Diputatuen Kongresuak ostegunean, maiatzaren 26an, onartu zuen ikus-entzunezko komunikazioari buruzko legearen aurreproiektua. Polemikaz jositako bozketa izan zen. 130 diputatuk alde bozkatu zuten, eta 83k kontra. Abstentziora jo zuten 125 diputatuk, tartean Espainiako Gobernuko kide den Unidas Podemosek.
Polemika eragin zuen, besteak beste, gobernu bereko bi kidek ezberdin bozkatzeak, baina ez horrek bakarrik. Azken orduan PSOEk legean egindako modifikazioak polemika piztu zuen, baita gobernukideen arteko haserrea ere. PPren abstentzioak ahalbidetu zuen aurreproiektuak aurrera egitea.
Legearen ezaugarriak
Streaming plataformek eta telebista kateek, publiko zein pribatuek, ikus-entzunezkoen sektorearekin duten harremana arautzea du helburu legeak. Duela egun gutxira arte, negoziazioak ondo bideratuta zeuden eta ez zen arazorik espero. Alderdi sozialistak, baina, azken unean aldaketa bat proposatu zuen. Hitz bat baino ez zuen aldatu, hori baino ez. Baina ñabardura txiki bat baino ez zenak bere aliatu politikoak sutan jarri zituen, eta ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten milaka ekoizle txiki ere bai.
Legeak ekoizle independentearen izaera bera auzian uzten du
Ekoizle independentearen izaera bera egon daiteke jokoan aldaketa txiki horretan. Onartutako legeak bere 110.1 artikuluan ekoizle independentea honela definitzen du: "Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaile batekin enpresa-estrategia komun batean modu egonkorrean lotuta ez dagoen pertsona fisiko edo juridikoa, ikus-entzunezko programa edo edukien ekoizpenaren ekimena, koordinazioa eta arrisku ekonomikoa bere gain hartzen dituena, bere ekimenez edo enkarguz, eta kontraprestazio baten truke ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaile horren esku jartzen dituena ". Artikuluak komunikazio-zerbitzuaren emaile jakin batekiko loturarik ez izatea jartzen du baldintza gisa ekoizle independentea izateko. ERC, Unidas Podemos eta EH Bilduk aldaketa eskatu zuten. "Horren" hitzaren ordez "baten" erabiltzea. Modu horretan, artikuluak "kontraprestazio baten truke ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaile baten esku jartzen dituena" esango luke.
Berba bat baino ez du ematen, baina aldaketa sakona da. "Horren" hitza erabilita, adibidez, Atresmedia taldeko enpresa batek Mediaset taldearentzat lan egin lezake ekoizle independente gisa, eta "baten" hitza erabilita, ez. PSOEk egindako aldaketak, hortaz, Atresmedia eta Mediaset taldeek elkarri ekoizle zerbitzuak eskaini ahal izateko aukerari atea irekitzen dio, ekoizle independente gisa arituz. Horrek kalte handia ekarri ahal die ekoizle txikiei.
Ekoizle independientea izatearen garrantzia
2010ean onartu zuen Europak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko zuzentaraua, eta 2018an aldatu egin zuen. Europako estatuek zuzentaraua moldatu behar dute euren araudiekin bat egiteko. Bestela esanda, zuzentarauaren transposizioa egin behar dute. Espainia horretan atzeratuta zebilen, eta Europak isuna jartzeko prozedura abian zuen. Presa zegoen, hortaz, legea onartzeko.
Europako zuzentarauaren filosofia argia zen. Ekoizle independentearen aldeko apustua egiten zuen, modu horretan kultur aniztasuna bermatzeko. Hizkuntzena ere bai. Europak telebista pribatuak eta streaming plataformak ekoizpenen % 5 ekoizle independenteen esku uztera behartzen zituen. Modu horretan telebistek % 5 inbertitu behar zuten ekoizpen independenteetan. Espainiako Kongresuan onartutakoak, ordea, betebehar hori hustu egin du.
Marian Fernandez Pascal: "zuzentarauaren espiritua desnaturalizatu egin da"
Ibaia Euskal Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea da. EnpresaBIDEAk Marian Fernandez Pascal bere presidentearekin hitz egin du. Bere hitzetan "zuzentarauaren espiritua desnaturalizatu egin da". Ez dator bat aldaketa horrekin "ekoizle independentearen izaera aldatzen duelako". Iritzi horrekin bat dator Ander Barinaga-Rementeria. Ekoizle gaztea da, eta buru belarri dabil hainbat proiektutan sartuta. "Berba bakarrak zentzu osoa aldatu duela" esan du. Azken momentuko aldaketa izan dela nabarmentzen du, "debate publikorik izan gabe, ekoizleei parte hartzeko aukerarik eman gabe". Sektorea saminduta dagoela azpimarratu nahi izan du Barinaga-Rementeriak, eta horren adibide da "ekoizle guztiak batu direla irmoki kontrako jarrera emateko". Bere ustez ekoizle txikiak Atresmedia eta Mediaset erraldoien aurrean nekez lehiatu daitezke, eta "egoera zaurgarrian gelditzen direla" gaineratu du. Merkatua gutxi batzuen esku gelditzeko arriskua ageriko dela dio, oligopolioa egotearen arriskua. Duopolioa hitza erabiltzen du Jon Artatxo abokatuak. Ibaia elkarteko abokatua da eta aurreproiektua xehe irakurri du. Artatxok mahai gainean dagoena produktuen jabegoa dela dio. Telebistan ez bezala, filmen jabegoa ekoizleena izan da orain arte, baina legearen "trikimailuak" jabegoa kateen esku utzi dezake bere ustez.
Europako zuzentarauak ekoizle independentearen aldeko apustua egiten zuen kultur aniztasuna bermatzeko. Espainiak onartutako legeak kontrakoa egin du
Europako zuzentarauak bermatu nahi zuen aniztasuna jokoan ikusten dute ekoizleek. Konpainia handiek "proiektu komertzialagoak" nahiago omen dituzte. Produkzio gutxiago egiten dituzte, baina aurrekontu altukoak. Horiek ematen omen die errentagarritasun gehien. Horien aldeko apustua egiteak proiektu txikienei kalte egiten die. Barinaga-Rementeriaren hitzetan, aniztasunaren ikuspegitik aberasgarriak diren proiektuak ez ziren egingo, ez genero ikuspegitik, ez hizkuntz edo kulturaren ikuspegitik. "Loreak, Nora edo Ane bezalako filmak ez ziren egingo".
Lege aurreproiektua oraindik Senatura joan behar da, tramitazioak aurrera egiteko. Artatxok ez du uste hor ezustekorik izango denik, baina auzitegietan ikusten du aurreproiektuari aurre egiteko aukera: "artikuluak ez daude ondo definituta, eta auzitegietan bukatuko da". Barinaga-Rementeriak dio aurreproiektua konstituzioaren kontrakoa dela debate publikorako tarterik ez duelako izan.
Ekoizle txikiak erraldoien aurrean nekez lehiatu daitezke eta egoera zaurgarrian gelditzen direla
Euskal Herritik kanpo ekoizle txikien arteko haserrea agerikoa da. Espainian hainbat eragilek enpresa handien lobbyen presioa salatu dute. Komunikazio konpainia boteretsuak dira eta politikariei ausardiaz ez jokatzea, eta presio taldeen esanetara makurtzea leporatu diete. Europako araudiak ezartzen zuen ekoizle independenteen aldeko derrigortasuna "betebehar kosmetikoa" bilakatzea leporatzeko diote legeari, derrigortasuna "hustuz".
Kezkatuta agertu dira Ibaiako kideak. Iaz 21 film ekoitzi zituzten elkartea osatzen zuten ekoizleek. Horrek eragin ekonomiko handia du. 2014ko datuei erreparatuta (Ibaiak emandako azkenak) fikziozko ekoizpen batean batez bestez 143 lagunek hartzen dute parte. Sektorearen Balio Erantsi Gordina (BEG) 16 milioi eurokoa izan zen.