Euro digitala, geroz eta gertuago

Munduko banku zentral gehienak dibisa digital propioa martxan jartzeko lanean ari dira. EBZk 2023rako abiarazi nahi du Euro digitalaren araudia finkatzeko prozesua

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Diruaren etorkizuna digitala izango da. Kasu batzuetan oraina, ere bai. Hala jasotzen du PwC etxeak kaleratu berri duen "2022 PwC CDBC Global Index" txostenak. Mundu osoko banku zentralen % 80k CBDC (central bank digital currency) edo dibisa digitala jaulkitzeko asmoa azaldu dute. Bakar batzuk ere dagoeneko kalean badute. 

Europako Batasunari dagokionez, proiektua hastapenetan dago. 2022ko otsailean Europako Batzordeak adierazi zuen 2023rako euro digitalaren araudia finkatzeko proposamena egin nahi duela. Gauzak ondo, 2025erako egon liteke martxan euro digitala. Frantzia eta Alemaniak, baina, prozesua bizkortu nahi dute.

Euro digitala lortzeko prozesuak 2020an eman zituen lehen urratsak. Fabio Panetta EBZko Batzorde Eragileko kideak euro digitalaren aukera aipatu zuen. Beharrezkoa balitz Europa jaulkitzeko prest egon behar zela esan zuen. EBZren aburuz diru digital propioa izatea Europako ekonomia digitalizatzeko tresna oso baliotsua da. Mundu mailan azkar aldatzen ari dira ordainketarako eta trukerako tresnak eta euroa atzean gelditzeko arriskua ikusten zuen banku zentralak. Espainiako bankuek 2016ko ekainean sortutako BIZUM ordainketa sistema eredutzat hartu izan du, besteak beste.

2020ko urriaren 12an kontsulta publikoa abiatu zuen EBZk Europako hiritar zein eragile ekonomikoen iritziak ezagutzeko. Sei hilabete iraun zuen galdeketak eta 2021eko apirilean  emaitzak ezagutzera eman zituzten. Hiritarrek eta adituek pribatutasuna lehenetsi zuten euro digital berriak izan beharreko ezaugarrien artean. Segurtasuna eta eurogune osoan erabilgarria izatea ere hobetsi zuten.

2021eko urrian euro digitalerako aholku batzordea osatu zuen EBZk. Finantza merkatuetako 30 profesional hautatu zituen euro digitalaren diseinua eta banaketari buruz aholkatzeko. Hiru hilean behin, gutxienez, biltzekoa zen aholu batzordea. 

EBZk euro digitala azkartzeko beste urrats bat eman du: aholkularitza enpresen zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa publikoa abian jarri du.

Aste honetan banku zentralak euro digitala azkartzeko beste urrats bat eman du. Ikerketa fasean aurrera egiten laguntzeko aholkularitza enpresen zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa publikoa abian jarri du. Lizitazio publikoan EBZk 20 milioi euro jarri ditu mahai gainean, diseinua, ustiapen-eredua eta abian jartzeko prozesuetan laguntzeko zerbitzuengatik. 

Eskaintza publiko honek ohikoa baino interes handiagoa piztu du aholkularitza enpresen artean. Lehiaketak etorkizuneko dibisa digital berriaren arkitekturan eta egituran laguntzea du helburu. Esleipena eskuratzeak ospe handia ekar diezaieke hastapenetan dagoen finantza-industria berri honen alorrean. EBZk lehiaketaren esleipenaren berri maiatzaren bukaeran ematea espero da.

Maiatzaren 6an Frank Elderson Banku Zentraleko Batzorde Eragileko kideak Twitterren izandako elkarrizketa ireki batean "euro digital batek jendeak diru motarik seguruena izatea bermatuko lukeela" esan zuen.  Une honetan "jendearen beharrei buruz" gehiago aztertzen ari zirela" eta  "euro-sistema digital berriaren diseinu-ezaugarriak zorrozten ari zirela " ere esan zuen.

Kriptodirua al da? Bai, arautua eta ofiziala

Kriptodiruarekin alderatuta euro digitala dibisa arautua eta ofiziala izango da. Gainerako kriptodibisak bezala blockcahin teknologian oinarritu badaiteke ere, euro digitalak  Europako Banku Zentralaren babesa izango du.

EBZko adituek 2023ko bukaerarako prototipoekin lanean hastea aurreikusten dute. Gauzak ondo 2025ean kalean egon liteke. Ibilbide teknikoa, ordea, ez dator bat lege ibilbidearekin. Araudia Europako Parlamentuan eta Euroguneko estatu guztiekin negoziatu beharko da eta horrek prozesua moteldu lezake.

2022ko otsailean Mairead McGuinness Europako Batzordeko finantza alorreko komisarioak beste kontsulta prozesua martxan jartzeko asmoa iragarri zuen. Azterketak hiritarrek nola erabiliko luketen ezagutzea du helburu. Beste urrats bat, hortaz, dibisa digital berriaren bidean.

Kriptodiruaren loraldia dibisa ofizialentzat mehatxu bilakatzea eragotzi nahi du EBZk. Euro digitala eskudiruaren osagarria izango litzateke, baina ez luke ordezkatuko. Azken urteotan hedatu diren kriptotxanponen alternatiba ere izatea da helburua. Bitcoin bezalako kriptodibisei gardentasun falta leporatu diote maiz banku zentraletako agintariek. Bitartekari ofizialen beharrik ez dute eta horrek diruaren ildoa jarraitzea zailtzen du, legez kanpoko negozioentzat ihesbide aparta bilakatuz.

Txina aitzindari

Europa ez da dibisa digitala sortzeko lanean dagoen munduko gune ekonomiko bakarra. Izan ere, PwC etxearen txostenak Europa dibisa digitalen rakingean 34. postuan kokatu du. Baditu Europak, hortaz, lehiakide andana bere aurretik. Bahametan eta Nigerian dagoeneko bada diru digitalaren eskaintza eta Jamaican laster abiatuko dute.

Munduko ekonomia nagusietan Txina izan zen aitzindari. 2014an hasi zuen Yuan digitalerako ibilbidea. Azken hilabeteetan hainbat hiri nagusi erabili dute esperimentu gisa eta 2022ko neguko Olinpiar Jokoetan ordainbide bezala erabili zuten. Indiak ere aurki Errupia digitalaren bertsioa aurkeztuko duela esan du.

Martxoan Estatu Batuetako agintariek Dolar digitala garatzeari lehentasuna emateko urgentzia azaldu zuten. Biden presidenteak 2022ko apirilean agindua sinatu zuen dibisa digitalaren arriskuak eta onurak aztertzeko. AEBn mundu mailako finantza-sistemaren nagusitasuna galtzeko kezka dago dibisa digital berrien aurrean.

Lasterketa aspaldi hasi zen eta Europak, lehen postuetan ez badago ere, abiadura hartu du. Euro digitala iraultza izan daitekeela diote batzuek. Egin beharreko trantsizioa, ordea, besteek. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK