
Bizkaiko Zunibal enpresak Zong Hong Marine izeneko Taiwaneko enpresa erosi du, “nazioarteko posizio sendoa” eskuratuta. Arrantza eraginkor eta jasangarria lortzeko irtenbide aurreratuak garatzen ditu Zunibalek, eta eragiketa berriarekin 45 herrialde baino gehiagotan finkatu da.
Azken urteetan elkarlanean aritu ondoren, bi enpresen arteko “sinergia estrategiko argiak” identifikatu dituzte, eta, azkenean, Zunibal Asia aurkeztuko dute, behin betikoz, 2025eko bigarren hiruhilekorako.
Bi enpresak baikor agertu dira erabakiarekiko. Ibone Rodríguez de Pablo Zunibaleko zuzendari nagusi eta akziodunak esan du “harro” daudela Asian hazten jarraitu ahal izateaz; Simon Chen Asiako enpresako zuzendari nagusiak harrotasun hori partekatu du, eta Zunibalen 30 urteko ibilbidea goraipatu du, zeinak “aintzatespen global sendoa duen”. Etorkizunera begira ikuspegia elkarbanatzen dute enpresek, eta helburu dute bezeroei “irtenbide espezializatuagoak, hurbilagoak eta jasangarriagoak” eskaintzea.