BBVAk 8.019 milioi euro irabazi ditu 2023an, iaz baino %22 gehiago. CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeak eman du gaur datua argitara, eta finantza erakundeak inoizko emaitzarik handiena eskuratu du. Interes tasen igoerak ekarri du diru-sarrerak handitzea, eta era berean, merkataritza jarduerak gorakada izan du.
2023ko laugarren hiruhilekoan soilik 2.058 milioi euroren irabaziak eskuratu zituen finantza erakundeak, iazko epe berean baino %32 gehiago.
Akzio bakoitzeko etekina %27 handitu da. Halaber, datorren asteko akziodunen batzarrean dibidenduak banatzea proposatuko duela iragarri du bankuak. Zehazki, akzioko 55 zentimo izango dira. Dibidenduetan denera 4.000 milioi euro banatuko ditu.
Komisioetan 6.288 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %21 gehiago. Negozio lerro honetan, Turkian eta Mexikon izan du gorakada nabarmena.
Bestalde, BBVAk azaldu duenez, kreditua handitzea lortu dute negozio arlo guztietan (Espainian izan ezik), eta hobetu egin dute bezeroen diferentziala. Hala, interesen marjina %29 hazi da, 23.089 milioi eurora ailegatuz.