Zibersegurtasunaren inguruan arituko dira Donostian IndustrySec kongresuan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR zentroak antolatu duen kongresua urriaren 17an, goizeko 9:15etik aurrera

Argazkia: Ziur Fundazioa Argazkia: Ziur Fundazioa

IndustrySec 2024 kongresua burutuko da Donostian, urriaren 17an, goizeko 9:15etik aurrera. Antolatzailea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR Zentroa, eta helburua izango da aztertzea zibersegurtasunaren arloan enpresek zein industriek etorkizunean eduki ditzaketen erronkak eta mehatxuak. Ikuspegi zabal batetik eztabaidatuko da gaia, nazioarteko, estatuko eta tokiko ekintzaileen kasuak aurkeztuko dira. ZIUR zentroan egindakoak ere partekatuko dira, lan zein proiektuak.

Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak azaldu du “funtsezko faktorea dela” industria-sarearen lehiakortasuna ziurtatzeko eta aukera berriak sortzeko “zibersegurtasunaren arloan gure burua indartzea. Gehitu du azken urteetan 65 enpresetan garatu ahal izan dituztela zibersegurtasun proiektuak, zentroak bideratu dituen 370.000 euroko dirulaguntzei esker. Azpimarratu du IndustrySec 2024eko helburu nagusia dela, hain zuzen, "gure enpresek ikaskuntzak eta jardunbide egokiak komunean jartzea, hain garrantzitsua den erronka honi berme osoz aurre egiteko".

Kongresuan Adimen Artifiziala (AA) ere landuko da. Izan ere, azaldu dute AA ezartzen ari diren enpresen %60ak mehatxuak jasan dituela jada, eta hurrengo urtera begira galerak aurreikusten direla (5.200 milioi dolarretik gorakoak), AArekin zerikusia duten erasoen ondorioz. Bide batez, María Penilla ZIUReko zuzendariak gaineratu du zentroak AAean oinarritutako laguntzaile birtual berri bat jarri dutela martxan haien webgunean.

Hainbat ekintza egingo dira jardunaldian zehar: Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzaldiarekin hasiko da eguna; jarraian, ZIUReko zuzendari nagusiak zentroaren estrategia berria azalduko du; ondoren, beste hitzaldi bat emango du MIcrosofteko Elena García Díezek, enpresetan AAko soluzioak hartzearen garrantziaren inguruan; azkenik, bi mahai-inguru egingo dira, ‘Nola ebaluatu eta hobetu nuen zibersegurtasun maila nire produktu industrialaren diseinuan’ (parte hartuko dute Fagor Automation, Ibarmia, Soraluce Danobatgroup eta Loire Gestamp fabrikatzaileek) eta ‘NIS2 Europako Zuzentaraua, nola aplikatu nire erakundean’ (arlo horretako adituek hartuko dute parte); jardunaldia itxiko du, azkenik, Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK