• FINANTZAK
  • "Badira funts batzuk zukutu egingo zaituztenak, eta beste batzuk lagunduko zaituztenak"

"Badira funts batzuk zukutu egingo zaituztenak, eta beste batzuk lagunduko zaituztenak"

Arrisku kapitalaren esparruan, mota askotariko ereduak topa daitezkeela aldarrikatu dute Artizarra Fundazioak eta Stellumek. Azken horrek Aibluri eskainitako aukerak dira horren adibide

Aurrez aurre, ezker-eskuin: Leire Mancisidor Stellum Growthetik eta Stefanos Amallobieta, Aiblu; bizkarrez, ezker-eskuin: Amaia Jugo Artizarratik, eta Maite Reizabal EnpresaBIDEAtik | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
Aurrez aurre, ezker-eskuin: Leire Mancisidor Stellum Growthetik eta Stefanos Amallobieta, Aiblu; bizkarrez, ezker-eskuin: Amaia Jugo Artizarratik, eta Maite Reizabal EnpresaBIDEAtik | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
maite reizabal arregui
EnpresaBIDEAko zuzendaria
2025eko apirilaren 14a
Eg. 2025eko apirilaren 14a

Arrisku kapital hitzak beldurra ematen du. Enpresak erosiko dituzten entitate bihotzgabeei buruz ari garela pentsa liteke. Baina arrisku kapital mota asko daude, eta horietako bat da Artizarra Fundazioa jabe duen Stellum Capital Riesgoren eredua. Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainetan inbertitzen du, horiei bultzada eman asmoz. Stellumek lau ibilgailu ditu inbertsioetarako: Easo Ventures 1 eta 2, hasiberriak diren enpresa teknologikoetan inbertitzeko; Food and Tech, elikadura sektorera bideratua; eta Stellum Growth, 2 milioi eurotik gorako EBITDA duten enpresei zuzendurikoa, hazkunde fasean daudenena. Jadanik  funtsen %80 Euskal Herriko enpresatan inbertitu dute denera. Horietako bat da Aiblu aholkularitza enpresa. Araudia betetzeari loturiko esparruan aritzen dira, eta barne ikuskaritza ere egiten dute entitate erregulatuetan, CNMVn kasu. Finantzarioa da euren esparru nagusia.

 

Amaia Jugo Artizarra Fundazioko zuzendari nagusia, Leire Mancisidor Stellum Growtheko Inbertsioen zuzendaria eta Stefanos Amallobieta Aibluko araudia betetzearen eta jasangarritasunaren arloko arduradunarekin elkartu da EnpresaBIDEA, orain arte elkarrekin egindako ibilbidea ezagutzeko eta arrisku kapitalaren inguruan dagoena ezagutzera eman asmoz.

Ezer baino lehen. Artizarra Stellumen jabea dela esan dugu. Baina zein puntura arte kondizionatzen ditu fundazioak Stellumen hartzen diren erabakiak?

 

Amaia Jugo (A.J.): Artizarra da Stellumen jabea, baina erabakietan ez da sartzen. Egia da patronokide batzuk kudeatzailean (Stellumen) laguntzen dutela, duten jakinduriagatik. Horrek balio erantsia du. Baina inbertsioko erabakietan ekipo profesionala dago, gaur egun denera 17 lagun, eta horietatik 7 Stellum Growthen. Lantalde profesional horrek egiten duen lanaren arabera hartzen dira erabakiak. Artizarra jabe izate horrek ahalbidetzen dio fundazioari baliabideak izatea jarduera sozialak egiteko.

Leire Mancisidor (LM): Stellumek lortzen dituen etekinen parte bat Artizarrara joaten da. Edo joango da, Stellumek etekinak ateratzen dituenean. Oraindik hasiberriak gara.

Nondik dator Stellum Growth eta Aibluren arteko harremana?

Stefanos Amallobieta (S.A): Gure zuzendari Sergio Salcinesek harremana du patrono batzuekin eta baita Stellum kudeatzailean sartuta dauden pertsona batzuekin ere. Eta horrela hasi zen gure harremana eurak inbertitzaile moduan sartzeko

Zein momentutan zeundeten Stellumera jo zenutenean?

S.A.: Bost urteko plan estrategikoa amaituta zegoen eta berria egin genuen. Plan estrategiko horretan aukera edo helburuetako bat zen enpresa haztea: pertsonak, proiektuak... profesionalizazioa lortzea nolabait. Hor sortu zen Stellumen bidea.

artizarra stellum aiblu 2
Stefanos Amallobieta, Aiblu | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Stellum Growthen kasuan, zergatik ikusi zen Aiblu interesgarria izan zitekeela, bertan parte hartzeko?

L.M: Gure inbertsio tesiak hainbat puntu ditu. EAE eta Nafarroako enpresetan inbertitzea bilatzen dugu, tamaina minimoa dutenak. Gutxi gora behera 2 milioi eurotik gorako EBITDA duten enpresez ari gara. Ahal heinean sektore interesgarrietan zein hazkundea izaten ari diren sektoreetan inbertitzen saiatzen gara, betiere profesionalizazio prozesuetan dauden enpresak bilatuta. Eta egunerokotasun hori eramaten duen bazkide bat dagoenean sartzen gara gehienetan. Oso arraroa litzateke guk enpresa baten %100 erostea, faltan botako genukeelako enpresa eramango duen bazkide bat izatea, ezagutza duena eta taldea kudeatzen duena. Aibluk ezaugarri guztiak betetzen zituen, eta segituan ikusi genuen oso interesgarria izan zitekeela guretzat.

Nolakoa izaten ari da harremana?

S.A.: Nire aldetik, harremana oso natural ikusten dut. Leirek esandakoaren ildotik, kudeaketan ez dira guztiz sartzen. Guk jarraitzen dugu gauzak egiten lehen egiten genituen bezala, baina hobetuta. Gauza asko hobetu dira, baina egunerokotasuna langileen artean ez da aldatu. Gainera, beraiek informazio asko ematearen alde daude. Eta hitz egin da dago helburua, nora heldu nahi den, eta alde horretatik oso harreman ona da.

Amaia Jugo (Artizarra): "Euskal Herrian oso gazteak gara arrisku kapitalean. Ezagutza falta da eta esperientzia gehiago behar dugu"

Zein parte on daude?

S.A.: Bi helburu genituen enpresa bezala: profesionalizazioa eta hazkunde inorganikoa. Profesionalizazioaren partetik, kudeaketan ez dira sartzen, baina bai ematen dizkigute aholku batzuk. Eta gero jende berria sartu eta kontratatzearen alde egiten dute, hala behar denetan. Gurean bi perfil sartu dira, Giza Baliabideetakoa eta Finantzarioa. Funtzio horiek denon artean eramaten genituen, eta horrek ez zuen zentzu handirik.

L.M: Stefanosek esan bezala, beti saiatzen gara zuzendaritza taldea izatea indartsua, edo guri konfiantza ematen diguna. Hortik aurrera, eurengan konfiantza edukita, egunerokotasuna euren esku uzten dugu. Gu saiatzen gara bakarrik arlo estrategikoetan gure bisioa ematen eta helburu batzuk jarri eta helburu horiek betetzen direla ziurtatzen.

Honek guztiak nola eragiten du Artizarran?
A.J.: Artizarraren helburuetako bat da inbertsioaren inguruko industria sortzea gure inguruan, aurrezkiak dituztenek gure tresnetan inbertitzea, eta fundazioak berak egiten dituen ekintzetan. Jarduerak bitan fokalizatzen dira. Batetik, inbertitzen dugun enpresetan ESG inguruko politikak hobetzea eta profesionalagoak egitea enpresak eta tamainan ere handitzea. Eta beste alde batetik hezkuntza arloko batzordea dugu. Eta hor zenbait jarduera egiten ditugu.

Hori guztia ahalbidetzeko errekurtsoak behar ditugu, eta guretzako hau da baliabidea. Baina helbururik garrantzitsuena guretzat da errotzea mantentzea enpresetan. Eta Leirek azaldu bezala, euren ibilgailuak Euskal Herri mailan egiten ditu inbertsioak.

artizarra stellum aiblu 3
Amaia Jugo, Artizarra | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Artizarra zirkuluetan etorkizuneko estrategiak identifikatzen ari zarete, adibidez, ESGari dagokiona. Arrisku-kapitalak ETEentzat etorkizuneko finantzaketan jokatu dezakeen rolari buruzko hausnarketarik plazaratu al da? 

A.J.: Ez gaude puntu horretan sortu berriak garelako. Baina geu sortu ginen bereziki ETEei laguntzeko. Eta hori da gure helburuetariko bat. Hazkundeari laguntzea. Patronokide askok izan duten esperientzia izan da kapitala etorri zaiela, baina kanpotarra. Horrek ez du errotzea ahalbidetzen, eta kontrola joan egiten zaigu. 85 inbertsio eginda daramatzagu Stellum kudeatzailearen bitartez, baina oraindik ibilbidea dugu egiteko.

Eta Stellumek parte hartuko dituen enpresekin lanketa espezifikorik egitea aurreikusten duzue Artizarratik? 

A.J.: Ez berehala, baina bai etorkizunera begira.

L.M: Euren helburuak gure bitartez bideratzen dituzte. Azkenean guk inbertituko ditugun enpresek ESG irizpideak bete behar dituzte, eta hilabetero galdetzen digute zer egiten ari garen guk inbertitutako enpresetan arlo horretan.

S. A.: Nik ez dut informazio zehatza. Baina hilabetero bidali behar dira ESGko alderdiak jasotzen dituen txostena.

A.J.: Gainera, guk, kudeatzailearen aldetik, urtero egiten dugu jasangarritasun txostena, eta 2025ean Artizarra fundazioaren txostena ere landuko dugu.

Stefanos Amallobieta (Aiblu): "Kudeaketan ez dira guztiz sartzen. Guk jarraitzen dugu gauzak egiten lehen egiten genituen bezala, baina hobetuta. [...] Eta egunerokotasuna langileen artean ez da aldatu"

Zein irizpide hartu beharko lituzke kontuan ETE batek arrisku-kapitala aukeratu aurretik?

S.A.: Lehenik eta behin jakitea zein den helburua, argi eta garbi. Eta zein kiderekin gura duen lortu helburu hori. Horren arabera egokiagoa izan daiteke arrisku kapital batekin egotea, edo zurea bezalako beste enpresa batekin elkartzea.

L.M: Eta arrisku kapitalaren aldeko apustua egiten baduzu ere, mota asko daudela aintzat hartzea. Ezin ditugu arrisku kapital guztiak zaku berean sartu. Badira Stellum bezalakoak, zenbait gairi buruzko sentsibilitate handiagoa dugunak, eta bestelako irizpideak dituztenak. Badira geratze epe motzagoak dutenak eta  5 urtera bitartekoak —gure kasuan—.

Garrantzitsua da ETEak, elkarrizketak egiten hasi aurretik, ikustea zein aukera dituen, aukera horiek ezagutzea etahoriei buruz ondo hausnartzea, eta horren arabera aukeratzea.

Zein ETE motarentzat izan daiteke arrisku kapitala?

L.M: Esango nuke bereziki erritmo azkar baten hazteko aukera duten ETEentzat dela arrisku kapitala. ETEen helburua bada konstante mantentzea, seguru asko ez du hor enkaje onik. Azken baten arrisku kapitalak etekin bat bilatuko du, eta etekin hori hazkundetik etorri behar da.

Ahalegin handia egin behar al du ETEak arrisku kapitalaren sarrera prestatzeko?

S.A.: Aldaketa bada. Azken baten gure kasuan erabakiak lehen zuzendaritza batetik hartzen ziren, taldearekin kontrastean izanik ere. Orain kontseilu bat ere dago.

Txosten aldetik ere asko aldatu da. Lehen ez genituen egiten, eta orain aldagaiak begiratu egin behar ditugu, norbaitek eskatu egiten dituelako. Ahalegin bat egin da arrisku kapital batekin lanean hasteko.

artizarra stellum aiblu 5
Leire Mancisidor, Stellum Growth | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku

Zein akats dira ohikoenak ETEek arrisku-kapitala bilatzen dutenean?

L.M: Nik esango nuke prestakuntza aldetik garrantzitsuena dela helburua zein den oso argi izatea, eta etorkizunari begira gutxi gora beherako plana marraztuta izatea. Besteak beste, arrisku kapitalak bilatuko duena da bere kalkuluak egin eta ikustea inbertsio horrek zer nolako etekina emango dion. Eta arrisku kapitalak normalean ez du sektore horren ezagutza sakona izango, ezta enpresarena ere. Eta hori bada prozesu bat eta lana enpresa aldetik eginda baldin badator, askoz hobe.

Hori dena ez du ETEak bakarrik egin behar derrigorrez. Badira aholkulariak-eta, ETEei asko laguntzen dietenak arrisku kapital batekin hitz egiteko kasuan.

S.A: Guk hori egin genuen, adibidez.

Behin barruan dagoenean, zein kultura eta antolaketa aldaketa dakartza?

S.A.: Lehen esan bezala, egunerokoan sartzen ez direnez, kultura berdina da. Langileek ez dute aldaketarik ikusi Stellum egotearena edo ez egotearena.

Aldaketa da lehen ginela 20 eta orain 50etik gora. Baina helburua da kultura mantentzea, lantaldea hazita ere.

Leire Mancisidor (Stellum Growth): "Esango nuke bereziki erritmo azkar baten hazteko aukera duten ETEentzat dela arrisku kapitala"

L.M: Kasuaren arabera asko aldatu daiteke. Aibluren kasuan agian ez da hainbeste aldatu zuzendaritza talde berdinak jarraitzen duelako, eta gu kanpotik gaudelako laguntza eskaintzen. Beste kasu batzuetan, ordea, aldaketa nabariagoa izan da, ez gu aktiboki sartzeagatik kultura aldatzen, baina bai negozio-plana garatzerakoan gertatutakoagatik.

Era berean, lehen esan dudan bezala, gu saiatzen gara zuzendaritza taldea mantentzen. Baina batzuetan aldaketak egin behar ditugu zuzendaritzan edo azpiko mailetan. Zenbaitetan, aldaketa gutxi batzuekin, kultura dezente aldatzen da eta gure sarrera kultura zapuzten duten pertsonak kanporatzeko aitzakiatzat ere erabili daiteke.

A.J.: Beste kasu batzuetan egin dutena da pertsona klabeak ekarri.

L.M: Hori asko egiten dugu. Profesionalizazio prozesu horretan asko laguntzen dugu. Egitura sendotzen, adibidez. Nahiko arrunta izaten da enpresa batera iritsi, eta zuzendari komertzialik ez izatea, edo zuzendaritza finantzario indartsua. Hori indartzeak ere kultura aldaketa ekartzen du.

Langileen motibazioa nola mantendu inbertitzaileen etorreraren ondoren? 

S.A.: Azken baten gako da segurtasuna ematea egunerokoan gaudenoi, egoerari buruzko informazio argia partekatuta, zergatik sartu diren eta zein helburu bilatzen diren. Ikusaraztea sartu direla gauzak hobera joan daitezen, eta horrek sortuko dituela aukerak denontzat, bai enpresa bezala, baita pertsonalki ere, zure lanpostuan gora egiteko.

A.J.: Euskal Herrian oso gazteak gara arrisku kapitalean. Ezagutza falta da eta esperientzia gehiago behar dugu. Enpresa asko sortzen ari dira horren inguruan: Mirai taldea dugu, Kutxabankek sorturiko ibilgailua, Acurio... Geroz eta gehiago bagara, eta geroz eta enpresa gehiagotan inbertitu heinean, nik uste dut langileek begi onez ikusiko dutela. Horrek ahalbidetzen du profesionalagoa izatea. Eta Stefanosek esan bezala, zenbat eta handiagoa izan enpresa, orduan eta aukera gehiago izango dira. Hainbat gauza hobetu egingo dira. Esango nuke hori denborarekin ikusiko dela.

Stefanos Amallobieta (Aiblu): "Gako da segurtasuna ematea egunerokoan gaudenoi, egoerari buruzko informazio argia partekatuta, zergatik sartu diren eta zein helburu bilatzen diren. Ikusaraztea sartu direla gauzak hobera joan daitezen"

S.A.: Aiblu sektore finantzarioan oso sartuta dago, eta private equity asko gure bezeroak dira. Egon da garapen bat esparru horretan azken 10-15 urteetan. Azkenean gure ikuspegia zen private equity dator 'marrazoaren' bisioarekin.

L.M: Esprimitzera.

S.A.: Orduan hitza entzuten duzunean, beldurra sartzen zaizu. Horregatik hitz egiten nuen lehen lasaitasunaz. Eurak ere etorri ziren azaltzera nortzuk ziren. Informazio horrek darama jendea lasaiago egotera eta egoera berria aukera bezala ikustera.

artizarra stellum aiblu 6
Stefanos Amallobieta, Aiblu | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku  

Arrisku kapitala marrazoen bisio horrekin lotzen duten pertsonei, zer esango zeniekete?

L.M: Lehen esan dugun gauza bera. Ezin ditugula arrisku kapital guztiak zaku berean sartu.

Gu saiatzen gara gauzak ahalik eta hoberen egiten. Adibidez, zuzendaritzako pertsona gakoak motibatzen, gu ateratzen garenean ateratako etekinen bat beraientzat izan dadin bermatzen. Gure kasuan, gu saiatzen gara gauzak ahalik eta hoberen egiten, inbertitutako enpresei eta hango langile, bezero zein hornitzaileei balio erantsia eskeintzen. Adibidez, langileei dagokienez, zuzendaritzako pertsona gakoak motibatzeko, gu enpresatik ateratzen garenean, ateratako etekinen zati bat beraientzat izan dadin bermatzen.

Langileez ari garenean badirudielako alde batera uzten ditugula zuzendaritza taldeko kideak.

L.MBai noski. Eta egia da behin baino gehiagotan begiratu ditugunean zuzendarien soldatak, baxuegiak iruditu zaizkigula eta aprobetxatu dugula gure sarrerarekin igotzeko.

A.J.: Gure patronokide batek esaten du aiztoa erabili dezakezula hiltzeko edo okela ebakitzeko. Kasu honetan gauza bera. Badira funts batzuk zukutu egingo zaituztenak, eta beste batzuk lagunduko zaituztenak. Gu bigarrengoak gara. Gainera, gu hemen bizi gara, eta ez Londres baten, ez Madril baten. Bihar ikusi egingo gara. Orduan gauzak ondo egin nahi ditugu.

Leire Mancisidor (Stelllum Growth): "Hazkunde proiektu bat duen enpresa batek finantzaketa mota batekin ez du nahiko izango. Hazkunde inorganikoa edo proiektu berriak bultzatzeko behar duzun kapitala oso handia da"

Arrisku-kapitala nola uztartu dezake ETEak bestelako finantzaketa motekin? 

L.M: Osagarriak dira. Gu kapitalean sartzen gara eta gure balio erantsia dator kapitalaz gain eskaintzen dugunarekin. Egia da kasu guztietan ez dugula dirua enpresan sartzen. Batzuetan aurreko akziodunei akzioak erosten dizkiegu.

A.J.: Egunerokotasunean enpresa batek banku bat behar du.

L.M: Hazkunde proiektu bat duen enpresa batek finantzaketa mota batekin ez du nahiko izango. Hazkunde inorganikoa edo proiektu berriak bultzatzeko behar duzun kapitala oso handia da.

Amaia Jugo, Artizarra | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku
Amaia Jugo, Artizarra | Argazkia: Jaizki Fontaneda/Foku 

Arrisku-kapitala enpresa baten sartzen denean, normalean gerora ateratzeko izaten da. Zein puntura arte da gako irteera ere adostuta izatea sarrera ere adosten denean?

L.M: Nola aterako garen argi edukitzea beharrezkoa da. Oro har, sartu aurretik garrantzitsua da jakitea kide bakoitzak zein intentzio duen eta aukerak ondo erregulatzea. Horrek ez du esan nahi sartu aurretik irteera nola izango den erabaki behar denik. Egin daitekeena da erabakitzeko hainbat modu formulatu eta aurreikustea, nahiz eta erabakia aurreragorako utzi.

S.A.: Jakitea zenbat urte izango diren, zure helburuak betetzeko zurekin egongo direla badakizu.

L.M: Arrisku kapital bateko enpresa bat sartzeak ez du esan nahi enpresa oso-osorik saltdu behar denik, irteera ohikoena bada ere. Gure kasuan, saiatzen gara nahiko malguak izaten gure irteerarekin. Adibidez, jabetza duen familia prest badago %100 berreskuratzeko.

Halako kasurik izan al duzue?

L.M: Elkarrizketetan izan gara, baina momentuz ez dugu halakorik.