Europako Banku Zentrala, inflazioa eta hazkundearen arteko bidegurutzean

Christine Lagardek hamargarren tasen igoera erabaki dezake gaur. Euroguneko inflazioaren sakabanatzeak, ordea, zaildu egiten du erabakia

Christine Lagarde EBZko presidentea ekaineko bilera eta gero. Argazkia: EBZ Christine Lagarde EBZko presidentea ekaineko bilera eta gero. Argazkia: EBZ

2020ko uztailean ekin zion Europako Banku Zentralak interes-tasen goranzko bide malkartsuari. Bederatzi igoera eta gero hamargarrena etor daiteke gaur. Erabakiak, aldiz, aurreko aldietan baino zalantza gehiago piztu ditu. Ez dago Gobernu Kontseiluak hartuko duen ebazpena antzemateko zantzu argirik. Tasen gorakadaren su-etena etor liteke gaur, baina ez dago horren inguruko adostasunik.

Uztailean hartu zuen azken erabakia EBZk. Agerraldi horretan Lagardek argi azaldu zuen moneta-politikaren inguruko hurrengo erabakiak unean uneko datuek baldintzatuko zituela. Prezioen portaera eta euroguneko hazkundea dira banku zentralaren ildoak zuzentzen dituzten aldagaiak. Inflazioa % 2tik gertu mantentzea du xede Lagardek zuzentzen duen erakundeak. Aspaldian utzi zuen, ordea, zoru hori, eta aurten zertxobait moteldu bada ere, ez du lan erreza inflazioa menderatzen.

Inflazioaren sakabanaketa

Datuei so dabil, beraz, banku zentrala eta datuek edozein erabakirako balio dute. Alde batetik, inflazioaren beheranzko joerak indarra galdu du. Aste honetan bertan Europako Batzordeak zabaldutako aurreikuspenek % 5,6ean kokatu dute 2023ko inflazioa eurogunerako. Prebisio horrek moneta-politika gogortzearen aldeko EBZko kideak hauspotu ditu. Lagardek berak ere irmo defendatu zuen prezioak menderatu beharra Jackson Holen (AEB) abuztuaren 25ean egindako adierazpenetan. “Inflazioa % 2ra hurbilduko duten tasa behar bezain zorrotzak” ezartzea agindu zuen.

Inflazioa, ordea, ez da antzera moldatzen ari eurogunean, eta horrek EBZren erabakia zaildu lezake. Moneta politika bakarra da euroguneko estatu guztientzako, inflazioaren datua erabat ezberdina izan arren. Eta hori da, hain zuzen, datuek erakusten dutena: inflazioaren sakabanaketa. Hala, Estoniak % 25,16ko inflazioa duen bitartean, Espainiakoa % 2,6koa da, baxuena. Arrakala, hortaz, nabaria da, 22 puntutik gorakoa. Europako estatuen prezioen artean aldeak egon badira ere, ez dira inoiz honelako mailara iritsi.

Europako estatuen prezioen artean aldeak egon badira ere, ez dira inoiz honelako mailara iritsi

Desorekak badu osagai argia: energia. Ukrainako gerrak agerian utzi du ekialdeko zein Baltikoko herrialdeen menpekotasun energetikoa, eta erregaien prezioak nabarmen zigortu ditu. Espainiak eta Portugalek Europarekin adostu zuten salbuespen iberiarrak argindarraren prezioa menderatzea ahalbidetu die bi estatuei, eta horrek isla garbia du inflazioaren datuan. Elikagaien prezioa da eurogune barneko inflazioaren sakabanaketa azaltzen duen bigarren aldagaia, baina energiak baino indar txikiagoarekin. Alemaniaren kasuan, euroguneko ekonomia nagusia, inflazioa % 6,1ean dago.

Hazkundea, kezka iturri

Prezioen kontrola Europako Banku Zentralaren xede nagusia bada ere, eurogunearen hazkunde ekonomikoa ere jomugan dute, eta datuak ez dira onak. Aste honetan emandako aurreikuspenetan Bruselak euroguneko ekonomiaren moteltzea berretsi du: BPGren hazkundea % 0,8ra murriztu du, uda aurreko egindako estimazioetan baino % 0,3 gutxiago. Datorren urterako, aldiz, hauspoa espero du Bruselak, txikia bada ere, eta BPGk % 1,3 gora egitea aurreikusten du.

Prezioen kontrola Europako Banku Zentralaren xede nagusia bada ere, eurogunearen hazkunde ekonomikoa ere jomugan dute, eta datuak ez dira onak

Inflazioaren kasuan bezala, datua modu esanguratsuan aldatzen da estatuz estatu, baina neurri txikiagoan. Estatu nagusiei dagokienez, Espainia % 2,2 haziko da, Frantzia % 1 eta Italia % 0,9. Alemania da portaerarik okerrena izango duena 2023an, bere BPGk % 0,4 atzera eginez. Alemaniako atzeraldiak eragin nabaria izango du euroguneko ekonomian. Horrek, hein handi batean, prebisioaren okertzea azaltzen badu ere, bada Bruselak nabarmendu duen beste aldagai bat: kontsumoaren hondoratzea. Interes-tasa altuek eskaria ahuldu dute, eta horrek ekonomiaren osasuna makurtu du.

Hazkunde ekonomikoaren moteltzeak EBZren erabakian eragiteko zantzuak dira, hortaz, interes-tasak egungo mailan mantenduz.

Merkatuak zuhur

Frankfurteko bilera hurbildu ahala, merkatuak mugitzen hasi dira EBZk hartu lezakeen erabakia aurreratu nahian. Hala, urtebeterako euriborrak gora egin zuen atzo, % 4,112ra igota. Goranzko bidea hartu du hipoteka maileguen kalkulurako erreferentziazko adierazleak irailean. Abuztuko batezbestekoa % 4,076ean itxi eta gero, aurreko hilabeteetako igoeren ostean pixka bat jaitsita, irailean berriro ere gora ekin dio.

Ganbio-tasari dagokionez, euroak uztaila bitartean gora egin ostean, irabazitako guztia galdu zuen abuztuan, eta joera horri eutsi dio irailean. EBZk tasen igoeretan etena egiteko aurreikuspenak eta, bestalde, lehengaien igoerak, euroa ahuldu egin du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK