IVF Finantzen Euskal Institutuaren legea Legebiltzarrean da dagoeneko. Jaurlaritzak legea onartu eta ia hogei egunera hasiko da izapidetze prozesua, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaurko komisioan aurkeztu eta gero.
Bide horretatik, institutuaren erregulazioa "euskal errealitate ekonomiko eta araudi berriari" egokitu nahi dute, "merkatu finantzarioaren sofistikazioak espezializazio handiagoa eskatzen baitu". Zentzu horretan, egindakoari jarraikortasuna eman nahi dio, baina testuingurura egokituta. Finantzen Euskal Institutua "ez da banku publiko bat, ezta euskal banku publikoko proiektuaren berrikuspen eguneratua, edo kreditu pribatuaren merkatuan modu zabalean lehiatzen den erakundea ere", azpiarratu du Azpiazuk.
IVFk helburu bikoitza du: enpresei kreditu eta abalak ematea, eta enpresen jabetzan eta akzioetan parte hartzea, Finkatuz programaren bitartez, errotzea bermatzeko. Hala ere, lege proiektu berriak beste hainbat puntu gehitzen ditu: berme eskaintza ez dadin soilik EAEko mugen barruan eman, baizik eta kanpo ere, euskal enpresak laguntzeko; edo EAEko finantza sektorea indartzea.
Lege proiektuak hamar artikulu ditu, baita agindu gehigarri bat, agindu indargabetzaile bat, eta bi amaierako agindu ere, helburu horiek erregulatu asmoz. Bertan erregulatzen dira institutuaren egoitza edo erregimen juridikoa, funtzioak funtzionamenduak eta ekiteko printzipioak, gobernu-organoari eta egiturari loturiko askotariko alderdiak, erakundearen baliabide ekonomiko zein pertsonalak eta haren erregimen ekonomikoa.