erabat ados nago. Noski, hasiko bagina esaten ea motel edo azkar doan, politikan sartuko ginateke. Nik ez dut politikaz hitz egiten; enpresaz hitz egiten dut. Eta enpresan, gizarteak eskatzen digu aldaketa klimatikoaren kontra doazen kontzeptuen lehia gelditu dezagun. Denontzako etorkizun hobeago bat izatearen alde egin behar dugu. Europan hala egiten badu, aitzindariak izan gaitezke munduan mugitzen diren beste agente batzuen kontra.

Eta berriro ere diot: epe luzera eginiko emaitzen kontuak hobeto gauzatuko da aintzat hartzen badira arestian aipaturiko kontzeptuak —gizarte, ingurune eta gobernantza—.

BBKn zehazki fokua jarrita. Zein ibilbidetatik dator fundazioa?

BBK aurrezki-kutxa izan da, 2014an sartu baitzen indarrean banku fundazio izatera behartu gintuen legea. BBK horrek hasiera-hasieratik izan du argi bere epe luzera begirako estrategia: aurrezki-kutxek hain ondo egiten zuten horri eustea. Ni aurrezki-kutxen erabateko defendatzailea naiz. Eta saiatu gara, banku fundazio gisa nolabait mantentzen.

Uste dut arrakastatsuak izan garela zentzu horretan. Egun kontrol-akziodunak gara herrialde honetan dugun banku nagusienetako baten, Espainiar estatuko onenetako baten, eta Europako kaudimendunenetakoan, alegia, Kutxabanken. Ez dugu aurrezki-kutxa bezala egiten, baina bai zuzeneko akziodun bezala. Hala, bankuak duen egitekoari ekiten dio, zerbitzu finantzarioa ez ezik, soziala ere emateko. Era berean, gizarte-ekintza onena garatzen du, biztanleko gizarte-ekintza handiena baikara Espainiar estatu osoan. Eta azkenik, dibertsifikatuta gaude, bestelako enpresetan ere inbertitzen dugulako hemen garatu daitezen, errotzea bultzatu eta herrialde honi hazkundea ekarri ahal izateko. 4.000 milioi euro baino gehiagoko aktiboak dituen eragilea gara lurralde eraginarekin zerikusia duten alderdietan.

Xabier Sagredo | Argazkia: BBK
""Gure erronka zailenetako bat da gizarteari ikusaraztea zein garrantzitsua den BBK bezalako eragile finantzario bat garatu izana" | Argazkia: BBK

Gizarteak ulertzen al du BBK Fundazioa egiten ari dena?

Uste dut autokritika egin behar dugula. Gure erronka zailenetako bat da gizarteari ikusaraztea zein garrantzitsua den halako eragile ekonomiko eta finantzario bat garatu izana. Urtero-urtero ari gara horretan lanean, kontatzeko gu geu garela bankuaren jabe, eta ez alderantziz, eta fundazioa garela. Lanean ari gara ikusteko nola azaldu dezakegun lurralde honetan, Kutxabanken errotzearen aldeko apustua egiteaz harago, apustua egiten ari garela beste hainbat enpresen errotzerako. Eta horrekin, kontuan izanda irabazi asmorik gabeko entitate bat garela, saiatzen garela gizarteari itzultzen gizarte dibidendu izendatu ohi duguna, alegia, gizarte-ekintza. Eta gainera egiten dugula gizarteari galdetuta eta harekin aztertuta zer den administrazio publikoa kubritzen ari ez dena. Gure umiltasunetik eta gure gaitasuna aintzat hartuta, saiatzen gara proiektuak aurkezten arazo horiek geroz eta txikiagoak izan daitezen.

Errotzea aipatu duzu bizpahirutan. Nola ulertzen duzu?

Niretzat errotzea da zerbait edo norbait eramaten duena hemen egotera, eta gainera pozik eta harro egotera hemen egoteagatik. Eta aukerak izatea hori horrela mantendu dadin. Denon artean fokua jarri behar dugu horretan.

Lehiakortasunak duen pisuarekin, jakiten ari al gara errotze hori lantzen?

Iruditzen zait gu bagarela eredu bat, esportatu daitekeena, eta asko hitz egin dezakegula horri buruz. Guk 2013 eta 2014 urte bitartean erabaki bat hartu behar izan genuen. Kutxabank merkatuaren legearen menpe uztea une jakin batzuetan, edo gure gain hartzea zenbait alderdi: esaterako, 200.000 milioi euro baino gehiagoko erreserba-funts bat jartzea Kutxabankek hainbat egoerei aurre egiteko gaitasuna izan zezan, eta sustraiak bertan mantentzeko.

Horrekin, zera esan nahi dut. Pertsonek bilatu behar dugula, jatorritik, akziodunen egitura egokiena enpresak hazteko dituen beharrak asetzeko. Eta baditugu tresna nahikoak errotzeko. Guk geure egin dugun moduan, baikorra naiz errotzea berezko ezaugarri izan eta egin dezaketen beste pertsonen inguruan ere.

"[Errotzeaz] Iruditzen zait gu bagarela eredu bat, esportatu daitekeena, eta asko hitz egin dezakegula horri buruz"

Pertsonez ari zarenean, enpresetako arduradunez ari zara?

Bai. Horiek ematen dute errotzea nire ustez. Nik neuk, adibidez, errotzea berezko ezaugarria dut, errotzea bada sustraiak hemen botatzea eroso eta gustura zaudelako, bertan egon nahi duzulako eta zure negozioa garatzeko erosotasun guztiak dituzulako. Hori guztia baduzu, pentsatu dezakezu akziodunen konfigurazioan, eta etorkizuneko finantzazioan, zure enpresako egoitza nagusia etorkizunean bertan mantendu dadin.

Berrikuntza finantzarioa falta zaigu horretarako?

Ezer baino lehen, eduki behar duguna da herrialde erakargarri bat. Hori badugu, nahiz eta oraindik bultzada handiagoa eman behar diogun. Egun likidezia asko dago mundu mailan, eta ondo dago jakitea badagoela atzerriko inbertsioa gaitasuna duena inbertsioari iraunkortasuna emateko bestelako interesik izan gabe.

Baina berrikuntzari loturik, uste dut bai bankuetan, bai gainontzeko sektoreetan, oso garrantzitsua dela, nire ikuspegitik, bi alderdi bateratzea, lehen aipatu bezala. Bata da alderdi ekonomikoa eta bestea gizarteari loturikoa. Egun, Europako enpresak duen arazo nagusia da ekoizkortasuna. Produktibitateak garamatza bestelako lehiakideekin geroz eta distantzia gehiago hartzera, eta produktibitate horren alde egin behar dugu lan. Digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoak garraiatuko gaituzte horretara. Baina ez gaitezen nahastu: ekoizkortasuna bai, baina gizarte-eskubide gehiagorekin, hezkuntza berrikuntzarekin, enpresetako formakuntzako berrikuntzarekin... Nik jasangarritasunaz hitz egiten dudanean, bi alderdiz ari naiz: enpresaren jasangarritasun ekonomiko eta finanzarioa; eta enpresa beraren jasangarritasuna. Eta berriro ere diot: azken hori soil-soilik ulertzen da aldaketa klimatikoaren borroka, giza-eskubideak eta gobernantza aintzat hartuta.

"Eduki behar duguna da herrialde erakargarri bat. Hori badugu, nahiz eta oraindik bultzada handiagoa eman behar diogun"

Hainbat erakundetako patrono eta kontseilari zara. Zein ekarpen egin behar dio kontseilari batek enpresari?

Edozein enpresatan hasten bazara kontseilari bezala lanean, normalean ez exekutibo bezala sartzen zara. Hor saiatzen zara administrazio kontseiluari edo patronatuari laguntzen zure ekarpena izan dadin zure esperientziatik, zure dedikazioarekin eta zure ezagutzarekin sozietate edo konpainia hori hobea egiteko.

Berrikuntza teknologikoari lotuta, egin ohi zaidan galdera da: jende askok uste du jasangarritasunak produktua garestitu egiten duela. Ni ez nago batere ados. Kontseilari lanetan ari naizen enpresak aipatu dituzu. Horietako bat da Ibedrola. Duela asko egin genuen berriztagarrien aldeko apustua. Hori aitortzen ari dira, akzioaren prezioetan ikusten ari garen bezala. Ikusten dugu batez ere energia berriztagarriak merkeagoak direla. Alegia, jasangarriagoak izatea ez du zertan esan nahi garestiagoak izatea.

Informazio gehiago
Asier Vitoria: "Lehiakorra izan zaitezke egokitzapenak eginda? Gureakek egunero erakusten du baietz"
Ibon Galarraga: "Ezin diogu egungo energiaren kontsumoaren hazkundeari eutsi"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK