1972. urtea. Donostiako San Martzial kaleko jesuiten Circulo San Ignacioko lokala. Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako euskaltzale talde batena grina. Larunbateroko hitzordua, 16:00ean. Erronka? Zientzia eta euskara uztartzea. Erronka guztiak puri-purian zeuden orduan: kulturalak, politikoak eta gainerakoak. Testuinguru horretan ulertu behar da hura. Egoera benetan konplexua zen, eta zerbait egin nahi zen. Luis Mari Bandres, Jesus Mari Goñi, Andoni Sagarna, Juanjo Gabiña, Mikel Zalbide, Kepa Zalbide, Iñaki Azkune, Felix Azpiroz eta Xabier Larreak zer zuten buruan? Ikasketa guztiak erdaraz egin zituzten, baina euskaldunak sentitzen ziren, eta hori guztia euskaraz landu ahal izateko zerbait egin behar zutela oso argi zuten.
Esan eta egin. “Pentsatu zuten hau lantzeko modurik onena artikuluak idaztea zela. Bertan sortutako terminologiarekin fitxak osatzen eta argitaratzen hasi ziren, eta zenbait kutxatan gordetzen. Ikastolak ere abian zeuden, eta ikasmaterialerako sekulako premia zegoenez, honetan ere lanean hasi ziren”, esan du Jon Abrilek, egun Elhuyarreko zuzendari nagusi denak. Garai hartako militantzia eredutik aritu ziren lanean. Halako formula bat asmatu omen zuten larunbatetako bileratara denak etor zitezen: “norbaitek bilerara kale egiten bazuen, zigor gisa, beste inork baino lan karga handiagoa eramaten zuen etxera. Ez omen zuen inork kale egiten”, dio irribarrez Abrilek. Frankismo garai hartan, lehen urtetako Elhuyar erakunde antolatu bat baino, lagun talde batek euskaraz sortzeko nahitik eta beharretik abiatutako ekimena izan zela adierazi du. Gero pixkanaka forma hartzen joan zen. “Legeztatzea aurrerago etorri zen, 1982an, kultur elkarte izaera lortu zuenean. 1980ko hamarkadatik aurrera langileak etorri eta proiektuak sortzen hasi ziren, eta hortik aurrera gaur ezagutzen dugun Elhuyar forma hartzen joan zen”, gehitu du.
Kultur erakundetik fundazio izaerara
2002an, 30. urteurrenean, fundazio izaera hartzea erabaki zuten. Horrek, bai finantzaketa aldetik, baita elkarlanen ildoari dagokionez ere, aldaketa sakonak ekarri zituela esan du Abrilek, eta gerora ikusi dela bide oparoa ekarri diola erakundeari. “Kultur erakundearen egitura motz geratzen hasita zegoen, eta hausnarketa abiatu zuten orduko elkarteko kideek. Ordurako beste produktu eta zerbitzuak eskaintzen hasita zegoen Elhuyar: hiztegia, euskara planak enpresetan eta administrazioan ezartzeko aholkularitza lanak…”. Partaidetza prozesuekin ere hasi zen, zientziaren dibulgazioko arlo guztia zegoen, eta laster hasiko ziren ere hizkuntza teknologien eremuan murgiltzen. “Aurretik euskarazko CD-Rom eta joko batzuk ere garatu ziren, eta beraz, ikusten zen negozio bolumena handitzen ari zela”, esan du. Azkenean, fundazio izaeraren alde egin zen, bi arrazoirengatik nagusiki: “batetik, ahalbidetzen zuelako, bai administrazio publikoak, bai enpresa pribatuak, bai norbanako bazkideak, erakundearen parte izatea. Eta bestetik, ateak zabaltzen ziren lankidetza hitzarmenak egiteko, erakundeekin zein beste izaera bateko profesionalekin, Elhuyarreko langile izan gabe, Elhuyarren parte izateko aukera zutenak”, gaineratu du Abrilek.
Jon Abril: “Lortutako guztia posible izan da aipatutako elkarlan hori oinarrian izan delako, lantalde gaitu, profesional, militante eta gaitu bat atzean izan delako"
Atzera begira, 50 urte haueetako balantze baikorra egin du zuzendariak. “Lortutako guztia posible izan da aipatutako elkarlan hori oinarrian izan delako, lantalde profesional, militante eta gaitu bat atzean izan delako, eta baita bilakaera nahiko naturala izan duelakoere, pixkanaka joan delako eremu berriak irabazten”. Urratsak modu naturalean eman izanak, Abrilen ustez lagundu die euren izaera eta hasierako misioari heltzen eta gaur egungo erakundea izaten. “Uste dut gizarteari egin diogun ekarpena begi bistakoa dela. Argi dago produktu izarrak hiztegia eta aldizkaria direla, baina horien arrimuan beste asko sortu dira, oso berritzaileak izan direnak. Esango nuke urte hauetan Elhuyarren DNAn egon dela etengabeko berrikuntza eta euskararentzat esparru berriak irabazteko grina. Agian beste inork ordura arte aritu gabeko eremuetara jauzi egin izan du Elhuyarrek”, plazaratu du.
Emakumea zientzian
Erakundean oso txertatua dago genero ikuspegia; bai ardura postuetan, bai beste postuetan, %70 inguru emakumez osatutako lantaldeak dituzte. Horrek proiektuetan ere badu isla. “Adibidez, azken STEM hezkuntza proiektuetan, zientzia gazteei gerturatzeko egitasmoetan, berariaz asko lantzen den ikuspegia da. Emakume zientzialaria bistaratzea, erreferenteak sortzea… Edo ekoizten ditugun programetan genero ikuspegia zaintzea. Bestalde, hizkuntza sexista ez erabiltzeko irizpideen inguruan eztabaidak ditugu, eta hori hiztegira ere eraman dugu: etengabe ari gara terminoak berrikusten, ez baztertzaileak, inklusiboak izan daitezen", azaldu du Abrilek.
Elhuyarrek bi egoitza ditu gaur egun: Usurbilen, egoitza nagusia, eta Durangon (Bizkaia) bestea. Fundazioaren lana lau arlotan banatzen da. Zientzia ez ezik, hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitza ere eskaintzen ditu Elhuyarrek. Ehun kidek osatzen dute lantaldea.
Jon Abril: “Esango nuke urte hauetan Elhuyarren DNAan egon dela etengabeko berrikuntza eta euskararentzat esparru berriak irabazteko grina”
Mende erdia bete dutela ospatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu fundazioak urtean zehar Elhuyar, 50 urte aurrerago lelopean. Urudi berezi bat ere diseinatu dute, hainbat ekitaldi antolatu —martxoan egin zuten lehenengoa—, eta kutxa berezi bat sortu. Sortzaileek hasiera hartan fitxak gordetzeko erabiltzen zituzten kutxei egindako keinu bat izan da. "Bilketa lan bat egiteko da. 50 urteotan Elhuyar izan dena adierazteko, baina, batez ere, hemendik 50 urteko gizarteari giltza batzuk emateko, uler dezaten gaur egungo gizartea zer den", azaldu du Abrilek.
Helburua? "Euskaraz, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea". Alegia, kutxak erantzunez betetzea.