Aurrekontu proiektuen sasoia izan ohi da udazkena, 2025ean erakundeek zer-nori-nola bideratuko duten finkatu ohi duena. Asteartean, Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2025ko aurrekontu proiektua onartu zuen, eta asteazkenean, Nafarroako gobernuak eta EH Bilduk hitzarmena sinatu zuten aurrekontuak aurrera ateratzeko. Gaurkoan, baina, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien txanda izan da. "Izaera sozial eta lurralde-kohesioan" jarri du azpimarra Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Itxaso Berrojalbiz Ogasuneko diputatuarekin eskainitako prentsaurrekoan; "pertsona guztiei kalitatezko zaintza eta gizarte babesa bermatzea, ekonomia lehiakor eta berritzaile baten garapenean aurrera egitea, eta jasangarritasuna bultzatuta klima-aldaketaren eragina murriztea" izan dira, aldiz, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren fokuak, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiorde eta Itziar Agirre Ogasuneko diputatuarekin eginiko agerraldian.
Bizkaiaren kasuan, aurrekontu proiektua 10.660,8 milioi eurokoa izango da denera, 2024koan baino %3,61 gehiago izanik. 8.486,1 milioi euro "erakunde-konpromisoei" loturiko gastuetara bideratuko dira. Nagusiak dira 6.675 milioi euro Eusko Jaurlaritzarentzat, 1.170 milioi euro Bizkaiko 113 udalerriak finantzatzeko eta ia 631 milioi euro Kuporako, Espainiar estatuarentzat. Horiek alde batera utzita, baita amortizazioak, langile-gastuak, eta bestelakoak, aldundiaren bederatzi sailetara bideratuko den guztizkoa 1.650,3 milioi eurokoa izango da, 2024ko ekitaldian baino 51,2 milioi gehiago edo, bestela esanda, %3,2 gehiago. Zenbateko handiena, aurrekontu guztiaren %44,2, Gizarte Ekintza sailak jasoko du, 729,2 milioi, %5,5eko hazkundearekin. Gainontzeko sailek jasoko dutena, jarraian, zerrendatuta, gehien jasoko dueneetik gutxien jasoko duenera, eta guztizkoan suposatzen duen portzentajearekin:
- Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako saila: 246,7 milioi euro (%14,95)
- Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko saila: 208,0 milioi euro (%12,61)
- Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko saila: 86,6 milioi euro (%5,25)
- Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako saila: 86,5 milioi euro (%5,24)
- Ekonomia Sustatzeko saila: 80,5 milioi euro (%4,88)
- Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saila: 77,6 milioi euro (%4,7)
- Ogasun eta Finantza saila: 67,6 milioi euro (%4,1)
- Euskara, Kultura eta Kirol saila: 67,6 milioi euro (%4,1)
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kasuan, berriz, 6.770 milioi euro eskuratzea aurreikusten du 2024ko diru-sarrerekin. Horietatik 5.552 milioi euro bideratuko dira erakunde-konpromisoetara, tartean 4.451 milioi euro Eusko Jaurlaritzara, 680 milioi udaletara —FOFIM tokiko finantzaketa foru funtsaren bidez—; eta eta 421 milioi Espainiar estatura, Kupotik. Horiek eta bestelako zenbait gastu kenduta, beraz, 1.218 milioi bideratuko ditu departamentuetara, 2024an izandakoa baino 97 milioi % 8,9ko hazkundearekin. Aldundiak nabarmendu du aurrekontutik 256 milioi euro esleitu zaizkiela inbertsioei, tartean 62 milioi baino gehiago funtsezko proiektuetarako Mubil, Adinberri, Elkar-Ekin Lanean, Mubil, Quantum, Ziur, Gantt, Naturklima, Basotik, Arantzazu Lab, Badalab eta Koldo Mitxelena kulturunea barne. Sail bakoitzak jasoko duena, jarraian:
- Zaintza eta Gizarte Politiketako departamentua: 534 milioi euro
- Bide Azpiegituretara eta Lurralde Estrategia departamentua: 127 milioi euro
- Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak 93,7 milioi euro
- Gobernantza departamentuak 78 milioi euro
- Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoen departamentua: 77,4 milioi euro
- Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentua: 70,7 milioi euro
- Ogasun eta Finantza departamentuak 60 milioi euro
- Jasangarritasuneko departamentua: 50,8 milioi euro
- Lurralde Oreka Berdeko departamentua: 47 milioi euro
- Diputatu nagusiaren kabinetea: 26,7 milioi euro