Caixabankek 3.659 milioi euro irabazi ditu irailera bitartean

Hirugarren hiruhilekoan, irabaziak 1.522 milioira iritsi dira

Caixabanken bulego bat | Argazkia: Utzita Caixabanken bulego bat | Argazkia: Utzita

CaixaBankek 3.659 milioi euroko irabaziekin itxi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteak, hau da, % 48,2ko hazkundea izan du iazko aldi berarekin alderatuta. Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera bidalitako datuen arabera, 2023ko hirugarren hiruhilekoan soilik erakundeak 1.522 milioiko irabaziak izan ditu, iaz baino %69,9 gehiago. Banku negozioaren diru-sarrerak % 34,3 igo dira, 11.128 milioiraino, batez ere interes marjinengatik, % 60,7 igo eta 7.364 milioira iritsi baitira. Aitzitik, komisio garbien marjina % 5,3 jaitsi da, 2.741 milioira. Horrela, 10.689 milioiko marjin gordinarekin itxi du ekitaldia, iaz baino % 28,9 gehiago. Era berean, Caixabankek 373 milioi euro ordaindu ditu zergetan.

"Interes tasen normalizazioaren testuinguruan emaitza sendoa lortu dugu, merkataritza dinamika on batekin eta kreditu arriskuaren kudeaketa zuhur batekin batera", azaldu du Gonzalo Gortazarrek. CaixaBankeko kontseilari delegatuaren esanetan, "Espainiako finantza sektoreko banka eta aseguru eskaintzarik onena dugu".

Edonola ere, hipoteken zorroa % 3,9 murriztu da urtean, amortizazio aurreratuengatik. Gainera, gutxiago sinatu dira 6.680 milioiko balioarekin. Kontsumorako kredituetan 7.700 milioi euro bildu dituzte, eta enpresetan 27.700 milioi.

Urte hasieratik, Caixabankek hipoteketan jardunbide egokien kodearekin bat egin nahi duten bezeroen 6.000 eskaera inguru kudeatu ditu. Interes tasen igoera dela eta, partikularrak birfinantzatzeko 10.600 akordio egin dituzte. Halaber, CaixaBanken berankortasun ratioa % 2,7an mantendu da, eta kaudimen gabezietarako funtsak 7.725 milioi eurotan itxi du iraila, horietatik 1.100 milioi inguru esleitu gabeko hornidurak direlarik.

Orain gutxi finantza erakundeak akzioak berrerosteko programaren % 11,8 gauzatu zuela iragarri zuen.  Mugimendu horrekin, CaixaBankek 500 milioi euroko emaitza lortzea aurrreikusten du. Programan zehar, bankuak 59,4 milioi euro inbertitu ditu 16,2 milioi akzio propio erosteko, titulu bakoitzeko 3,65 euroko prezioan. Programak hamabi hilabeteko iraupena du, eta CaixaBankek helburua lehenago lortuz gero, programa amaitzeko eskubidea du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK