AEBetako dolarra mundu mailako erreserba moneta garrantzitsuena izan da Bigarren Mundu Gerraren ondoren Bretton Woodseko sistema ezarri zenetik. Billete berdeak ez du nagusitasun hori inoiz galdu, baina askok uste dute des-dolarizazio prozesuaren erritmoa asko handituko dela Txina, Iran, Errusia edota Ipar Koreak AEBekin duten norgehiagoka geopolitikoa dela eta. Bestalde, banku zentralak moneta digitalen aldeko apustua egiten hasi dira, ordainketa internazionalen erregimen monetario multipolar bat bultzatu dezakeen mugimendua.
CIPS kodea (Cross-Border Interbank Payment System), esaterako, Txinak garatutako eta SWIFT ordezkatzen duen ordainketa sistema bat da, yuanetan egiten diren nazioarteko transferentzien segurtasuna, arintasuna eta kostuak hobetzeko sortua.
Txinako ekonomiak dolar estatubatuarrarekiko historikoki izan duen menpekotasuna saihestea da sistemaren helburua, nazioarteko ordainketetan yuanaren erabilera sustatzeko eta renminbia irismen globaleko erreferentziazko dibisa bihurtzeko.
AEBek eta Europar Batasunak Ukrainako gatazka dela eta Errusiaren aurka ezarritako zigorren ondorioz, Errusia CIPS sistemara batu da petrolioa saldu ahal izateko.
Petrodolarretik petroyuanera
Abenduan Xi Jinping Txinako presidenteak Saudi Arabiara egindako bisitan jakitera eman zenaren arabera, bi herrialdeak lanean ari dira Txinak petrolioa eta gasa yuanetan erosi ahal izateko, dibisa estatubatuarra alde batera utzita. Txina mundu mailako energia kontsumitzailerik handiena da, eta Saudi Arabia petrolio esportatzaile nagusiena.
Xi Jinpingi harrera zeremoniatsua egiteaz gain, Golkoko Estatuekin bildu zen, eta Liga Arabiarreko herrialdeetako buruzagiak gonbidatuta zeuden goi mailako gailur zabalago batetan parte hartu zuen. Saudi Arabiak Xiren bisitarekin mezu argi bat bidali nahi du Estatu Batuetara. Izan ere, 2022ko udan Joe Bidenek Riad bisitatu zueneko gailurrak ez zuen abendukoak besteko garrantzia.
Saudi Arabiak Xiren bisitarekin mezu argi bat bidali nahi du Estatu Batuetara. Izan ere, 2022ko udan Joe Bidenek Riad bisitatu zueneko gailurrak ez zuen abendukoak besteko garrantzia
Era berean, Gazprom Neftek, Errusiako laugarren petrolio ekoizlerik handienak, Txinari saltzen dion petrolio guztia (salmenta guztien herena) renminbitan likidatu izan du 2015. urteaz geroztik. Gainera, Iran, Venezuela edota Indonesia bezalako herrialdeek dagoeneko yuanetan kobratzen dute Txinarekin duten petrolio salerosketen zati handi bat.
Txinak yuanetan izendatutako petrolio salerosketak urrearekin babesteko estrategia oso erabakigarria da petroyuanaren sistema eraikitzeko. Renminbia urreagatik bihurgarri egitean, moneta inbertsio globaleko aktibo bilakatzen da Txinako mugetatik haratago dauden yuanen jabeentzat, eta horrek Txinako dibisarekiko konfiantza eta eskaria handitzen ditu.
Saudi Arabia eta Errusiak petroyuanaren ekimenarekin bat egitea lortzen badu Beijingek, beste herrialde batzuek jarraitu ahal izango liekete. Horrek inplikazio geopolitiko eta ekonomiko sakonak izan ditzake
Saudi Arabia eta Errusiak petroyuanaren ekimenarekin bat egitea lortzen badu Beijingek, beste herrialde batzuek jarraitu ahal izango liekete. Horrek inplikazio geopolitiko eta ekonomiko sakonak izan ditzake, petrolio-merkataritzaren dinamika aldatuko lukeelako eta balantza geopolitikoa ekialderantz mugituko lukeelako. Herrialdeek AEBetako dolarraren sistemaren baitan ezarritako zigor ekonomikoak saihestu ditzakete renminbia eta CIPS erabiliz, AEBek nazioarteko merkataritza eta dolar fluxuak kontrolatzeko eta eragiteko duten gaitasuna ahulduz.
Jarrera eszeptikoak
Badira eszeptikoak ere, dolarrak behin betiko bere nagusitasuna mantenduko duela uste dutenak. Haien ustez, renminbi txinatarrak ez du erreserba moneta bihurtzeko gaitasunik kapital kontrolak desagertzen ez diren heinean eta truke tasa malgutzen ez bada. Gainera, egia da dolarra alde batera uzteko orain arte egindako saiakerek kale egin dutela, Nazioarteko Diru Funtsak bultzatutako (eta bere baitan 2016 eta 2020 artean lehenengoz renminbia zeukan) IEBa barne.
Eszeptikoen ustez, renminbi txinatarrak ez du erreserba moneta bihurtzeko gaitasunik kapital kontrolak desagertzen ez diren heinean eta truke tasa malgutzen ez bada
Baina egia esanda, truke tasa guztiz askea eta nazioarteko kapitalen mugikortasuna ez dira horren beharrezkoak erreserba moneta bilakatzeko: AEBek beren kapital kontrolen bertsio propioa dute herrialde edo gizabanakoei ezartzen dieten zigor ekonomikoekin, eta segurtasun nazionalaren izenean sektore eta enpresa zehatz batzuetan inbertsioak egiteko jartzen dituen traben ondorioz.
Euroa: hirugarren poloa?
Euroa sortu zenetik joan diren bi hamarkadetan dibisa europarrak ez du lortu dolarrari erreferentzia-moneta gisa itzalik txikiena ere egitea: dibisen erreserbetan dolarraren indarraren herena besterik ez dauka. SWIFT sisteman egiten diren transakzioen bolumenaren arabera bigarren dibisa izan arren, billete berdearen atzetik 5 puntura bakarrik.
Ez dirudi, ordea, Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek eta euroaren inguruan erabakiak hartzen dituzten instituzioek AEBetako dolarrari nagusitasuna kentzeko borrokan sartzeko asmorik dutenik: Ukrainako gatazkaren harira AEBek Errusiaren aurka ezarritako zigorrak kalkatu ditu, eta erregai errusiarrei enbargoa ezarri ondoren, Europar Batasunak gasa eta petrolioa dolar estatubatuarretan ordaintzen die Katar, Saudi Arabia eta Golkoko gainerako herrialdeei.
Ez dirudi, ordea, Europar Batasuna osatzen duten herrialdeek eta euroaren inguruan erabakiak hartzen dituzten instituzioek AEBtako dolarrari nagusitasuna kentzeko borrokan sartzeko asmorik dutenik
Europar Batasuna ez da aktore autonomoa esparru geopolitikoan, eta hala balitz ere, bere baitan dituen interes kontrajarriak orekatzeko zailtasun ugari izango lituzke. Horrek, jarduteko tartea murriztuko luke, bere posizioa ahulduz.
Europak, sortzen ari den sistema bipolarrari hirugarren erpin bat zabaldu nahi izatekotan, AEBen hegemonia desafiatu beharko luke Washingtonetik datozen politikak itsu-itsuan jarraitzeari utziz. Bestela, Atlantikoaren beste aldean, Europa museo bat bezala ikusten jarraituko dute.