510,7 milioi euroren irabaziak izan ditu Kutxabankek, %54,5 gehiago

Finantza erakundearen merkataritza jarduera eta banku negozioa %41,3 hazi da, interes marjinengatik batik bat. Denera, 1.879,3 milioi euroko diru-sarrerak lortu ditu

Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela | Argazkia: Kutxabank Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela | Argazkia: Kutxabank

510,7 milioi euro irabazi ditu Kutxabankek 2023an. Emaitza “oso ona” dela adierazi du Anton Arriola presidenteak, iazko emaitza %54,5 handitu baitute. Finantza erakundeak guztira 1.879,3 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, eta horietatik %70 (1.314 milioi euro) “gizartera itzuli” dituela jakinarazi du.

Kopuru horretatik %10,9 hornitzaileei ordaindu die, %23,8 zergetan, %18,9 langileei eta %16,3 akziodunen dibidenduetan. Sortutako gainerako baliabideak “bankuaren kaudimena eta etorkizuneko bideragarritasuna bermatzeko” erabili direla nabarmendu du erakundeak.

Emaitza onaren gakoa merkataritza-jardueraren eta banku-negozioaren jarduera izan da, %41,3 hazi baita atal hau, batez ere interes marjinengatik. Gainera, Kutxabankek finantza-sektoreko berankortasun-ratiorik txikiena izaten jarraitzen du, batez bestekoarekin alderatuta oinarrizko 215 puntuko aldearekin. Adierazlea %1,39koa zen abenduaren amaieran.

Zergetan 448 milioi euro ordaindu dituzte, eta diru-sarreren %30 "bankua kapitalizatzera eta bere plan estrategikoaren barruan bultzatu nahi dituen hazkunde, errentagarritasun eta iraunkortasun helburuak kudeatzera” bideratu dira. Arriolaren esanetan, “garrantzitsua da nabarmentzea emaitza hauekin bankua indartzen ari garela, eta gure eragile guztien artean ekarpen errekorra egiten ari garela”.

Era berean, Eduardo Ruiz de Gordejuela finantza erakundeako kontseilari delegatuak, Kutxabank “egoera ezin hobean” dagoela adierazi du, "bere helburu estrategiko nagusiak sustatzeko, bere bulego-sarean inbertsio handiagoak egiteko eta bezeroei ematen zaien laguntza digitala eta pertsonala hobetzeko”. Aldi berean, "erreferentziazko kudeatzaile pertsonala duten erabiltzaileen kopurua handitzen jarraitzeko asmoa” dutela iragarri du, gaur egun bezero guztien %60k dutelarik zerbitzu hau.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK