Hipotekadunentzat albiste onak ekarri ditu euriborrak. Adierazleak beheranzko joeran jarraitzen du, eta %3tik behera kokatu da aste honetan. Zehazki, %2,98ra jaitsi zen atzo, 2022ko azarotik izan den mailarik baxuenean. Merkatuko adituen arabera, urte amaiera arte %2,5 eta %3 artean mugituko da.
Beheranzko joera hau bizkortu egin da azken egunotan, EBZren irailerako bileraren atarian. Christine Lagardek zuzendutako erakundea ostegunean da biltzekoa eta litekeena interes tasak jaistea. Pasa den ekainean, %4,25era jaitsi zituzten eta uztailekoa bigarren jaitsiera izango litzateke segidan.
Interes tasen jaitsierari aurreratu zaio euriborra, ohikoa den bezala. Abuztuan jada %3,16ra apaldu zen, 2023ko udaran baino ia puntu bat beherago kokatuz; %4 inguruan zegoen orduan. Jaitsiera honek 80 euro inguruko aurrezkia dakar batez beste hilean hipoteka aldakorra dutenentzat, hots, 900 euro inguru urtean.
Adierazlea %3tik jaitsi bada ere, euriborraren hilabeteko batezbestekoa zertxobait gorago dago, %3,057an, irailean. Bankuari ordaintzen zaizkion kuotak neurtzeko hartzen da kontuan hilabeteko batezbestekoa. Nolanahi ere, beheranzko erritmo honetan jarraituz gero, hilabeteko batezbestekoa ere laister izango da %3ko langaren azpitik.