Estatu Batuetako hauteskundeak

Saihestezina da, interes gehiago edo gutxiagorekin, komunikabideen lerroburuek behartuta, Estatu Batuetako hauteskundeak jarraitzea. Saihestezina izan da agure zuri baten hankasartzeak eta beste agure zuri baten kalifika ezin daitezken purrustadak entzutea.

Klima aldaketan lan egiten dugunontzat, AEBetako klima politikak badu bere garrantzia, Txinak edo Europak berak egiten dutenak izan dezakeen bezala. Estatu Batuak berotegi-efektuko gasen (BEG) emisio gehien egiten dituen bigarren herrialdea da (guztizkoaren % 24), Txinaren atzetik. Hori bai, per capita isuriei begira, AEBak doaz burura (14,9 tona/pertsona), Kanada hurbiletik segituta (14,2), baina urrutitik Txina (8 t), Europa (6,2 t) edo India (2 t). Estatu Batuak ere emisio historikoen rankingaren buruan daude (% 24), hau da, XIX. mendearen amaieratik metatutako emisio guztien rankingaren buruan. 2005az geroztik Estatu Batuak emisioak murrizten ari diren arren, ez dago zalantzarik klima-politikaren arloan erabakitzen duenak munduko gainerako herrialdeei eragingo diela.

Trumpek 2016an, urtebete lehenago onartutako Parisko Akordiotik AEB ateratzeko konpromisoa lelo bihurtuz irabazi zituen hauteskundeak. Gainera, bere agintaldian 100 ingurumen-erregulazio baino gehiago indargabetu zituen. Gogora dezagun Parisko akordio horrek klima-aldaketa geldiarazteko ibilbide-orria ezarri zuela herrialde guztientzat. Horregatik, nazioartean kezka egon zen AEBen irteerak kutsatze efektua sor zezakeelako, baina azkenean ez zen halakorik gertatu. Ez hori bakarrik, “We are still in” mugimendua sortu zen, non estatu batzuetako gobernadoreek, alkateekin, enpresa handietako liderrekin edo unibertsitateekin batera, klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuten.

2022an, AEBek Inflazioa Murrizteko Legea onartu zuten. Lege horrek klima aldaketari aurre egiteko neurri-sorta garrantzitsua jasotzen zuen: 500.000 milioi dolarreko inbertsioak eta zerga-pizgarriak trantsizioa finantzatzeko eta isurpenak % 40 murrizteko helburuarekin. Erregulazioak enplegua sustatzeko eta berdintasunaren eta gizarteratzearen arloan aurrera egiteko neurriak ere aurreikusi zituen, bereziki kalteberak diren kolektiboak aintzat hartuz.

Trumpek klima-aldaketa gezur hutsa besterik ez dela defendatu du, ebidentzia zientifikoei muzin eginez, baita ere milaka ikerketa ekonomikori entzungor eginez, non klima-aldaketaren inpaktuak berau geldiarazteko neurriak baino askoz garestiagoak izango direla nabarmentzen duten. Horri jarraituz, bere kanpainan aurkeztutako “2025 Proiektuak” inbertsio berdeetarako pizgarriak eta merkatuetan esku hartzeko beste edozein neurri atzera botatzea aurreikusten du. Stern edo Nordhaus bezalako ekonomialarien hitzetan, klima-aldaketa merkatu-akats handienetako bat da. Beraz argi dago, merkatuak ez direla merkatu-hutsegite hori konpontzeko gai izango.

100 egunetan estatubatuarrek azkenean zer erabakitzen duten ikusiko dugu eta zer ondorio izango dituen horrek besteongan. Badirudi orain ez dela bi gizon zurien arteko eztabaida izango. Saihestezina izan beharko luke klima-aldaketa lerro buru bihurtzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK