Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak gaur zuen bilera egitekoa, eta laugarren aldiz jarraian interes-tasak %4,5ean mantentzea erabaki du. Modu honetara, birfinantzaketa-eragiketetarako erreferentzia-tasa % 4,50ekoa izango da, gordailu-tasa % 4koa eta mailegu-erraztasunarena % 4,75ekoa.
Pasa den urrian interes-tasak igotzeari utzi eta ordutik maila berean mantendu ditu Lagarde buru duen erakundeak. Urrira arte, hamar aldiz segidan igo zituzten tasak, azken hogei urteetako mailarik altuenean kokatuz.
Lagardek aurreko agerraldietako adierazpenen ildo beretik jo du, eta interes-tasak maila honetan epe luzez mantenduz gero, inflazioa jaitsiko dela uste du, %2ko helburura iritsiz. "Gobernu Kontseiluaren etorkizuneko erabakiek bermatuko dute, beharrezkoa den denboran, interes-tasa ofizialak maila aski murriztaileetan finkatzea".
Euroguneko urte arteko inflazio-tasa % 2,6koa izan da otsailean. Halaber, Eurostaten arabera, Europak atzeraldia ekidin du oraingoz, eta 2023an BPGa %0,5 besterik ez zen hazi. Interes tasak altu mantentzeak inflazioa apaltzea ekarri badu ere, Europako ekonomia haztea zaildu du.