![Irudia: iStock Irudia: iStock](https://www.enpresabidea.eus/uploads/s1/27/10/32/12/istock-1282216331.jpeg)
Bazen behin oso, oso urruti, herri txiki bat. Herri txiki horrek Burtsaenea zuen izena. Ez zuen ezer berezirik, baina bertan bizi zen Iraitz izeneko pertsona bat, gure ipuineko protagonista. Egun batean korrika egitera irten zen. Hainbat kilometro egin eta nabarmen izerditu ondoren etxera itzultzeko bidea egiten hasi zen erabat nekatuta. Egindako kirolak sekulako egarria eman zion, baina etxera heldu arte ezin izan zuen inolako edaririk hartu. Iraitz pertsona azkarra zen eta pentsatu zuen: “Zergatik ez dut taberna bat eraikitzen eta martxan jartzen?”
Ideia hori buruan zuela pasa ziren egunak, eta lehenengo arazoaz ohartu zen: diru falta. Ez zuen dirurik, eta kanpotik dirua nola lortu pentsatzen hasi behar zuen bere ideia inork lapurtu ez ziezaion. Horrela zebilela, bere lagun Mikelen bisita jaso zuen etxean. Mikel herrian ezaguna zen oso inuzentea zelako, baina Iraitzek asko maite zuen eta gainera bere taberna berrirako izen ezin hobea proposatu zion.
Iraitz bere ideiari bueltak eman eta eman joan zen lotara, eta gauean sekulako ideia bururatu zitzaion dirua lortzeko. Taberna eraiki eta martxan jartzeko Iraitzek 20.000 moneta unitate behar zituen. Hori lortzeko, 2.000 papeltxo egin zituen, bakoitza 10 moneta unitatetan saltzeko, eta ordainetan papeltxoan jarri zuen erosle bakoitzari 12 moneta unitate itzuliko zizkion taberna martxan jarri eta hilabete bat pasa eta gero.
Taberna eraiki eta martxan jartzeko [...] 2.000 papeltxo egin zituen, bakoitza 10 moneta unitatetan saltzeko, eta ordainetan papeltxoan jarri zuen erosle bakoitzari 12 moneta unitate itzuliko zizkion
Hurrengo goizean 2.000 papeltxoak hartu eta herriko plazara joan zen saltzera, baita azkar asko saldu ere. Herriko guztiek bazekiten Iraitz pertsona fidagarria eta oso langilea zela, eta gainera sekulako berri ontzat jotzen zuten denek taberna baten irekiera.
Herriko pertsona askok zituzten askotariko proiektuak buruan, baina dirua lortzeko arazoak zirela medio, askok bertan behera utzi zuten bere ideia. Hala izanik ere, Iraitzen ideiak begiak ireki zizkien. Hori dela eta, hurrengo goizean herriko plaza jendez gainezka zegoen, denak beraien proiektuen papeltxoak saldu nahian. Hor zebilen Maite, bere aholkularitza martxan jarri nahi zuena. Noelia ere hor zegoen, bere barazki dendarako papeltxoak saltzen eta baita Mikel ere, Iraitzen laguna, ilargira bidaiak eskaintzen, herriko jendearen harridurarako.
Sekulako arrakasta izan zuen Iraitzen ideiak. Herriko plazan ez zen ezer egiterik papeltxoak saldu eta erosi nahi zituen jendetza zela eta. Alkateak hori ikusita udaletxeko areto bat ireki zuen papeltxoak saldu zein erosi nahi zuen edozein hara joan zedin. Areto horri Papeltxoen Areto izena jarri zioten.
Papeltxoen moda baretzen joan zein heinean, Papeltxoen Aretoa husten hasi zen eta hainbat pertsona egoera ezezagun batean geratu ziren, proiekturik buruan eduki gabe eta beste proiektuetako papeltxoekin
Papeltxoen moda baretzen joan zein heinean, Papeltxoen Aretoa husten hasi zen eta hainbat pertsona egoera ezezagun batean geratu ziren, proiekturik buruan eduki gabe eta beste proiektuetako papeltxoekin. Gauzak horrela, Eñaut kexatu egin zen: berak janaria erosteko dirua behar zuen eta orain papeltxoak besterik ez zituen eskuan. Orduan Mirenek erabaki zuen Iraitzen tabernako papeltxo bat bere balioa baino gutxiagogatik saltzea nahiz eta bazekien hilabete barru diru gehiago edukiko zuela. Mirenek dirua orain behar zuen eta ez hilabete barru; nahiz eta dirua galdu, bere papeltxoak saldu behar izan zituen. Herriko apaiza geratu zen okerren, berak Mikeli (herriko inuzenteari) ilargirako bidaientzako papeltxo gehienak erosi baitzizkion, eta orain bere eliza konpondu behar zuen eta dirurik ez baitzeukan.
Horretan zela, astelena iritsi zen. Iraitz poliki-poliki ari zen bere taberna eraikitzen eta Mikelek jada erosi zituen bizikleta zein karroa. Herria aztoratuta zegoen oraindik ideia berrien zurrunbilo horrek sortutako mugimenduarekin. Alkateak ez zuen atzean geratu nahi eta plaza berritzeko eta bizikleta bat erosteko dirua lortu zuen bere papeltxoak sortuz; alkateak ordea ez zuen moneta unitaterik nahi bueltan; papeltxo bakoitza bizikleta batengatik aldatzen zuen, bi bizikleta itzuliko zituenaren ideiarekin. Herriko jende gehienak bere bizikletak eman zizkion alkateari eta jende gehiena oinez mugitzen hasi zen toki batetik bestera.
Papeltxoen jokoan, pertsona asko animatuta sentitzen ziren Iraitzen ideiaren antzekoetarako papeltxoak erostera, baina kontrakoa gertatzen zen Mikelen papeltxoekin: atzera egiten zuten, ez baitzioten etorkizunik ikusten eta beraien dirua xahutzea zela iruditzen baitzitzaien.
Pertsona asko animatuta sentitzen ziren Iraitzen ideiaren antzekoetarako papeltxoak erostera, baina kontrakoa gertatzen zen Mikelen papeltxoekin: atzera egiten zuten, ez baitzioten etorkizunik ikusten
Sar dezagun beste pertsonaia bat: Leire, herriko aberatsa. Hura erabat buru-belarri zebilen papeltxoen jokoarekin, eta papeltxo ugari zituen eskuetan. Aldiz, pentsatu zuen batzuk gainetik kendu nahi zituela, eta horretarako ideia ederra bururatu zitzaion: 100 papeltxoko paketeak egin zituen. Herritarren artean arrakasta handia izan zuten. Pakete horiek aztertzen hasi zen herriko azkarrena zen Antton. Antton konturatu zen pakete horietan Iraitzen papeltxo gutxi zeudela eta Mikelen asko. Alegia: papertxo paketeen ideia erabiltzen ari zen Leire Mikelen papeltxoak saltzeko. Hori ikusita, beste herritarrak aholkatzeagatik 5 moneta unitate kobratzen hasi zen,. Hala, papeltxo paketeak erosi baino lehen herritar guztiak Anttonen etxetik pasatzen ziren paketeok azter zitzan.
Denbora aurrera zihoan eta proiektu batzuk ia amaituta zeuden eta beste batzuk oraindik hasi gabe. Hasi gabe zeuden proiektuen papeltxoak zituzten herritarrak urduri jartzen hasi ziren, baita Mikelen papeltxoak zituztenak ere, ez baitzuten beren diruaren itzulera erraz ikusten. Testuingurua ulertuta, Anttonek, bere bizkortasunarekin, Anttonen lasaitasuna deituriko produktu bat atera zuen, beldurra zuten herritarrei eskaini ziena. Horren arabera, papeltxoaren epe muga heldu arte 2 moneta unitate eman behar zizkioten Anttoni eta horrek beraien papeltxoen dirua jaso ez zutenei 20 moneta unitate emango zizkien beraien diruaren itzulera jasotzen ez bazuten.
Denak aztoratuta zebiltzan beren papeltxoekin eta diru itzulerarekin, epe muga gerturatzen ari batizen. Denbora horretan guztian alkateak ez zuen herriko plaza berritu eta jaso zituen bizikleta guztiekin herritik joan zen. Ondorioz, herrian geratu zen bizikleta bakarra izan zen Mikelek bere negoziorako erosi zuena. Inork ez zuen alkatearekiko susmo txarrik, gehienbat alkatearen idazkariak Papeltxoen aretoko arbelean ideia guztiak idatzi baitzituen. Bakoitzari balio bat eman zion: baliorik handiena 10 zen eta txikiena 0. Horrela idazkariak alkatearen ideiari 9,5eko balioa ezarri zion Iraitzen ideiari 8 eta Mikelenari 1.
Inork ez zuen alkatearekiko susmo txarrik, gehienbat alkatearen idazkariak Papeltxoen aretoko arbelean ideia guztiak idatzi baitzituen
Iraitzek bere taberna eraiki eta martxan jartzeko dena prest zuen. Herritik pixkat urrun eraiki zuen. Ireki aurretik azken begirada bota zion eta tabernaren izena zuen kartela ezarri zuen atearen gainean. Tabernaren izena Ilargia zen.
Aitzitik, Iraitzek ez zuen lortu inor bere tabernara joatea. Ez zen inor azaltzen. Hori ikusita herrira joatea erabaki zuen. Eta ikusitakoarekin beldurtu egin zen. Herriko plaza zearo txikituta zegoen; ez zen bizikletarik ikusten, dena aldatuta zegoen. Orduan Noeliarekin topatu zen eta hark gertatutakoa kontatu zion. Iraitzen ideia eta gero, papeltxo gehiago zegoen moneta unitateak baino. Alkateak herritik alde egin zuen bertako bizikleta guztiekin, eta papeltxo paketeen salmentak lurra jo zuen. Anttonen lasaitasuna saltzen zutenek ezin izan zuten beren hitza bete eta herritik alde egin zuten inori ezer ordaindu gabe… "Erabateko porrota dugu gainean".
Iraitzek Noeliari galdetu zion bere aholkularitzagatik. Noeliak esplikatu zion negozio gehienak aurrera atera ez zirenez, ez zegoela nor aholkatu, eta bere negozioak ere ezin zuela aurrera jarraitu. Noeliarekin hitz egiten, Iraitz konturatu zen bere tabernara ez zela inor joango. Herrian ez zegoen bizikletarik tabernara joateko, eta horren ondorioz, ezin izango zien dirua bueltatu bere papeltxoak erosi zituztenei.
Herrian ez zegoen bizikletarik tabernara joateko, eta horren ondorioz, ezin izango zien dirua bueltatu bere papeltxoak erosi zituztenei.
Erabat etsituta zegoen Iraitz. Orduan, burua altxa zuen, eta Mikel eta bere bizikleta ikusi zuen. Bizikletak jendea eramateko karro bat zeraman lotuta. Jendea karrora igotzen ari zen eta izugarrizko ilara zegoen zain karrora igotzeko. Hori ikusita, Iraitzek galdetu zion Mikeli ea nora zihoan jendetza hori guztia. Eta Mikelek azkar asko erantzun zion: nora joango dira, bada? Zure tabernara! Ilargira!
Mikelek kartelak jarri zituen eta moneta unitate bat kobratzen zuen tabernara bidaia egiteagatik. Iraitzek sekulako besarkada eman zion Mikeli, eta karrora igo eta Iraitzen erabaki zuen lehen gauean edari guztiak doan izango zirela denentzat!
--
Hiztegia
- Papeltxoak: obligazioak eta bonoak.
- Iraitzek itzuli behar dituen 12 moneta unitateak: bonoaren balio nominala
- Papeltxoen Aretoa: burtsa merkatua
- Alkatearen papeltxoak: zor publikoaren tituluak
- Papeltxo paketeak: zor obligazioak
- Antton: inbertsio aholkularia
- Anttonen lasaitasuna: zor ordainketa asegurua
- Balorazio arbela: kalifikazio agentziak
--
Ipuin hau hitzaldi honetan inspiratuta dago