Egun bat besterik ez da geratzen BBVAk ezohiko Batzar Nagusia egiteko, Banc Sabadelli EEP areriotsua egiteko ezinbesteko pausoa. Sabadelleko akziodunei aurkeztuko zaien eskaintzaren arabera, Banc Sabadelleko 4,83 akzioko BBVAko akzio bat jasoko da trukean eskaintza onartuz gero. Horrek 0,49 euroko balio nominala duten 1.126.339,845 akzio berri jaulkitzea suposatuko luke BBVAren aldetik; guztira 551.906.524 euroko kontabilitate balioa duen eragiketa izango litzateke, beraz. Zabalkuntzaren ostean jaulkitako akzio berriek BBVAk izango lituzken 6.693 miloi akzioen %16 suposatuko lukete.
"Bozen aholkularitza" enpresen arabera, BBVAko akziodunen interesak kontutan harturik soilik, ohi kanpoko batzar horretan hartu behar den erabakia "guztiz onargarria da", eta "aldeko boza" babesten dute. Zeintzuk dira “bozen aholkularitza” enpresa horiek? Diru-funts handiei zer bozkatu behar duten aholkatzen dieten enpresak dira, kudeatzen dituzten akzioak aintzat hartuta eta akziodun batzarretan boto eskubidea duten heinean. Atzerriko funts handi nagusiek ISS eta Glass Lewis nazioarteko aholkularien balorazioak kontutan hartzen dituzte gehienbat, eta Espainia mailan Corporance aholkularitza da jarraituena.
"Bozen aholkularitza" enpresen arabera, BBVAko akziodunen interesak kontutan harturik soilik, ohiz kanpoko batzar horretan hartu behar den erabakia "guztiz onargarria da", eta "aldeko boza" babesten dute
Enpresa horien gomendioak erabakiorrak izan daitezke BBVAk eta Sabadellek akziodun asko partekatzen dituztelako. Blackrock funtsa BBVAko akziodun nagusia da %5,9ko partizipaziorekin, eta Banc Sabadellen %6,75ekin. Sabadellen kasuan, Dimentsional funtsa da hurrengo akziodun handiena, %3,8rekin. Horiez aparte, Vanguard, Norges Bank eta Goldman Sachs funtsek banketxe bien akzioak partekatzen dituzte.
Aholkularitza enpresen oharrak
Aitzitik, aholkulari horiek, nahiz eta baiezko bozka babestu, ohartarazpen batzuk egiten dituzte: alde batetik, EEP areriotsua izatea berak suposatzen duen zalantza; bestetik, erregulazio baimenak. Azken puntu horretan, prozesuak eman beharko lituzken pausoak aipatu behar dira.
Ekainaren 4an BBVAk EEPa egiteko baimen eskaera erregistratu eta ekainaren 11n CNMVk Merkatuen eta Baloreen Espainiako Batzordeak tramitaziora onartu zuen. Azken honek 20 egun ditu bere iritzia emateko (nahierara luzatu dezaken epea da), baina ezin izango du eman Europako Banku Zentralak berea eman aurretik. EBZ izango da aurretik epaia emango duena (60 egun izango ditu eskaera erregistratu zenetik, ekainaren 4tik alegia). Luis de Guindos EBZko presidente ordeak adierazi du banku zentralaren erabakia fusio ostean geratuko litzateken entitatearen kaudimena eta zuhurtziaren araberakoa izango dela. Ez dirudi arazo gehiegi izango denik.
Ekainaren 4an BBVAk EEPa egiteko baimen eskaera erregistratu eta ekainaren 11n CNMVk Merkatuen eta Baloreen Espainiako Batzordeak tramitaziora onartu zuen
Behin CNMVk erosketa eskaintza onartzean, BBVAk bost egun izango ditu eskaintza argitaratzeko, eta horren ostean Banc Sabadelleko akziodunek 15 eta 70 egun bitarteko epea izango dute eskaintzara atxikitzeko.
Aurrera eginez gero, baldintzak CNMCren esku
CNMVz gain, CNMC Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ere bere iritzia eman behar du. Erosketak aurrera egingo balu —Banc Sabadelleko akziodunen %50k baino gehiagok onartuta—, CNMCk fusioa egiteko baldintzak jarriko lituzke (edo litzake: ez jartzea ere badagoelako).
Halaber, fusioak Espainiako Ministro Kontseiluaren onarpena behar du bere oniritzia edo plazet-a emanez; eta hor dira prozesuaren zalantzak. Carlos Cuerpo Ekonomia Ministroa behin eta berriz agertu da fusioaren aurka banketxeen kontzentrazioa gehiegizkotzat jota interes orokorraren aurka joan daitekeela argudiatuz.
Fusioak Espainiako Ministro Kontseiluaren onarpena behar du bere oniritzia edo plazet-a emanez; eta hor dira prozesuaren zalantzak. Carlos Cuerpo Ekonomia Ministroa behin eta berriz agertu da fusioaren aurka
Balizko agertokia fusio gabeko erosketa bat da. BBVAk bere erosketa eskaintzaren eskuorrian aukera hori adieraztera behartuta dago, eta aurreikusitako fusioaren onuren zenbakiak berregin beharko ditu EEPko esku-orrian islatuz. Carlos Torres BBVAko presidente exekutiboak adierazi zuen banku biak fusionatuz gero urtero 850 miloi aurreztuko zituztela kostuetan. Horrek BBVAko akziodunentzat urteroko akzio bakoitzeko onuren %3,5ko igoera suposatuko zukeen bikoiztasunen murrizketatik; 4000 lanpostu gutxituko lirateke eta plataforma teknologikoak batu. Kostuen beheratzea ekarriko luke. Fusio barik, nahiz eta BBVAk banketxe bien jabegoa izan, zenbaki horien onurak kolokan daude.