Zaraitzu ibarrean ekoitzitako txartel elektronikoak

Nafar Piriniotako bailararen bihotzean txartel elektronikoak fabrikatzen dituen 15 langileko enpresa da Almisala

Almisalaren lantegia Izizen | Argazkia: Almisala Almisalaren lantegia Izizen | Argazkia: Almisala

Zaraitzu bailaran, Galoze udalerriko kontzejua da Izize. Apenas ditu 15 bat biztanle, bertako enpresa batek dituen langile kopuru bera. Almisala da enpresa horren izena eta txartel elektronikoak egiteaz, testatzeaz eta paketatzeaz arduratzen da.

Enpresaren sortzaile eta zuzendaria da Patxi Sanz. Ibiltzietakoa da bera, Izizetik sei bat kilometrora dagoen beste kontzeju batekoa. Almisalaren jardueraren bitartez, despopulazioari "apur bat" frenoa jartzen diotela bederen dio Sanzek. Izan ere, enpresa bertan kokatuta egoteaz gain, langileak ere bailarako herritarrak dira.

Haatik, deigarria egiten da arlo teknologian murgildutako enpresa bat aurkitzea Nafar Piriniotan. 1992an sortu zen enpresa, atezain automatikoak egiten zituen Iruñeako enpresa batentzako hasi zirelarik lanean, “eskuz egindako lan arruntak” eginez, soldadura txikiak edota plastikozko piezen muntaketak. Ondoren, zirkuitu elektronikoen muntaia gehitu zuten euren jarduerara, azkenik, txartel elektronikoak egiten bukatuz. Hala, hasieran, muntaia arruntak egitetik teknologiaren bilakaerak prozesuak automatizatzera behartu zuen enpresa, eta eskuz egitetik makina bidez egitera igaro ziren.

Hasieran, muntaia arruntak egitetik teknologiaren bilakaerak prozesuak automatizatzera behartu zuen enpresa eta eskuz egitetik makina bidez egitera igaro ziren

“Azpikontratazio enpresa gara”, dio zuzendariak, “ez dugu produktu propiorik egiten, hirugarrenentzat egiten dugu lan”. Bezeroek txartelaren diseinua bidalita, Almisalak txartelak fabrikatu, testatu eta paketatu egiten ditu, gero bezeroari bidali eta hark merkaturatu dezan. Hain zuzen ere, diseinu propioa egin eta gero ekoizpena kanpora ateratzea oso ohikoa den sektorean dihardute.

Frantziako multinazional bat

Sanzek azaldu du sektore askotan egiten dutela lan, baina telefonia, elebazioa eta salmenta makinen esparruan batez ere. Fabrikatutako beste txartel askoren azken helmuga zein den ere ez dakiela aitortu du. Aitzitik, Almisalaren bezero garrantzitsuena azpiegitua elektriko eta digitalez arduratzen den Legrand multinazional frantziarra da. “Fabrikatik ateratzen diren ia txartel guztiak Legrandera bideratzen dira, %90 baino gehiago”.

Lantegia barrutik | Argazkia: Almisala
Lantegia barrutik | Argazkia: Almisala

Edonola ere, inguruko enpresak nahiz Espainiar estatu mailakoak ere badituzte bezero-zorroan. Orain, esaterako, Euskal Herriko zenbait enpresarekin hasi dira lanean: “hemen inguruko bezeroak bilatzen ari naiz. Gasteizeko elektronika enpresa batekin urte eta erdi daramagu lanean, eta Donostiako beste enpresa batekin harremanetan nabil”.

Patxi Sanz: “hemen inguruko bezeroak bilatzen ari naiz. Gasteizeko elektronika enpresa batekin urte eta erdi daramagu lanean eta Donostiako beste enpresa batekin harremanetan nabil”

Hala, azken hiruzpalau urteetako fakturazioa 1,5 milioi eta 2ren artekoa izan dela adierazi du Sanzek. Pandemia eta gero, urte onak izaten ari dira enpresarentzat, nahiz eta elektronikaren merkatua nahiko konplikatua izan: “Horniketa arazoa handiak daude, eta epeak oso luzeak dira. Hornitzaile handiekin egiten dugu lan guk betidanik, eta eskaerak aurrerapen handiz egin behar izaten ditugu”.

Hankak Izizeko lurretan

2008an lehertu zen krisi ekonomiko garaian, eraikuntza sektorean lan ugari egiten zuen enpresak. Urte gogorrak izan zirela aitortu du Sanzek. 2011az geroztik, bera da enpresako bazkide bakarra, ordura arte beste bi baitzeuden berarekin. Sanzek ez du aspirazio handirik eta gustura dago duenarekin nahiz enpresak daraman bilakaerarekin: “enpresa dut nirea dena, baina hankak lurrean izan nahi ditut, daukagunari eutsi eta bezeroei ahalik eta zerbitzu onena eman; ez dut gehiago behar”.

Fakturazioa handitzeak ere ez dio burua jaten. Oso oinarrizko egitura dute 900 metro karratuko fabrikan, eta gainera, iaz makinaria berritu zuten, behar dutena fabrikatzeko nahikoa gaitasuna bermatuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK