Bere horretan utzi ditu interes tasak EBZk, aurreikuspenak beteta

Litekeena da hurrengo jaitsiera irailean izatea, baina oraingoz %4,25ean mantendu ditu tasak Lagarde buru duen erakundeak

Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ

Interes tasen hurrengo jaitsiera udara ostean izango da ziurrenik. Europako Banku Zentralak gaur egindako bileran interes tasak %4,25ean mantentzea erabaki du, eta beraz, espero bezala orain hilabeteko %0,25eko jaitsierari ez dio jarraipenik eman.

EBZren Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian Lagardek adierazi du irailean interes tasak jaisteko aukerak “zabalik” daudela, baina jasoko dituzten datuen arabera hartuko dutela erabakia. inflazioari aurre egiteko borrokan zuhurtziaz jokatu nahi du EBZk, eta hurrengo jaitsiera gauzatu aurretik prezioen egonkortasuna bilatu nahi du. Azken aurreikuspenen arabera, eurogunean batez besteko inflazio tasa %2,2koa izango da datorren urtean, eta %1,9koa 2026an. Beraz, epe motzean zaila izango da EBZk bere helburua lortzea (%2).

Gauzak horrela, eta tasak bere horretan utzita, %4,25eko interesa ordaindu behar diote EBZri dirua eskatzen dioten bankuek. Gordailu-tasa %3,75ean eta mailegu-erraztasunarena %4,50ean mantendu dira.

Inflazioa motel jaisten ari bada ere, Lagardek onartu du soldatei buruzko azken datuak nahiko onak direla, eta ez direla inflazioa handitzen ari. Urtea amaitu baino lehen beste bi jaitsiera espero dituzte adituek. Litekeena da hurrengo jaitsiera irailean izatea, ekainean bezala, %0,25ekoa, bigarrena, berriz, abenduan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK