Ziklo-P: bizikleta gaineko banaketa Iruñean

Mikrokooperatiba iruindarrak banaketa plataforma handiekiko alternatiba ekologista eta soziala eskaini nahi du. Hiru bazkide daude proiektuaren atzean, baina aurten beste bi langile berri sartu dira

Ziklo-P-ko bizikleta La Panacea dendaren ondoan, bertako ogia banatzen hasi baino lehen | Argazkia: utzita Ziklo-P-ko bizikleta La Panacea dendaren ondoan, bertako ogia banatzen hasi baino lehen | Argazkia: utzita

2021. urtean Iruñean sortutako mikrokooperatiba da Ziklo-P, zeinak merkantziak eramateko motorrezko garraiobideen ordez bizikletak erabiltzen dituen. Haren kideetako bat da Héctor Angulo Ginto (Iruñea,1996), psikologia ikasi eta gero, bi urtez itzultzaile autonomo gisa egin zuen lan, eta gerora, Antequeran (Espainia) zegoen biltegi batean ere ibili zen lanean. Siñarzubi izeneko erakundean adingabekoekin aisialdi jardueretan boluntario gisa zebilela, hango lagun batek Ziklo-P-n sartzea proposatu zion, eta pasa den urteko urrian Angulo mikrokooperatibako kide bilakatu zen.

Ziklo-P-ren helburuak eta ibilbidea

Ziklo-P-ren asmo nagusia “bertakoa den garraio eta banaketa sistema ekologiko eta soziala” eskaintzea da. Hori dela eta Redes de Economía Alternativa y Solidaria (REAS) elkartean dago murgilduta. Angulok dioen bezala, entitate honen partaideak diren konpainientzat “funtsezkoena den helburua ez da dirua irabaztea, baizik eta elkarlanean oinarritzen den bestelako enpresa-eredu bat eratzea”. Kooperatibaren izena hitz-joko bat da, bizikletak zerikusia duen ziklo hitza eta ziklopeak deituriko pertsonai mitologikoak barne hartzen dituena.

Gaur egun, kooperatibak, Héctor Anguloz gain, beste bi kide iraunkor ditu, Remi eta Lander deiturikoak. Badaude beste bi, Juan eta Carlos, proiektuarekin laguntzen dutenak, baina ez dira langile finkoak oraingoz. Lehena 2025aren hasieran hasi zen; bigarrena, aldiz, otsailaren amaieran.

2

Bizikleta banatzailea saltoki baten parean Iruñeko Alde Zaharrean | Argazkia: utzita

Ezinbestekoak diren bazkideak

Kooperatibak aro goiztiar batetik eduki dituen kideetako bat La Panacea deituriko glutenik gabeko ogi ekologikoen obradorea da. Lehengai organikoekin landutako ogia saltzen dute bertan. “Haiek asko lagundu gaituzte eta harreman ona dugu”, esan du Angulok. Gainera, hainbat jatetxeekin “kolaborazio sendoak” eratu dituzte denboran zehar.

Iruñeko Uztarroz kalean kokatzen da kooperatibaren egoitza, Ciclolab espazioan, zeina Segundo Ciclo deituriko enpresa txikiarekin partekatzen duten. Nahiz eta jarduera ezberdinetan ibili (Segundo Ciclo txirrinden konponketan espezializatutako enpresa da), elkar laguntzen dute. Adibidez, Angulo eta bere lankideek bizikleten mekanikarako eta pieza berriak eransteko laguntza jasotzen dute. “Gero beraiek faktura pasa eta guk ordaintzen diegu”, gehitu du.

CoopCycle: banaketak antolatzeko laguntza

Aipatu beharreko beste partaidetza bat CoopCycle-rekin daukatena da. Mundu mailako elkarte hau Frantzian sortu zen 2016an, eta ziklo-logistika kooperatibei laguntzeaz arduratzen da, ekonomia sozialaren eta plataforma digitalen arteko loturaz baliatuz.

“Zenbat kilometro ibili behar dituzun eta, ondorioz, banaketak egiteko zenbat denbora beharko duzun jakitea baimentzen dizu CoopCycle-k"

Erakunde honek mugikorrerako aplikazio bat eskaintzen du zeinarekin banaketak idatzi eta antolatu daitezkeen. Horrela, “egindako banaketak baieztatu eta egiteko zenbat geratzen diren ikusi daiteke”. Horretaz gain, “zenbat kilometro ibili behar dituzun eta, ondorioz, banaketak egiteko zenbat denbora beharko duzun jakitea baimentzen dizu”, kooperatibako kidearen hitzetan. Beraz, “tresna honen bidez enpresako kideen eta bezero nahiz enpresaren arteko komunikazioa errazten du, telefonoan aritu behar izatea saihestuz”. Laburbilduz, Coopcyclek “lana digitalizatu eta antolatu ahal izateko balio du”.

3

Ciclo-P-ren bizikleta Iruñeko kanpoaldean | Argazkia: utzita

Seur eta antolakuntzaren garrantzia

Seur garraio enpresak paketeak prestatu eta antolatzen ditu Ziklo-P-rentzat. Angulok mikrokooperatibaren egunerokoa deskribatu du: “Seur-ek paketeak ekartzen dizkigu goizeko hamaikak inguruan, eta guk banatu egiten ditugu”. Auzoka zatitzen dute banaketa, eta kide bakoitzari hobekien kontrolatzen duen auzoa egokitzen zaio.

La Panacea dendarekin “ibilbide finko berdinak” egiten dituzte astelehenetan eta ostegunetan, bi txandatan egiten dituztelarik. Lehena “goizeko zortzietan ateratzen da eta Iruñeko barnealdetik doa; hala nola, Iturrama eta Donibane auzoetatik eta baita Alde Zaharretik ere”. Bigarrena, aldiz, “bederatzietan hasi eta hiriaren kanpoaldean dauden guneetara iristen da, besteak beste, Lezkairu, Atarrabia eta Uharte ingurura”.

Hazkundea eta hobekuntza, etorkizunerako asmo anbiziotsuak

Martxoaren hasieran Ziklo-P-ko kideak, Héctor Angulo barne, Matarón (Katalunia) egin zen topaketa batean izan ziren non Espainiako Estatu osotik etorritako kooperatibak bildu ziren. Kataluniako hirian bi proiektu berritzaileren lehenengo lan seminarioan hartu zuten parte. Lehenengoa “CoopCycle app-aren hobekuntzarako egindako proposamena” izan zen. Gainera, “Estatu mailako kooperatiba marka berri bat eratzeko ideia” proposatu zen, “sektore osoa ordezkatu ahal izateko”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK