BBVAk Sabadelli akzio bakoitzeko %30eko prima eta egoitza korporatibo bikoitza eskaini dio

Erreakzio ugari eragin ditu BBVA eta Sabadellen arteko balizko fusioak. Euskal Herrian 1.500 langile baino gehiagori eragin ahal die

Argazkia: VIA Empresa Argazkia: VIA Empresa

BBVAk Sabadelli helarazitako gutunaren berri eman du asteazken honetan. Carlos Torres Vila bankuaren Administrazio Kontseiluaren Presidenteak sinatutako eskutitzean bankuaren jaulkipen berriko akzio bat eskaintzen du Sabadell bankuaren akzioen 4,83 akzio bakoitzeko, bi erakundeen arteko bat-egitea aurrera ateratzen bada, hau da, % 30eko prima gehigarria apirilaren 29ko itxiera-balioarekiko. Eragiketak aurrera egingo balu, 11.500 milioi inguru jarriko luke mahai gainean, akzio truke baten bitartez, Sabadell bankuaren akzioak eskuratzeko. Sortuko litzateke finantza-erakunde berrian Sabadellen egungo akziodunek kapital osoaren % 16 inguru kontrolatuko lukete.

BBVAk asteartean bat-egitearen asmoa jakinarazi bazuen ere, asteazken honetan argitaratu du eskaintzaren xehetasunak biltzen dituen dokumentua. Hala, bat-egiteak sortuko luken erakunde berria Europako handienetako eta sendoenetako bat izango litzateke, bilioi bat eurotik gorako aktibo guztiekin eta 100 milioi bezero baino gehiagorekin munduan ", adierazi du BBVAk. Era berean, "euroguneko burtsa-kapitalizazio bidezko lehen bankua" izango litzatekeela gaineratu du Carlos Torresek zuzentzen duen finantza erakundeak.

Egoitza korporatibo bikoitza

Xurgapen bidezko fusioa suposatzen du BBVAren proposamenak, BBVAren egungo egitura nagusituz, egoitza soziala eta marka, besteak beste. Hala, integrazioari dagokionez, BBVAk "bi erakundeen talenturik eta kulturarik onena zaintzeko" konpromisoa hartu du, bi enpresetako ordezkariekin integrazio-batzorde bat osatuz eta "neurri traumatikoak edo langileei bereziki eragiten dietenak" saihestuz. Aginte organoei dagokienez, honako hau proposatu du banku bizkaitarrak: "Sabadell bankuaren egungo administrazio-kontseiluko hiru kide administrazio-kontseiluan integratzea, kontseilari ez-exekutibo gisa; kide horiek ados jarrita hautatuko dira, eta horietako batek presidenteordetza bat izango du". 

Integrazioari dagokionez, BBVAk "bi erakundeen talenturik eta kulturarik onena zaintzeko" konpromisoa hartu du, bi enpresetako ordezkariekin integrazio-batzorde bat osatuz

Egoitzari dagokionez, BBVAk ez du egun Bilbon dagoen egoitza sozialaren inguruko aipamenik egin eta, hortaz, Bizkaian jarraituko luke. Halere, egoitza korporatiboari dagokionez, bikoitza izatea proposatzen du, horietako bat Sabadellek egun Sant Cugaten (Bartzelona) duen. Merkatal izenari dagokionez, BBVA marka nagusituko balitz ere, Sabadell marka mantenduko litzakete "interes komertzial garrantzitsua" izan dezakeen lekuetan. BBVAren arabera, bi erakundeek "kokapen estrategikoa" eta "osagarritasuna" dute. "Banco Sabadell Erresuma Batuan egoteak bat egingo luke BBVAren eskala globalarekin eta Mexikon, Turkian eta Hego Amerikan duen lidergoarekin", adierazi du banku bizkaitarrak. BBVAren kalkuluen arabera, erakunde berriak kreditua emateko duen gaitasuna urtean 5.000 milioi euro gehigarriraino handituko litzateke eta "indartsuagoa eta errentagarriagoa" izango litzateke.

Sabadellen hirugarren fusio saiakera

BBVAren eskaintzak jokoz kanpo harrapatu ditu eragile ekonomiko gehienak duela hiru urte eta erdi antzeko bat-egite saiakera egin eta gero. Testuingurua, baina, zeharo desberdina da gaur egun. Pandemia garaian saiatu zen Bilbon egoitza soziala duen bankua Sabadell erosten eta bi asteko negoziazioen astean bertan behera uztea erabaki zuten. Bartzelonako bankuak Erresuma Batuan erositako TSB finantza erakundearekin integrazio arazoak zituen eta egungoa baino osasun makalagoa zuen. BBVAk mahai gainean jarritako baldintzek ez zuten asetu Josep Oliuk gidatutako Administrazio Kontseilua eta fusioak ez zuen aurrera egin. Hilabete gutxi beranduago Sabadellek beste bat egite saiakera egin zuen, Kutxabanken atea jota. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxen bankuak ez zuen begi onez ikusi Kataluniatik heldutako eskaintza eta bertan behera gelditu zen hurbilketa hori. Inork gutxi, hortaz, espero zuten aste honetako mugimendua. Duela hilabete baino gutxiago Josep Oliuk Alacanten egindako Akziodunen Batzar Nagusian " fusiorik ez zuela aurreikusten" adierazi zuen. 

Erreakzio ugari

Erreakzio ugari eragin ditu BBVAren eta Banco Sabadellen arteko balizko bat-egiteak. Hala, hainbat sektore eta erakundek oligopolio baten sorreraz ohartarazi dute. Natàlia Mas Catalunyako Generalitateko Ekonomia kontseilariak astearte honetan adierazi duenez, "Kataluniako herritarrek eta enpresa txiki eta ertainek finantza-erakunde gehiago behar dituzte, eta ez gutxiago". Izan ere, bat-egite hori lortzen bada – eta ez bada etengo 2020. urteko eragiketa zapuztu gisa –, bat-egitearen ondorioz sortutako bankuak Caixabank gaindituko luke, Espainiako banku handiena den aldetik. Hauteskunde kanpainan murgilduta dauden alderdiek ere fusioaren inguruan hitz egin dute. Egungo Generalitateko presidenteak, Pere Aragonések ez du eragiketa begi onez ikusten. Maiatzaren lehenaren manifestazioan ERCko buruak "erakunde gehiago behar direla eta ez gutxiago" adierazi du. Sumar alderdiak ere balizko eragiketa izan du hizpide, hiritar eta enpresentzat "banku zerbitzuak kaltetzea" ekarriko lukeela nabarmenduz eta konkurrentziarako arduradunei fusioa eragozteko eskatu die.

Lanpostuen galeraren afera

Eragiketaren aurka agertu da Yolanda Díaz ere. Espainiako gobernuko presidenteorde eta lan ministroak fusioak enplegu erregulazio espedientea ekarriko duela ohartarazi du. SER katean emandako elkarrizketan azaldu du " horrelako gauzak nolakoak diren oso ondo dakiela" eta horregatik kezkatuta dagoela. BBVAk 2.935 lanpostu murriztu zituen 2021ean, sindikatuekin adostutako neurrien bitartez, eta pentsatzekoa da Bartzelonako bankuarekin bat egin eta gero lanpostu galera gehiago etor litezkeela. Banku berriak 135.500 lanpostu inguru ditu mundu osan zehar. Euskal Herrian sakonago eragin lezake enplegu erregulazio horrek. Jatorri bizkaitarra izanik, merkatu kuota eta sare handia du BBVAk. Sabadellek ere baditu bulego ugari, Gipuzkoan batez ere, 2010ean Banco Guipuzcoano erosi eta gero. BBVA eta Sabadellek 187 bulego inguru dute gaur egun Hego Euskal Herrian eta 1.600 langiletik gora.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK