Applek koska egin nahi dio banku-negozioari

Orain arte ordainketa eta finantzaketa zerbitzuak eskaini ditu sagarren konpainiak. Apirilean, baina, bezeroen dirua kudeatzeko aurrezki kontua merkaturatzen hasi da % 4,15eko errentagarritasuna eskainiz.

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Urrian azaldu zuen Apple erraldoi teknologikoak banku zerbitzuen katalogoa handitzeko aukera. Ordainketak geroratzeko zerbitzuan epe luzeagoak eskainiko dizkie bezeroei. Orain arteko zerbitzuaren haritik datorren aldaera berria. Berritasun nagusia, aldiz, gordailuen alorretik etorri da. Bezeroen sosak kudeatzeko aurrezki kontua eskaintzen du oraingoan Cupertinoko konpainiak, Goldman Sachs Bank USA bankuaren eskutik. Komisiorik gabeko kontuak bankuaren alorra astindu dezake zeharo. Estatu Batuetan baino ezin da kontratatu gaur-gaurkoz, baina ohiko bankuentzako mehatxu gero eta errealagoa da.

Urte erdia eman du konpainiak zerbitzua garatzen, zailtasun normatiboak eta teknologikoak bideratzeko, baina dagoeneko eskuragarri dago. Unea, gainera, ez da nola nahikoa. Ezusteko handiak pairatu dituzte AEBek 2023ko lehen hiruhilekoan finantzen alorrean. Interes tasen gorakada malkartsuak errenta finkoko produktuen balorazioak hondoratu ditu, eta likideziaren kudeaketa egokirik eta zuhurrik egin ez zuten eskualdekako zenbait banku ertainek arazoak izan eta porrot egin zuten. Adibiderik nabarienak Silicon Valley Bank eta Signature Bank izan ziren. First Republic Bank erakundeak ere arazoak izan zituen, eta AEBko banku nagusiek erreskatatu behar izan zuten.

Mesfidantza handia da bankuen osasunaren inguruan, eta bezero askok gordailuak atera eta erakunde sendoengana jo dute. Zor publikora ere bideratu dituzte hainbatek aurrezkiak. Egoera korapilatsu horretan, negozio aukera ikusi du Apple etxeak. Erreputazio handiko marka da eta litekeena da arrakasta handia izatea.

Zerbitzuen aldeko apustua

Diru-sarrerak dibertsifikatzeko erabaki estrategikoa aspaldi hartu zuen Californiako etxeak. Etxeko izarra den Iphonearen salmentak moteldu egin dira azken urteotan, eta bestelako gailu teknologikoek gero eta indar gehiago badute ere, argi hartu zuen Applek zerbitzuen aldeko hautua. 2022an zerbitzuen fakturazioak konpainiaren diru-sarreren % 20 suposatu zuen. Hamar urte lehenago, %8 baino ez. Igoera, hortaz, nabarmena da.

Sagarraren konpainiaren erronka ez da nola nahikoa. Erraldoi teknologikoak sendo sartu nahi du finantza zerbitzuen alorrean, eta % 4,15eko errentagarritasuna eskaini du. Interes tasaren amua erabili du merkatua apurtzeko, ohiko bankuena baino hamar aldiz altuagoa.

Diru-sarrerak dibertsifikatzeko erabaki estrategikoa aspaldi hartu zuen Californiako etxeak, [eta] [...] argi hartu zuen Applek zerbitzuen aldeko hautua

Sakeleko telefonoaren wallet bitartez ireki daiteke kontua, ez du gutxieneko saldorik eskatzen kontua irekitzeko eta komisiorik ere ez du izango. Baina mugak ere baditu gordailu berriak. Norbanakoek baino ezingo dute kontratatu, enoresei atea itxiz. Letra txikiak dioen bezala “kontua ezin da ireki ezta mantendu ere merkataritza helburuekin”. Kontuan metatu daiteken zenbatekoa ere mugatu Applek, 250.000 dolar baino ez. Hala, konpainiak “gordailuaren maximoa gainditzen duten transferentziak itzultzeko aukera izango du”.

Europara jauzia, noizko?

Arestian aipatu bezala, AEBtan baino ez du kontua eskaini, gaur-gaurkoz, Applek eta horretarako banku tradizional bat izan du bidaide. Goldman Sachs inbertsio banku ezagunaren bidez merkaturako ditu kontuak. Inbertsio bankuen alorreko eragile nagusietako bat da Goldman Sachs, baina xehekako bankan ez du negozio handirik. Lankidetza, hortaz, bi erakundeentzat onuragarria izan daiteke. Bankuak norbanakoen negozioan bidea zabaldu dezake, eta Cupertinoko koinpainiak koska egingo die finantza erakundeei. Orain arte ordainketa zerbitzuak baino ez ditu eskaini Applek, baina gordailu erakunderako fitxarik ez zuen.

Araudi zorrotza bete behar dute bankuek kontinente zaharrean, batez ere kapitala eta likideziaren alderdietan. Applek dirua badu, baina egiturarik ez eta litekeena da [...] banku tradizional baten eskutik joan behar izatea

Europarako jauzia noiz egingo duen ikusteko dago, baina ez du erraz izango. Araudi zorrotza bete behar dute bankuek kontinente zaharrean, batez ere kapitala eta likideziaren alderdietan. Applek dirua badu, baina egiturarik ez, eta litekeena da, AEBetan bezala, banku tradizional baten eskutik joan behar izatea.

Ez da bankuekin aritzen den lehen teknologikoa. Orange konpainiak, esaterako, BNP Paribas erakundearekin batera eskaintzen ditu gordailuak Europako hainbat estatutan. Dena den, egoera ezberdina da.

Bankuentzako mehatxu erreala

Aspaldiko kontua da erraldoi teknologikoek finantza alorrean sartzeko saiakera. Meta-Facebook konpainiak, esaterako, 2016an eskuratu zuen Irlandan Europan aritu ahal izateko banku lizentzia, baina ordainketak kudeatzeko baino ez. Whatsappek ere banku alorrean saiakera egin du, 2020ean Indian dirua bidaltzeko zerbitzua eskainiz.

Bakuekin lehian sartzeko ahaleginak, baina, ordainketen alorretik etorri izan dira orain arte. Googlek, adibidez, 2019an abiatu zuen kontuak eskaintzeko estrategia, Citigroup bankuaren eskutik. Bi urte beranduago, ordea, amore eman zuen.

[Erraldoi teknologikoek] bezero kopuru aldetik eta, batez ere, kudeatzen dituzten datuen alorrean, alde nabaria ateratzen diete bankuei

Saiakerak saiakera, argi dago erraldoi teknologikoak ohiko bankuentzako mehatxu gero eta errealagoa direla. Bezero kopuru aldetik eta, batez ere, kudeatzen dituzten datuen alorrean, alde nabaria ateratzen diete bankuei. Marka ezagunak dira, kofinantza handia dutenak, gazteen artean batez ere, eta bezeroak inork baino hobeto ezagutzen dituzte.

Espainiar estatuan banku tradizionalek ordainketen alorrean erraldoi teknologikoei aurrea hartzea lortu zuten, Bizum zerbitzuaren bidez. Edozein kasutan, ikusteko dago zeintzuk izango diren lehiaren hurrengo urratsak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK