Euriborra, %4ra heltzear

Azken asteetako igoera eta gero, sei milaren jaitsi eta %3,852era heldu zen atzo urtebeterako Euriborra. Datorren astean bilduko da Europako Banku Zentrala, eta litekeena da % 4ko muga psikologikoa gainditzea

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ekonomiaren bilakaera aztertzeko orduan badira finantzen tenperatura neurtzeko hainbat adierazle eta euriborra horietako bat da. Inoizko gorakadarik malkartsuena izan eta gero, mugarri izango den % 4ko langara heltzear dago, 2016tik geroztik izan duen kotizaziorik altuena. Etengabeko goranzko joera izan du banku arteko erreferentziazko tasak azken urte honetan, salbuespenak salbuespen.

Nazioarteko finantza merkatuak martxoan dardarka utzi zituzten Silicon Valley Bank, Signature Bank eta Crédit Suisse finantza erakundeen hondamendiek su eten txikia eman zioten euriborraren lasterketari, jaitsiera nabarmenak izanik. Ezustekoa igarota eta tsunamia izan zitekeena tamaina txikiko oldarraldia baino ez zela ikusita, goranzko bideari ekin zion berriro Europako maileguetarako erreferentzia nagusia den tasak.

Europako Banku Zentralaren moneta politikaren erabakiak aurreratzen ditu euriborrak. Martxoko bileran Christine Lagardek zuzentzen duen erakundean tasa ofizialak % 3,5ean finkatu ostean, datorren ostegunean onartuko duen erabaki berriari aurre hartu nahian, % 4rako bidean dabil euriborra.

Negoziaketa eta goranzko bidea

Asteazkenean % 3,90era heldu zen urtebeterako euriborra, eta atzo, sei milaren atzera eginda, % 3,852ean kokatu zen. Hainbat epemugatarako negoziatzen da, baina urtebetekoa da hipoteka maileguen kalkulurako erabiltzen ohiko erreferentzia.

Era berean, astelehenetik ostiralera bitartean negoziatu ohi da. Badira hipoteken interesa berrikusteko orduan eguneko erreferentzia hartzen duten maileguak, baina ohikoena da hileko batez bestekoa erabiltzea. Hala, atzo bitarteko kotizazioak aintzat hartuta (gaurkoa ezagutzea baino ez da falta), apirileko batezbestekoa % 3,749 da. Iazko apirileko batezbestekoa % 0,013koa izan zen. Igoera nabaria, hortaz, apirileko erreferentziarekin maileguaren interes-tasa berrikusi behar dutenentzako.

Hainbat epemugatarako negoziatzen da, baina urtebetekoa da hipoteka maileguen kalkulurako erabiltzen ohiko erreferentzia

Kalkuluak egite aldera, tasa aldakorreko 180.000 euroko eta 25 urterako hipoteka duen familia batek (euribor + %1ekoa) 679 euroko kuota ordaindu du orain arte. 2023ko apirileko euriborraren batezbesteko berriarekin, ordea, 1.024 euro ordaindu beharko du, 345 euro gehiago hilero.

Enpresen kostuak gora

Urtebetekoa ez da euriborrak duen erreferentzia bakarra. Hiruhilabetekoa eta sei hilabetekoak ere negoziatzen dituzte banku arteko merkatuan. Maiz erabiltzen dira halako erreferentzian enpresetarako finantzaketetan. Epe laburreko zirkulatzaileko finantzaketetan (Factoringa, confiminga…) hiruhileko euriborrari erreparatzen diote, esaterako. Inbertsioak finantzatzeko eragiketetan, aldiz, epe luzeagoko erreferentzietan oinarritzen dira, sei hilekoak edo urtebetekoak.

Adibidez, Elkargi Elkarrenganako Berme Sozietateak bermatutako maileguetan oso ohikoa da sei hileko euriborra erabiltzea. % 3,618ean itxi zuen atzo urte erdiko tasak, duela urte erdi baino puntu eta erdi altuagoa. Gehikuntza nabaria, hortaz, enpresen finantza kostuei dagokienez.

Maileguen formalizazio gutxiago interesen gorakadagatik

Interes-tasen igoerak isla argia izan du bankuen jardunean. Bankuek maileguak emateko baldintzak zorroztu dituzte, eta bezeroek aurre egin beharreko esfortzu ekonomikoa nabarmen handitu da, hipoteken eskarian eraginez. INE Espainiako Estatistika Institutuak bildutako datuen arabera hipoteken formalizazioak % 6 egin zuen behera EAEn otsailean eta %4 Nafarroan.

Joera hori ere berretsi dute finantza erakunde nagusiek lehen hiru hilekoaren emaitzak aurkeztean. Kutxabankek, esaterako,  “hipoteka-kredituen merkatuan tipoen gorakadak eragin argia izan duela” nabarmendu zuen atzo, ”bankua aritzen den zonalde guztietan etxebizitzen salmentak behera egin baitu”. BBVAk ere emaitzen berri eman zuen atzo eta espainiar estatuan kreditu inbertsioaren  % 1,2eko jaitsiera izan du.

Bankuek maileguak emateko baldintzak zorroztu dituzte, eta bezeroek aurre egin beharreko esfortzu ekonomikoa nabarmen handitu da, hipoteken eskarian eraginez

INEk argitaratutako datuek ere hipoteka kostuen igoera berresten dute. Etxebizitzarako maileguen kostua % 2,86ra igo da 2023an. Otsaila bitarteko igoera, hortaz, % 16koa izan da. Deigarriagoa da urtearteko igoera. Hala, azken hamabi hilabeteetan hipoteken kostuak emandako jauzia % 63koa izan da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK