Bankuen gaineko zerga Itun eta Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez erregulatuko dela jakin eta biharamunean, Ibexeko entitate finantzarioen txanda iritsi da urtarriletik irailera bitarteko emaitzak partekatzeko. BBVAren kasuan, irabazi garbiek %27,9 egin dute gora 2023ko epe beretik, 7.622 milioi eurotan kokatu baitira. Denera, diru-sarrerak (marjina gordina) 26.161 milioi eurokoak izan dira, %18,4 hazita. Horietatik, interes garbiengatik lorturiko diru-sarrerak 18.661 milioi eurotan kokatu dira, iazko epe berean baino %5,7 gehiago.
Komisioengatiko diru-sarrera garbiei erreparatuta 5.754 milioi euroko lortu ditu bankuak, %25,3 gora eginda, eta operazio finantzarioengatiko emaitzak ere bikoiztu egin ditu 2,930 milioi euroraino. "Etorkizunari baikor begiratzen diogu. Kreditu errentagarrien hazkundea handitzea eta eskala irabaztea espero dugu, familiei eta enpresei laguntzen jarraitzeko ", adierazi du Onur Genç BBVAko kontseilari delegatuak ohar bitartez.
Langileengatiko kostuek %12,5 egin dute gora, 5.443 milioi eurotan kokatzeraino, eta administrazioko gainontzeko kostuek %8,1, 3.621 milioi euroraino. Halaber, amortizazioengatik 1.125 milioi euroko eragin negatiboa izan zuen, eta 4.279 milioiko narriadura finantza-aktiboetan, % 33,6 gehiago. Mexikon eta Latinoamerikako gainerako herrialdeetan kredituak onbideratzeko beharrak eragin du horretan.
Hala ere, gogoan izan behar da diru-sarrera gehienak Mexikon lortu dituela bankuak beste behin: 4.193 milioi euro irabazi garbi izan ditu bertan, iazko epe berean baino % 5,6 gehiago. Espainiak 2.866 milioi euroko ekarpena egin dio, %37,6 gehiago. Turkian 433 milioi euro irabazi zituen, %18,3ko hazkundearekin, eta Latinoamerikako gainerako herrialdeetan 471 milioi, %3,5 gutxiago.